Eskuko kailua irekita, itxaropen iturri behar zuen Lau eta Erdikoa amets gaizto bilakatu zen Iker Salaberriarentzat. Urrutikoetxearen aurkako lehan galbahea pasata, Joseba Ezkurdiaren aurka estreinatu zen final laurdenetako ligaxkan eta Lekunberrin hasi zen bere gurutzbidea, Jaka eta Peio Etxeberriaren aurkako partidei uko egin beharrean ikusi baitzuen bere burua. Negua bereziki gogorra izanda goizuetarrarentzat, baina uda iristearekin bat irribarrea berreskuratu du eta, larunbatean Dariorekin egin bezala, gaur Aitor Elordi kanporatu du Hernanin (22-12) eta Jokin Altunaren aurka jokatuko du ostegunean Zumarragan. Iazko denboraldi zorgarriaren ostean, Mallabitarra da orain pilotaren alde iluna bizitzea egokitzen ari zaion pilotaria, aspaldi dabil eta emaitza onik bildu ezinik. Bera da orain eskuina erabat osatu ezinik dabilena eta gaur ezinean aritu da.
Sanferminetako lau eta erdiko honetan maiz gertatu den bezala, atzetik hasi arren, hainbestean eutsi dio partidari lehen erdian (9-10), baina bigarren txanpan goitik behera nagusitu zaio goizuetarra. Nafarrak partida serioa jokatu du oso, errematean asko asmatu eta partida osoan apenas bi akats baino egin gabe.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi: 12
Salaberria: 22
Pilotakadak: 247. Iraupena: 56 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-7, 5-7, 5-10, 9-10, 9-13, 11-13, 11-21, 12-21 eta 12-22. Sakeak: 1 Elordik eta 3 Salaberriak. Egindakoak: 9 Elordik eta 13 Salaberriak. Galdutakoak: 6 Elordik eta 2 Salaberriak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro polita Hernaniko pilotalekuan.
Artolak agur esan dio txapelketari
Zorigaiztoa ez da egun berezien aurretik Iñaki Artola bisitatzearen ohituraz ahaztu eta alegiarrak ezin izango du ostiral honetan herritarren aurrean Jon Ander Peñaren aurkako Sanferminetako Lau eta Erdiko partida jokatu. Txintxarriak ezker hankako soleoan min hartu zuen pasa den ostiralean Zubizarretaren aurka Arrasaten jokatutako partidan eta lehia amaitzea eta garaipena eskuratzea lortu bazuen ere, ez da aste honetan jokatzeko moduan izango. Aurrelari gipuzkoarra hasia da fisioterapia tratamendua hartzen eta Baikok ez du argitu noiz izango den berriz ere kantxaratzeko moduan.
Gauzak horrela, Bilboko enpresak bertan behera utzi du ostiralean Alegian jokatzekoa zen jaialdia eta Jon Ander Peñak zuzenean egingo du aurrera igandean Elgetan jokatuko den Baikoko adarraren finalerako sailkatuz. Tolosarraren arerioa ostiralean Sestaon Jakak eta Unai Lasok jokatu behar duten partidako garailea izango da.
Baikotik jakitera eman dutenez, ostiraleko Alegiako jaialdirako sarrera internetez erosia zutenei zuzenean itzuliko zaie dirua.
Iztuetak kontratua berritu du Baikorekin
Bestalde, 2022ko azaroan debuta egin zuen Martxel Iztueta atzelari tolosarrak beste hiru urtez luzatu du Baikorekin zuen harremana eta 2027ko amaierara arte egongo da, gutxienez, Bilboko enpresan. Pilotari gazteak enpresako web orrialdean azaldu duenez, «oso pozik nago Baikorekin beste hiru urtez sinatzeagatik, eta eskertuta eman didaten konfiantzagatik». Eta «lanean jarraituko» duela azpimarratu du, «hobetzen jarraitzeko eta garaipen gehiago lortzeko».
Aurten B-serieko Binakako txapela eskuratu du Asier Agirrerekin batera eta garaipen honek, azken hilabeteetan izandako garapenarekin batera, aurtengo Udako Masterseko ateak zabaldu dizkio. Gorengo mailako txapelketa batean debuta, gainera, Jokin Altunaren aldamenean egingo du Iztuetak. Aurretik, tolosarrak larunbat honetan bertan estreinatuko du bere kontratu berritzea. Erratzun jokatuko du Urrutikoetxearekin batera Agirre eta Imazen aurka arratsaldeko 17:00etan hasiko den pilota jaialdian