‘Pitxer hautsia’-ren heriotza eta euskal lurraldeen artikulaziorako paradigma berriak
‘Pitxer hautsia’-ren metaforatik abiatuta, euskal lurraldearen arteko artikulazioaren inguruan eztabaidatu dute Floren Aoizek, Clara Rougetek eta Elena Casirainek, UEUk, Udalbiltzak eta Iratzar Fundazioak Iruñeko Katakraken elkarlanean antolatu duten ikastaroan.
Baliabide metaforikoak eman zizkion Telesforo Monzonek Euskal Herriari, adibide sinple eta zorrotzak. Horietako bat izan zen ‘Pitxer hautsia’, Floren Aoizek Nafarroako trantsizio ‘eredugarriaren’ atzean zegoena kontatzen zuen liburuan titulatzeko hartu zuena. Metafora horretatik abiatuta, euskal lurraldeen arteko artikulazioen inguruan gogoeta kolektiboa egin dute Clara Rougetek, Elena Casirainek eta Aoizek berak, astazken honetan Katakraken UEUk, Udalbiltzak eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako ‘Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide’ ikastaroan.
1980.an ‘Egin’ egunkarian idatzi zuen metafora Monzonek, frankismoaren kontra Hego Euskal Herriko lau herrialdeek bat egin eta demokrazia, ezkerraren balioak edota lurraldeen arteko artikulazioa egikaritzeko espektatibaren porrota islatzeko. Euskal lurraldetasunari dagokionez hautsitako pitxerraren irudi bisual horrek, batez ere Nafarroa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko banaketa islatzen zuenak, jada ez du balio, Aoizen ustez, bi arazori aurre egin behar diolako: Euskal Herri osoa ez du barnebiltzen eta belaunaldi bateko herritarrentzat balio du soilik.
Metafora hori, beraz, lotuta dago testuinguru zehatz eta bizipen batekin. Haustura egin ez izanak itzalak proiektatzen ditu, bai, baina «momentu historiko baten gogoeta egungo momentura lekualdatzea» akats politikoa izan daiteke Aoizen arabera. Beraz, iraganari sorbalda eman gabe, «paradigma berriak» aldarrikatu ditu, desorosoak diren egietatik abiatuz. Nagusia, Euskal Herria ez dela Eskozia. «Eskozia diskutitzen ez den lurralde bat da, eragile ezberdinek pentsa dezakete nazioa dela edo ez, baina mapa hori ez dago zalantzan. Euskal Herriaren inguruan ez dago adostasunik, badago eztabaida politiko bat Euskal Herria non hasi eta non bukatzen denaren inguruan», nabarmendu du.
Mugen afera, hortaz, historian kokatu behar da, «kontatu nola sortu ziren» eta munduaren bilakaera naturalaren ondorio ez direla aldarrikatu. Kontatu ez ezik, Aoizek azpimarratu du mugak «desesentzializatu» behar direla. «Euskal Herri batu eta idilikoa ginen eta kanpotar etsaiek mugak inposatu zizkiguten ideiari aurre egin behar diogu, bestela ez dugu ulertuko zer garen».
Aoiz ez da animatu metafora berriak mahaigaineratzera, baina ‘Elkarrekin hobe’ leloa aldarrikatu du. «Artikulaziorako gakoa ezin da izan ‘izan ginelako, izango gara’», nabarmendu du. Paradigma berriak behar dira, demandaren legitimitatearen arrazoi eta kausei begiratzeari utziko diotenak eta prozeduraren egokitasunari gehiago begiratuko diotenak. Horretarako, «‘elkarrekin hobe’ hori edukiz bete behar dugu, eta denak balio du horretarako: izan daiteke ekonomia, trantsizio ekologikoa martxan jartzeko herrialdea edota errepublika feminista garatzeko lurraldea».
Azterketa antropologikoa
Antropologian doktoregaia da Elena Casirain EHU eta Okzitaniako Tolosako Jean Jaurès unibertsitatetan. Muga politiko baten presentziak Hego eta Ipar Euskal Herrian duen eragina ari da aztertzen, eta hori osatzeko inguruko bizilagunekin egindako elkarrizketak izan ditu oinarrian.
Bere ustez, kontrabandoaren garaian, adibidez, Bidasoko mugak sortzen zuen sare moduko bat. Kontrol sistematikoa desagertuta, indartu beharko litzateke «iparralde» eta «hegoalde» deitzen ditugun lurraldeen arteko sarea. Baina ez al da kontrakoa gertatzen ari?
Izan ere, Casirain-en arabera, Bidasoa ibaiko muga politikoaren presentziak piztu ahal izan ditu beste hainbat motatako mugak herritarren artean. «Euskaldun bezala guk nola egiten ditugu mugak? Bestelako mugak sortzen ditugu ikuspegi linguistikotik edo harremanetatik? Zer puntutaraino muga politiko horrek kointziditzen du beste muga hauekin?», adierazi du.
Muga kontzeptuaren inguruko galderekin ikerketa proiektu bat martxan jarri du, bi aldeetako biztanleen artean gaurko joerak zein diren argitzeko, muga sozialak eta sinbolikoak nola sortzen dituzten ulertzeko eta eztabaida sortzeko.
«Mugak estatu nazioei lotzen ditugu, aldatu ezin badira bezala, baina hori ez da beti hala izan», nabarmendu du. Horrela, «lurralde erreferentzia amankomunak» behar direla nabarmendu du.
Udalbiltza
Askotariko krisiak bizi ditugun momentuan, Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak igandean hasiko diren frantziar hauteskundeak aipatu ditu. Izan ere, hautetsontzietatik aterako denarekin «muga itxiagoak edo muga zorrotzak izan ditzakegu», bereziki Le Penen alderdiak lortuko dituen emaitzak ikusita.
Eskuin muturraren gorakadaren inguruan, «Ipar eta Hego Euskal Herrian bi estatuen dinamiketatik at gineneko sentimendua geneukan, oasi batean bizi ginela uste genuen, baina ez da horrela», adierazi du. Hala, krisi berrientzat erantzun berriak behar direla azaldu du, «konpartitzen diren arazo barneratuen aurka muga horiek gainditu eta gure lurraldea egiten joatea», hain zuzen.
Horretarako, baina, hainbat oztopo daudela adierazi du. «Hiru eremu administratiboetan zatituta gaudela da lehena. Udalbiltza bada mugaz gaindiko instituzio bat, tresnak ditugu lan egiteko, instituzioen arteko elkarlana gero eta gehiago indartu da, baina batzutan ez du gure lurraldetasuna barnebiltzen», azpimarratu du.
Lizarra-Garaziko testuinguruan sortu zen Udalbiltza, eraikuntza nazionalaren helburu hartuta, baina, Rouget-en arabera, eremu sinbolikoetan sartu zena. «Orain ikusi dugu tokian tokiko erantzunak eman behar direla, burujabetza materialetatik aurrerapausoak eman behar direla», gehitu du. Hala, tokiko problematikei erantzuteko udalez udal lan handia egiten ari direla azpimarratu du Rouget-ek, Euskal herri mailako saretzeak martxan jarriz.