NAIZ

Oier Iurramendik hartu du Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen koordinazioaren ardura

Oier Iurramendi Etxeberria izango da aurrerantzean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea. Horrela jakinarazi du elkarteak astearte honetan.

Oier Iurramendi Etxeberria.
Oier Iurramendi Etxeberria. (EUSKAL HERRIKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Berregituraketa urtea du aurten Bertsozale Elkarteak. «Martxoan lehendakaritza taldea berritzearekin bat, koordinatzaile lanpostua sortzeko erabakia hartu zuten bazkideek Batzar Nagusian. Lanpostu horretara heldu berri da Oier Iurramendi Etxeberria (Donostia, 1990), baina ez da berria elkartean. Hernaniko bertso-eskolako kide, sustapena izan da bere lan arloa eta horrela eman zuen bere lehen pausoa Bertsozale Elkartean ere: 2019tik Bertsozale Elkarteko sustapen eragile lanetan aritu da», adierazi du.

«Ilusioz, esker onez eta arduraz» hartu du kargua Iurramendik. «2019an iritsi nintzen elkartera, sustapen eragiletzan aritzeko. Baina duela bi urtetik hona, koordinazioa taldean hartzea erabaki genuenetik, koordinazio eta sustapen ardurak uztartu ditut. Lanpostu hau, beraz, ez da guztiz berria niretzat. Elkartea askoz zabalagoa da, ordea. Bolumen izugarria duen proiektua da eta bizi propioa duena. Ardura, indar eta konpromiso handiarekin heltzen diot talde izaera duen funtzio berri honi», kontatu du.

Bost urteotan, txapelketaz gain, plazaren behaketan eta analisian zentratu ditu indarrak Iurramendik. Baita pandemia osteko plazaren biziberritzean ere. Aurrera begirako zereginei, buruz, hau dio: «Elkartea berez dinamika propioa duen proiektua da, eta horri erantzuteko antolaketa propioa du. Hezurdura horrek funtzionatu dezan lan egitea izango da nire funtzioa. Gurea elkarte handia da: jende, helburu, ideologia, errealitate, bizipen… asko daude, eta konfiantza eta enpatia handiz jokatzea gako dira nire ustez. Batez ere pieza guztien enpaste eta engranaje lana bezala definituko nuke. Elkarteko proiektuaren eta funtzionamenduaren orekan begia jartzea. Kanpo harremanena ere bada postu honi lotuta doan funtzio bat. Koordinatzailerik gabe egon garen bi urte hauetan nabaritu dugu erreferentziazko pertsonaren falta gai konkretu batzuetan».

Elkartek ondo egonkortutako dinamika duenaren seinale da Iurramendiren esanetan «lanpostua hutsik egon dela azken bi urteetan, eta elkarteak funtzionatu duela».

Aurreko eredura bueltan

Aurretik, pertsona bakar batek betetzen zuen funtzio hori, ondoren bik, eta taldean erantzuteko erabakia hartu zen gero. «Taldeak berak ordezkatu du ordura arte koordinatzaileak egindako lana. Talde horretan aritu garenok gure saileko lanak utzi gabe, koordinazioari dagozkion lanak ere egin ditugu. Baina, egiturak funtzionatu badu ere, azken bi urteotan, funtzio konkretu batzuetan, nabaritu dugu hutsunea: guk gure lana egin dugu, izan dugu dedikazioa elkarteko koordinazio funtzioei erantzuteko, baina nabaritzen genuen premia epe ertain eta luzeko erronkei begira egongo zena pertsona batena», gaineratu du.

Erronken artean «gizartea mugitzen den abiadurara egokitzea» nabarmendu du. Honekin batera, «proiektu kulturalaren eta behar estrukturalaren arteko oreka bilatzea». Era berean, «bertso munduan dauden ahots ezberdin guztiak entzutea» ere zereginen artean aipatu du.