Bilbobuseko langileen greba mugabea amaitu da, langileen gehiengoak enpresarekin adostutako aurreakordioa onartu duelako. Plantilla osatzen duten 650 langileetatik 527k eman dute iritzia asteazken honetan; hitzarmenaren aldeko 332 boz jaso dira, 186 langilek ezezkoa bozkatu dute, hiru boto zuri izan dira eta sei baliogabeak. UGT, CCOO eta USO sindikatuek sinatu zuten aurreakordioa pasa den asteartean, ELA, LAB eta ESK, aldiz, akordioaren aurka agertu ziren.
Apirilaren 9az geroztik greban zeuden Bilbobuseko langileak. Biobide konpainiak eta enpresa batzordeak aurreakordio bat lortu zuten joan den astearteko negoziazio mahaian, eta Bilbobuseko langileek asanbladetan bozkatu behar zuten.
ELA eta LAB sindikatuek, grebarekin jarraitzearen aldekoak, aurreakordioaren edukia errefusatu dute, langileen erosteko ahalmena ez dela bermatzen uste dutelako. ELAren iritziz, hitzartutakoa «atzerapausoa da langileen eskubideetan eta zerbitzu publikoa okertzen du», eta «ez dio heltzen Bilbobuseko plantillak pairatzen duen kontratazio prekarioaren konponbideari». LABek, aldiz, uste du edukiak «ia ez direla aldatu aurreko aurreakordioarekin», eta langileek atzera bota zutela gogoratu du.
Erabakitakoaren arabera, soldata igoera funtzio publikoan aplikatzen den igoerari dagokio. 2022rako eta 2023rako, funtzio publikoaren soldata igoeraren baliokidea gehi %4koa hitzartu da, hurrenez hurren.
Beste neurri batzuen artean, gehiengo sindikalak eta enpresak jakianarazi dute «hobekuntzak adostu» dituztela «egoera prekarioagoan dauden langileen artean». %62ko lanaldi partzialeko langileak lanaldi osora igarotzen dira, eta behin-behineko langileen zati bat «%62ko hutsunea» betetzera pasatzen da, adierazi dutenez.
ELA eta LAB, aurreakordioarekin desados
ELAk ohar baten bidez jakinarazi du akordioa «atzerapausoa» dela langileen eskubideetan eta zerbitzu publikoa «okertzen» duela. Bilboko Udalak zerbitzu publiko bat pribatizatzen duela gaineratu du: «Langileek erosteko ahalmena bermatzeko eta kontratazioaren prekarietatearen amaitzeko borrokatzen duenean, bai Udalak bai Eusko Jaurlaritzak eskura dituzten tresna guztiekin defendatzen dituzte enpresa baten interesak».
UGT-CCOO-USOk akordioa sinatuta «langileen eskubidean abandonatu» dituztela kritikatu du. Eros ahalmena ez bermatzeaz gain, «kolektibo ahulenen prekarietatea betikotzen» duela salatu du sindikatuak, lanaldi partzialarena eta behin-behinekoarena adibitzat jarriz: «Ez ditu konpontzen egungo hitzarmena aplikatzearen ondoriozko murrizketak».
LABen iritziz ere onartutako aurreakordioak ez du bermatzen azken urteetan langileek galdutako eros ahalmena berreskuratuko dutenik, «gainera, enpresak ez du azaltzen zeintzuk diren KPIa ez bermatzeko argudioak». Bestalde, ados da ELArekin lanaldi partzialean kontratatutako langileen arazoari aurreakordioak ez diola erantzuten esandakoan, «desagertu egin beharko litzatekeela uste dugu, langileentzako prekarietatea besterik ez dakarrelako».
LABek ohartarazi du UGTk, CCOOk eta USOk osatutako gehiengo sindikalak aukera emango duela aurreakordio honen bidez «enpresak hitzarmena urratzen jarraitzeko, gaur egun hainbat gaitan egiten duen bezala, ez baitu bermerik jasotzen».
Baztertutako aurreakordio baten aurrekaria
Gogoratu behar da Bilbobuseko langileek atzera bota zutela joan den hilean ELA, LAB eta ESK sindikatuen babesik ez zuen beste aurreakordio bat.
Langileen batzarraren ondoren, maiatzaren 17an, ordura arte enpresa batzordeko presidente izan zen Jose Fernandezek (UGT) kargua utzi zuen, eta Angel Jauregik (ELA) ordezkatu zuen.
Bilbobuseko enpresa batzordea UGTko bost ordezkarik, CCOOko hiruk, ELAko hiruk, USOko bik, LABeko bik eta ESK-ko bik osatzen dute.