EZKURDIA 22
ETXEBERRIA 8
Jokoan ez dago lagunik. Nahiz eta kantxatik kanpo Joseba Ezkurdia eta Pello Etxeberria lagun minak diren, Zumarragako Beloki pilotalekuan ez da errukirik izan, San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko Asperen Adarreko aurreneko final-erdian. Larunbatean Sopelan Asperen adarreko finalean Joseba Ezkurdia izango da, beste erakustaldi bat eman eta gero.
«Pellok ez du bererik eman eta partida hautsi egin da. Nire aldera erori denez, pozik», onartu du Joseba Ezkurdiak. Pello Etxeberriak sakez lau falta egin eta gero, askoz errazago eraman du partida Arbizuko aurrelariak. Piloteoan ez da halako harrokeriarik izan, baina errematerako sasoian zenoztarrak ez du asmatu, eta sakearekin izan duen kalamidadeak errematea jarri dio.
Errukia ez, opari galanta baino egin dio Etxeberriak Ezkurdiari, luzeegi egin baitu partidako lehenengo sakea. Bigarren tantoa ondotxo gogorragoa izan da, eta eskuin boleaz egindako bi paretari esker amaitu du Arbizukoak. Izan ere, akordatzerako 4-0 hartu du aurrea Ezkurdiak, piloteoan menderatzaile eta mugikortasunean bizi, Etxeberriak ahaleginak kontraerasoari begira mugatu dira hasiera horretan. Eta partidako aurreneko sakea luzeegi atera badu zenoztarrak, bigarrena laburregi atera du. Alabaina, hurrengo tantoan bere aurreneko tantoa amaitu ahal izan du, Zumarragara denbora-pasa ez dela etorri erakutsi nahian.
Baina Ezkurdia ere ez da berriketarako egon. Jokaldiak egiteko orduan ausart eta inspiraturik, ez du askorik behar izan sakea berriz ere berreskuratu eta aldea zabaltzeko. Etxeberriak atsedenaldia eskatu duenerako, 9-2 aurreratu da Arbizukoa, eskuin boleaz tanto bikaina txokoan amaitu eta gero. Piloteoan gero eta berdinago aritzea lortu du Etxeberriak, baina errematean ez da kolorerik izan, Ezkurdia askoz finago moldatu baita bere laguna baino. Hala, 12-4 iritsi dira aurreneko atsedenaldi luzera.
Hazita jokatu du Joseba Ezkurdiak. Ezkerrarekin aspaldiko tantorik politenak marraztu ditu, eskuinez abiadura ematen jarraitu duen bitartean. Aldiz, Pello Etxeberriak sabelean nolabaiteko «korapiloa» aipatu du, bere jokoa egin ezinda laga duen korapiloa. Aspeko sendagilearengana ere pare bat ostera egin ditu, baina itxura baten jokatzen jarraitzeko arazorik gabe.
Izan ere, nahikoa arazo eman dizkio Ezkurdian zenoztarrari. Tarteka pilotakada onak eman eta tanto onak jokatuagatik, ez du bererik eman. Bigarren atsedenaldira 18-7 iritsi da Ezkurdia eta ia 22raino joan da Arbizukoa. Kale egin du azken tantoa eginda zuenean, baina Etxeberriaren partida okerra ezin zen bestela amaitu, eta sakez egin duen laugarren faltak erabaki du partida.
Fitxa Teknikoa:
Iraupena: 46.16 minutu. Pilotakadak: 233. Sakez: 2 Ezkurdiak eta 1 Etxeberriak eta 4 falta. Tantoak: 9 Ezkurdiak eta 5 Etxeberriak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak eta 7 Etxeberriak. Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 6-2, 9-2, 9-3, 11-3, 11-4, 13-4, 13-5, 13-6, 15-6, 15-7, 21-7, 21-8, 22-8. Gorabeherak: San Fermin Lau eta Erdiko Asperen adarreko final-erdia, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin. 16-7ko tantoa errepikatu behar izan dute nahi gabe Etxeberriak enbarazu egin diolako Ezkurdiari.
ALTUNA 22
SALABERRIA 20
Ez du eskapada txikia egin Jokin Altunak! «Ondorioak ez dira emaitzagatik hartu behar. Pozik irabazi dudalako, baina partidako sentsazioak oso txarrak izan dira», onartu du Amezketakoak. Erdi brometan, Asperen adarreko finala Ezkurdiaren aurkako «klasikoa» izango dela ere bota du txapeldunak, kritiko baina lasai, estualdia atzean laga ondoren.
Iker Salaberriari akaso luzetxo egin zaio neurketa, astebetean Dario Gomez eta Aitor Elordiri irabazi eta gero, baina Goizuetakoak 15-19 aurretik ikusi du bere burua eta, duela hiru urte Altunaren aurka 22-19 galdu eta gero San Fermin Torneoan, orain ere atarian geratu da nafarra. «Egun pare bat barru baloratuko dut egindako lana, baina orain sekulako amorrua sentitzen dut», onartu du Salaberriak.
