NAIZ

‘Noeren ontzia’ plazaratu du Euskaltzaindiak, «memoria literario komuna osatzeko ahalegina»

Euskaltzaindiak atari digital berria jarri du euskal gizartearen esku: ‘Noeren ontzia’. Azaldu duenez, «memoria literario komuna osatzeko ahalegina» da, izan ere, garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak.

‘Noeren ontzia’ atari digitala.
‘Noeren ontzia’ atari digitala. (EUSKALTZAINDIA)

‘Noeren ontzia’. Hala deitzen da Euskaltzaindiak memoria literario komuna osatzeko martxan jarri duen atari digitala. Azaldu duenez, garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak. Irakurleak gaurko hizkuntza-grafiaz eta -morfologiaz aurkeztuta aurkituko ditu testuok, baina jatorrizkora jotzeko aukera ere izango du, nahi izanez gero.

«Testuok online eskuragarri egongo dira, filologo talde batek editatuta, argazkiez edo bestelako irudiez jantzirik, testuen jasera ezarritako bertsio musikaletara edo filmetara eramango duten estekaz hornituta, eta, noski, etiketatuta, erabiltzailea eurotara erraz irits dadin», adierazi du Euskaltzaindiak ohar batean.

Azaldu duenez, «DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta diseinatu da batez ere, baina baliagarria izan nahiko luke unibertsitateko ikasleentzat eta euskaltegi zein hizkuntza eskolentzat, eta baita ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat ere, edota Irakurketa Plana hornitu nahi duten ikastetxeentzat. Esaterako, eman dezagun Historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi duela, gelan irakurtzeko: bilatzailean ‘Bigarren Mundu Gerra’ idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak aurkituko ditu».

Beraz, idazki mota asko, genero guztietakoak, jasoko ditu ‘Noeren ontzia’-k, eta ez literarioak bakarrik: elkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando, panfleto edo mitin zatiak edota prentsa artikuluak, Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarien lekuko izan zen Juan Jose Zearretak aste hartan bertan Anaitasunan argitaratutakoa, esaterako. Hala bada, sei ataletan banatuta daude testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.

«Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian», esan du Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, «gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura ondarea, eta kultura ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza komunitatearen eskura».

Hortaz, ‘Noeren ontzia’-ren helburuak argi daude: «Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, sakonagoko zerbait adierazten duelako».

Ikasleen mesedetara

Baina badu Noeren ontziak beste helburu bat ere, irakurmenarekin estuki lotua dagoena. «Denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, ‘askotariko testuak’ nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: ‘askotariko testu’ horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, ‘Noeren ontzia’-n jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak», argitu du Garikanok.

Testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektu berrian. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. «Bai, bestelako erremintak ere izango dira. Behin entzun nion ikasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, ‘Noeren ontzi’-ko testu asko multimodalak izango dira». azpimarratu du euskaltzain osoak.