NAIZ

EHUko graduatuen %92 lanean ari da titulazioa eskuratu eta hiru urtera

EHUko 2020ko promozioko tituludunen %92 lanean ari da graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak euskal unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenean jasotako ondorio nagusietako bat. 

Ikasle ohien lana aurkitzeko prozesua eta bere ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu dituzte inkesta honetan.
Ikasle ohien lana aurkitzeko prozesua eta bere ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu dituzte inkesta honetan. (EHU)

EHUko graduatuen %92 lanean ari da titulazioa eskuratu eta hiru urtera, inkesta batek ondorioztatu berri duenez eta Euskal Herriko Unibertsitateak berak jakitera eman duenez.

Inkesta 4.847 pertsonari egin zitzaien, eta erantzunen indizea %73koa izan zen aipatutako promozioaren kasuan.

Okupazio tasaren arabera, ordaindutako lana duten pertsonen arabera, ehunekoa %92koa izan zen. Bigarrenik, jarduera tasaren arabera, lan egiten duten pertsonen arabera, ehunekoa %93koa izan zen. Enplegu tasari dagokionez, ordaindutako enplegua duten pertsonen kopurua %86koa izan zen. Azkenik, lana bilatzen ari direnen tasa %8koa izan zen.

Bereziki garrantzitsua den beste datu bat hauxe da: 41 titulazioren kasuan okupazio tasa ia %100ekoa da: horien artean, Medikuntza, Itzulpengintza eta Inteprretazioa edo Informatikaren Ingeniaritza.

Eva Ferreira errektorearen arabera, «emaitzak oso modu positiboan baloratu behar ditugu. Gure unibertsitatean eskainitako prestakuntza intelektualki sendoa dela erakusteaz gain, agerian geratu da aurreikuspen profesionalak, epe laburrerakoak zein luzerakoak, hobetzeko oso tresna eraginkorra dela. Aurreko urteko datuekin alderatuta ikusi ditugun gorakadak 2 puntu okupazio tasan eta 3 puntu enplegu tasan izan dira».

Generoaren arabera

Generoen arabera, okupazio tasa puntu bat handiagoa eta enpleguarena bi puntu handiagoa da gizonezkoen kasuan. Ondorioz, langabezia tasa ere puntu bat txikiagoa da gizonezkoei dagokienez (%7).

Inkestan parte hartu duten 4.847 pertsonetatik, 2.841 emakumezkoak izan dira. Hauen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da, gizonezkoekin alderatuz, 11 puntu gehiago emakumeen kasuan.

Soldatei dagokienez, gizonezkoen kasuan, bataz besteko soldata 1.760 eurokoa da. Aldiz, emakumeenak baxuagoak dira, 1.704 euro hain zuzen.

Azterlanaren datu esanguratsuenak

Lan egoerari dagokionez, pertsonen %76,27k beste norbaiten kontura egiten du lan, %3,55ek bere kontura egiten du, %6,52k ikasten jarraitzen du eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar.

Egindako ikasketekin lotura zuzena duen enplegu tasa %89koa da. Lan batean hasteko bataz besteko denbora 3 hilabetekoa da, lehen enplegua bilatzeari ekiten zaionetik hasita.

Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen %14k du aukeratuta lanaldi mota. Bestalde, emakumeen % 25ek egiten du aukeratutako lan mota.

Aztertu den promozioko pertsonen %75 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da eta bertan egiten du lan. Inkesta honetan %4ak bakarrik egiten du lan atzerrian.

Batez besteko soldata eta lanaldiak

Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.760 euro garbi dira, 14 ordainsaritan. Jakintza arloen arabera, soldatak hauek dira handienetik txikienera: Osasun Zientzietan 1.999 eurotan handiena, eta txikiena Gizarte Zientzietan eta Zientzia Esperimentaletan, l1.587 eurotan.

Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako aldagaiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia dutenak (7,9), lanean egonkortasuna izatea (7,4) eta azkenik, soldaten zenbatekoa (7,0).

Laneratzeko bideei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira; lehenik ingurune soziala eta profesionala %32rekin eta bigarrenik oposizioak (% 19,5), beste bide nagusi batzuen artean. Tasa maila txikiagoak aipatzeko, honako hauek dira: prestakuntza osagarria ageri da %5arekin, curriculumetik kanpoko praktikak %3,4rekin eta azkenik, autoenplegua %2,8rekin.

Hizkuntzei dagokienez, inkestatuen % 47ak adierazi du egunero erabiltzen duela euskara eta %35ak ingelesa erabiltzen duela.