NAIZ

Alarde parekideak Irungo Udala du faltan borrokaren bidez osatu duen «familia» handian

Irakurketa positiboa egin dute Irungo Alarde parekideko kideek pasa den igandeko desfileaz, esanez, inklusioak, jai giroak, berdintasunak, eta aniztasunak Alarde hobea egiten dutela. Borroka eginez osatu duten «familia» horretan, baina, Udala falta dela gogorarazi dute.

Herritarrak alarde parekideari txalo egiten, pasatu den igandean.
Herritarrak alarde parekideari txalo egiten, pasatu den igandean. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Emakumeek gizonen pare Alardeaz berdin goza zezaten duela 28 urte zailtasun pila gaindituta lanean hasi ginen lagunok sentitzen dugu gaurgero familia handi bat osatzen dugula. Zeren eta, inklusioa, jai giroa, berdintasuna, eta aniztasuna gehitu ahala, Alardea hobetu egiten da», adierazi du Irungo Alarde parekideak aurtengo desfilea baloratzeko prentsara igorri duen oharrean. Irungo Udala dute faltan parekidetasunaren aldeko familia horretan.

Alarde parekidearen aldeko borrokak hozkaka irabazi du sektore atzerakoiak inposatu nahi izan duen joko-zelaia, apurka bada ere. Hala iradokitzen du, bederen, alarde parekideak pasatu den igandekoaz egin duen irakurketak.

«Bertatik bertara ikusi dugu, beste behin, adin eta izaera guztietako lagunek Alardea eginda sentitzen duten poza eta emozioa», ospatu dute.

Eskerrak eman dizkie Alardean parte hartzen duten kideei eta espaloietan animoak eman dituzten kideei, antolatzaileei, eta baita Emakunderi eta Gipuzkoako Aldundiari ere bai, desfilea ekonomikoki babesten dutelako.

Parekidetasunaren aldera egin ez duena, baina, Irungo Udala izan da, gogoratu dutenez: «Aurten Udalak berriro egin dio uko gure eskabideari eta ez du herritar guztiontzako Udal Alarde bat antolatu». Alarde parekideko kideek uste dute berdintasunezko Alarde batek bizikidetza sustatzen duela eta, berau sustatzen, antolatzen eta defendatzen duen erakunde batek «herritarren zilegitasuna eta atxikimendua» lor dezakeela. Ez dute amore emango, beraz: «Guk harro sentitu nahi dugu, geure Udalaz ez ezik, haren ordezkari politikoez eta geure ospakizun handia geure herrikideekin partekatu ahal izateaz ere», agertu dute.