Ez zirudien halakorik partida zer-nola hasi den ikusi eta gero. Aurreneko tantoa piloteatua eta polita jokatu dute aurrelari bizi biek, baina behin sakea bere eginda, aurreneko pilotakadarekin aldea berehala hartu du Amezketako txapeldunak. Akordatzerako, 6-1 egin du aurrera Altunak, tantoen erdia sakez egin eta gero. Salaberriak borondatea eta bizitasuna erakutsi du, baina era berean, Altunari sekulako errespetua ere bai, askotxo agian, erasorako aukerarik izan duen apurretan ez baitu batere asmatu. Ez behintzat 7-4koa ezker gantxoz zabalean amaitu duen arte.
Hasierako urduritasuna atzean uzten hasi da orduan Goizuetako aurrelari bizia. Beti ere Altuna aurretik dela, baina aurrelari nafarra inguratzen hasi zaio, beste munduko jokorik egin beharrik gabe, inguratu ere. Hala, Altunak luzeegi ateratako sake baten ondotik, eskuin boleaz 8na berdintzea lortu du Salaberriak. Are gehiago, Altunari ezker horman bazterturiko pilota txapapera joan eta gero, Goizuetakoak aurreneko aldiz bizkarra erakutsi dio aurrelari gipuzkoarrari. Gorka Altuna lehengusuak ez du gehiago itxaron nahi izan eta hutsartea eskatu du markagailua 8-9 dela.
Sake-errematearen errekurtsoa hasi da bilatzen Jokin Altuna, 9nako tantoan Salaberriak kale egin eta gero. Gutxi behar izan du Amezketakoak markagailuan berriz ere aurretik jartzeko, baina dejadaz kale egin du txapeldunak eta sakea berreskuratu ostean, 11-12 aurretik iritsi da aurretik Iker Salaberria aurreneko atsedenaldi luzera.
Sakea luzeegi atera du goizuetarrak atsedenaltik bueltan. Bestela ere ez du asko behar Altunak tantoak eta partidak bere alde jartzeko, eta aurreneko aukeran barkatzeko ez dagoela erakutsi du, ezkerrez zabalera bota eta aurkaria kontra-pausoan harrapatu ostean. Alabaina, 13na berdindu du Salaberriak, zabaletik txokora kontraerasoan harrapatu eta gero.
Partidari gero eta arrisku handiagoa hasi zaio nabaritzen. Are gehiago Salaberria 13-16 aurreratu delarik, sake-erremateari esker. Eskuin boleaz txokoan zein zabalean sekulako buruko minak eman dizkio Jokin Altunari, zeinak partida gero eta lainotuago ikusi duen, bere bekozkoari so eginez gero bederen. Hasiera baten nafarrak errematean asmatu ezinik lanak izan baditu, partidak aurrera egin ahala gero eta zulo handiagoak hasi da ikusten, eta azken atsedenaldi luzera 14-18 iristea lortu ostean. Eta Salaberriaren kontzentrazioaren aurrean, Altunaren deserosotasuna oso nabarmen geratu da.
Duela hiru urte 19 tanto egin zizkion Iker Salaberriak Altunari. Aurten ere beste hainbeste egin dizkio, baina ikusi egin behar, Elordiri irabazi eta egun gutxira, Amezketako txapeldunari irabazteko gai zen ala ez, eta behin 15-19 aurreratu ostean, hurrengo bi tantoetan kale egin du, eta ezker-eskuin nafarra dantzan erabili eta gero, txokoan luze jota 18-19koa lortu du ere Altunak berak.
Markagailuan berdintzea erdietsi du gipuzkoarrak, ezkerrez txokoan dejada egin ostean. Hurrengo tantoan bikain moldatu da defentsan goizuetarra, baina erasora jotzeko aukera ikusi duenean, bi hormako jokaldia txapapera joan zaio. Txokotik txokora jokatzen tematu da Altuna eta zuloa aurkitu ere aurkitu du, eta hala, Salaberriak ezker sotamanoz goregi jo eta gero, 21-19raino joan da gipuzkoarra. «Eskapada galanta», pentsa zezakeen Altunaren zaleren batek, baina Salaberriak halakoren baten hogeigarren tantoa ere sartu dio, zabalean txapelduna behartu eta gero. Hurrengo tantoa ere Salaberriak menpean izan du, baina eskuin sotamanoa txapara joan zaio. Hiru urte geroago, berriz ere majo estutu du goizuetarrak, baina ezin oraingoan ere.
Fitxa Teknikoa:
Iraupena: 57.46 minutu. Pilotakadak: 229. Sakez: 3 eta falta 1 Altunak eta 4 eta falta 1 Salaberriak. Tantoak: 9 Altunak eta 9 Salaberriak. Galdutakoak: 6 Altunak eta 9 Salaberriak. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 4-1, 6-1, 6-2, 6-3, 7-3, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6, 8-9, 9-9, 11-9, 11-10, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 13-17, 14-17, 14-18, 15-18, 15-19, 16-19, 21-19, 21-20, 22-20. Gorabeherak: San Fermin Lau eta Erdiko Asperen adarreko bigarren final-erdia, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.