NAIZ

Bilbao Basketek Ruben Dominguez hegaleko gaztea fitxatu du datozen bi denboraldietarako

21 urte eta 1.97 metroko hegalekoa Tau Castello taldetik helduko da, Urrezko LEB mailan denboraldi ona egin ondoren, 11.3 puntu eta 2.3 erreboteko batez bestekoekin

Ruben Dominguezek Surne Bilbao Basketen jokatuko du.
Ruben Dominguezek Surne Bilbao Basketen jokatuko du. (SURNE BILBAO BASKET)

Surne Bilbao Basket eta Ruben Dominguez akordio batera iritsi dira jokalari andaluziarrak talde bilbotarrean joka dezan datozen bi denboraldietan. 21 urte eta 1.97 metroko hegalekoa Tau Castello taldetik helduko da, Urrezko LEB mailan denboraldi ona egin ondoren, 11.3 puntu eta 2.3 erreboteko batez bestekoekin, Bilboko taldeak sarean jakinarazi duenez.

Dominguezek Espainiako selekzioaren beheko maila guztietan jokatu du, eta urrezko domina eta MVP izendapena lortu zituen 2019an 16 urtez azpiko Europako Txapelketan. Bi urte geroago, 2021ean, partidako 18.7 puntu egin zituen batez beste Lituanian jokatutako 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan, eta urrezko domina errepikatu zuen 2022an 20 urtez azpiko Europako Txapeletan.

Malagako Unicajako behe mailako kategoria guztietatik igaro ondoren, jokalariak Movistar Estudiantesen jarraitu zuen kirol ibilbidea, eta 2020-2021 denboraldian sei partida jokatu zituen ACB Ligan, 17 urte bakarrik zituela. Hurrengo bi denboraldiak Urrezko LEB mailan egin zituen Madrildo taldearekin.

Surne Bilbao Basketeko kirol zuzendaritzak nabarmendu du Ruben Dominguez «etorkizun handiko» jokalaria dela eta azken denboraldian «minutu asko» jokatu dituela, «bere kalitatea eta talentua erakusteko aprobetxatuz». «Hiruko jaurtitzaile ona da eta bat baten kontra eta 'pick and roll' egoerak jokatzeko gaitasuna dauka», gaineratu du klubak.