Andoni Arabaolaza

Eneko Carretero gailendu da Boulderreko Espainiako Koparen bigarren hitzorduan

Zumaiarrak seniorretan egin zuen bezala, Udane Mugikak ere garaipena erdietsi zuen baina 16 urtez azpikoen mailan. Abiadurako hitzorduan, berriz, Leire Ruiz de Argandoñak eta Haizea Pintok bikain jardun zuten.

Udane Mugikak garaipen bikaina erdietsi du Mostolesen.
Udane Mugikak garaipen bikaina erdietsi du Mostolesen. (EMF)

Eskaladako eta Mendiko Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) Mostoles aukeratu zuen Blokeko eta Abiadurako Espainiako Koparen bigarren hitzordua jokatzeko. Seniorretako zein gazte maila ezberdinetako makina bat espezialista bertaratu ziren, eta, ohi den bezala, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioetako ordezkariek ez zuten hutsik egin.

Oro har, euskal eskalatzaileek lan bikaina egin zuten. Boulderrean, adibidez, Eneko Carreterok eta Udane Mugikak irabazi zuten. Hortaz gain, beste bi podium lortu eta finalista asko egon ziren. Abiaduran, berriz, Haizea Pinto zilarrarekin egin zen.

Boulderreko modalitatearekin hasiko dugu kronika hau. Euskal ordezkariei dagokienez, hainbat hutsune egon ziren. Batez ere, seniorretan. Emakumezkoen kategorian ez zen finalistarik egon. Mutiletan, berriz, hiru. Hutsune bakarra Mikel Linacisororena izan zen. Ez zuen aukerarik izan erregulartasunaren zirkuituaren bigarren proba horretan lehiatzeko; izan ere, bergararrak Innsbruck-en (Austria) jokatutako Zailtasuneko Munduko Kopan parte hartu zuen.

Eta hain zuzen ere, kategoria horretan lehen euskal garaipena heldu zen. Eneko Carretero izan zen protagonista. Zumaiarrak Hugo Martinekin (bi top-ekin) berdindu zuen, baina ekinaldi gutxiago behar izan zituen. Martzel Vicario bosgarrena izan zen, eta Andoni Esparta zazpigarrena.

Udane Mugika

Elduaindarrak bigarren eta azken euskal urrea lortu zuen, baina 16 urtez azpikoen mailan. Gipuzkoarrak lehia biribila sinatu zuen: prestatutako lau blokeak kateatu zituen. Bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuek ere lau top horiek erdietsi zituzten, baina Mugikak saialdi gutxiago behar izan zituen. Ines Allende (hiru top) bosgarren postuan sailkatu zen. Gizonezkoetan, Eñaut Usonek irabazlearekin berdindu zuen (lau top), baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

18 urtez azpikoen mailan, Maddi Agirre podiumera igo zen; brontzea eskuratu zuen. Elur Arteaga zazpigarrena izan zen, eta Asier Antunez seigarrena.

Amaitzeko, abiadurako proban hiru nafar goiko postuetan ibili ziren. Seniorren kategorian, Leire Ruiz de Argandoñak oso zaila zuen final nagusira sailkatzeko. Lehia horretan, Leisla Romero (Parisko Olinpiadetarako sailkatu berri da) eta Carla Martinez nor baino nor aritu ziren. Romerok irabazi zuen.

Final txikian, berriz, nafarra bigarrena izan zen eta sailkapen orokorrean laugarren postuarekin egin zen. Mutilen mailan, berriz, Erik Noya espezialista handiak beste urre bat irabazi zuen. Eroriko batengatik, Unax Uterga bosgarren postuan sailkatu zen. Azkenik, 16 urteko nesken finalean Haizea Pinto bigarrena izan zen.