Haritz Larrañaga

Caitlin Simmers eta Italo Ferreira nagusi Brasilen CT itzuliko zortzigarren txapelketan

Cailin Simmers estatubatuarra eta Italo Ferreira brasildarra nagusitu ziren Brasilgo Saquarema hondartzan egin zen CT itzuliko zortzigarren lehiaketan. Simmers gazteak nesken rankingeko buru jarraitzen du, baita John John Florencek ere mutilenean.  

Brasilgo finalistak; Italo Ferreira, Caitlin Simmers, Sawyer Lindblad eta Yago Dora.
Brasilgo finalistak; Italo Ferreira, Caitlin Simmers, Sawyer Lindblad eta Yago Dora. (WORLDSURFLEAGUE.COM )

Ekainaren 28an amaitu zen Brasilgo Saquarema hondartzan CT itzuliko zortzigarren txapelketa. Bi metroko olatu zailak izan ziren lehiaketak iraun zuen artean, baina horri esker txapelketa ikusgarria zen, lehiakideek beren onena eman behar izan baitzuten. Azkenean Caitlin Simmers estatubatuarra eta Italo Ferreira brasildarra nagusitu ziren.

Mutilen kategorian finalera iritsi zen bigarren lehiakidea Yago Dora brasildarra izan zen; hain zuzen, iaz Saquaremako txapelketa irabazi zuen lehiakidea. Nesken kategorian, berriz, Sawyer Lindbald surflari gaztea izan zen finalera iritsi zen bigarren lehiakidea.

Brasilgo txapelketaren ostean aldaketak izan dira mutilen rankingeko lehen postuetan, baina nesken lehen bost postuetan ez da aldaketa esanguratsurik izan. Kontuan hartu behar da txapelketa bat baino ez dela geratzen kategoria bakoitzean Final Handian izango diren bost lehiakideak hautatzeko. Alegia, aukera bakarra geratzen zaie lehiakideei lehen bost postuetako baterako sailkatzeko.

Gauzak horrela, Caitlin Simmers eta John John Florence lehiakideek jarraitzen dute nesken zein mutilen CT rankingetako lehen postuetan, eta gainerako lehiakideek baino dezente puntu gehiago dituzte, gainera.

CT zirkuituko hurrengo txapelketa, Final Handirako sailkatzeko erabakigarria izango dena,  abuztuaren 20 eta 29 bitartean egingo da Fijin, Cloudbreak urautsiko ezker olatu luze eta borobiletan.

Caitlin Simmers geldiezin

Aurtengo denboraldiko hirugarren txapela irabazi zuen Caitlin Simmersek Brasilen, eta horri esker alde handiz rankingeko buru izaten segitzen du lehiakide estatubatuarrak. Denboraldi osoan itzelezko indarra erakutsi du Simmersek eta gaur egun Final Handian izateko aukera gehien duen surflaria da. Geldiezina dirudi.

Bi surflari oso gazte izan ziren buruz buruko nesken finalean Brasilen, Caitlin Simmers eta Sawyer Lindblad, biak 18 urteko estatubatuarrak. Bata eskuin surflaria da eta bestea ezker surflaria. Simmersek ezker olatu indartsuak hartu eta bizkarkako bira erradikalekin sekulako puntuazioak eskuratu zituen. Horrela birrindu zuen aurkaria.

Alde handiarekin gailendu zen Simmers Brasilen. Sawyer Linbladek 3,26 puntu baino ez zituen bildu bere bi olatu hoberenekin. Simmersek, ordea, 7,83 eta 7,67 puntuko olatuekin 15,50 puntu bildu zituen.

Horrela mintzatu zen Simmers garaipena eskuratu ostean WSLko kazetariaren aurrean: «Oso ongi sentitzen naiz. Nire lagun ona den Sawyerekin lehiatu naiz; oso gazte ginela hasi ginen biok elkarrekin lehiatzen, 20 minutuko distantziara bizi gara, eta gaur biok hor egotea, surrealista izan da biontzat».

Caitlin Simmers gazteak bizkarkako bira indartsuak egin zituen finalean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Zortea izan zuela ere onartu zuen Simmersek: «Txantxetan aritu gara Sawyer eta biok; esertzen nintzen edozein lekutan olatuak altxatzen zirela esaten zidan eta arrazoi zuen. Tahitin berak kaleratu ninduen; aurtengo kaleratze mingarriena izan zen. Orain bera berdin sentituko da, baina gero dantza egitera joango gara eta alaituko da».

Brasilgo txapelketaren ostean rankingean izan den aldaketa esanguratsuena bosgarren postuan izan da, Joahna Defay tahitiarra seigarren postura jaitsi baita.

Esan bezala, Simmers da nesken rankingeko buru, bigarren postuan Caroline Marks estatubatuarrak jarraitzen du, eta hirugarren eta laugarren postuetan ere ez da aldaketarik izan. Brisa Hennessy Costa Ricako surflaria hirugarren postuan da, Molly Picklum australiarra laugarrenean, eta Gabriela Bryan hawaiiarra bosgarren postura igo da.

Brasildarrak nagusi

Bi brasildar iritsi ziren finalera, biak ezker surflariak, eta biek sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Yago Dora faboritoetako bat zen, bera izan baitzen iazko txapelduna, baina Ferreira ere etxean ari zen eta bere jarraitzaileek babes handia eman zioten. Bietako edonork irabazita ere, Saquaremako hondartzan ziren milaka ikusleek berdin ospatuko zuketen, eta horrela izan zen, Ferreirak irabazi zuenean hondartza zutik jarri zen, baina ez soilik irabazlearen alde, baita bigarren Doraren omenez ere.

Bi olatu hoberenekin 13,67 puntu bildu zituen Ferreirak finalean eta Dorak, ostera, 10,60 puntu. Brasilen lortutako emaitzari esker bi lagunek gora egin dute rankingean eta, egun, laugarren eta seigarren postuan dira. Final Handirako sailkatuak izateko aukera gehien dituzten lehiakide brasildarrak dira.

Italo Ferreirak lehorrean ere ikuskizuna eman zuen. (WSL)

Rankingeko beste postuei dagokienez, gorabehera batzuk izan dira, baina lehen bost postuetan jarraitzen dute Griffin Colapinto estatubatuarrak, eta Jack Robinson eta Ethan Ewing australiarrek. Aitzitik, Ferreira eta Doraren igoerak ondorio larria izan du Jordy Smith hegoafrikarrarentzat; bosgarren postutik zazpigarren postura jaitsi da.

Orain aukera bakarra dute CTko lehiakideek Final Handira iristeko, Fijiko txapelketa.