NAIZ

EAEko etxe bakoitzak 36.331 euroko gastua egin zuen 2023an, aurreko ekitaldian baino %4 gehiago

Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxe bakoitzeko bataz besteko gastua 36.331 eurokoa izan 2023an, 2022an baino %4 handiagoa. Hazkunde hori, batez ere, jolas, kirol eta kultur ondasun eta zerbitzuetan egindako gastuan oinarritu zen.

Bataz beste, elikadura eta alkoholik gabeko edarietara gastu osoaren %15,7 bideratu zuen 2023an EAEko etxe bakoitzak.
Bataz beste, elikadura eta alkoholik gabeko edarietara gastu osoaren %15,7 bideratu zuen 2023an EAEko etxe bakoitzak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Etxe bakoitzeko bataz besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen termino arruntetan 2023an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2022an baino %4 handiagoa, eta hazi egin da aisialdira eta kulturara bideratutako gastua. Pertsonako batez besteko gastua, halaber, %4,5 hazi zen eta 15.570 eurokoa izan zen iaz, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Gastu taldeei dagokienez, etxe bakoitzeko batez besteko gastuak gora egin zuen 12 taldetatik 8tan. Etxe bakoitzeko batez besteko gastuak aisialdia eta kultura taldean izan zuen igoerarik handiena 2023an, %21,6ko hazkundearekin 2022ko datuen aldean; hala, oro har, etxe bakoitzak 1.745 eurokoko gastua bideratu zuen horietara.

Hazkunde hori, batez ere, jolas, kirol eta kultur ondasun eta zerbitzuetan egindako gastuan oinarritu zen. Multzo horrek gastuaren %62 hartu zuen, turismoak %19 eta gainerako %19a ikus-entzunezko, argazkigintzako eta informazioa prozesatzeko ekipoetan, eta prentsa eta liburuetan egin zen.

Bestelako ondasun eta zerbitzuetara bideratu zuten EAEko etxeek haien gastuen %8,4; %6,2 jatetxe eta hoteletara –urteko 4.088 euroko batez besteko gastuarekin–, osasunera %5,8 –1.272 euro–, elikagai eta alkoholik gabeko edarietara %5, eta etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelakoetara %4,5.

Aitzitik, 2022aren aldean, etxeko batez besteko gastuak gutxitu egin ziren irakaskuntzan (-%15,6); altzari, etxeko gai eta etxeko mantentze arrunterako gaietan (-%5,3) eta komunikazioetan (-%3,2), aurreko urteetan izandako joerarekin jarraituz.

Kontsumoaren egiturari dagokionez, etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak taldeko gastua izan zen EAEko etxeetako altuena, herena baino gehiago kontzeptu horretara bideratu baitzuten (%35,4), hau da, etxe bakoitzeko 12.849 euro urtean 2023an. Gainera, 2022tik %0,2 igo da etxe bakoitzak gastu horietara bideratu duen dirua.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da 2023an %8,8 jaitsi zela energia fakturako gastua, %11,9 elektrizitatearena eta %4,1 gasarena, 2022. urtearekin alderatuta.

Elikadura eta alkoholik gabeko edariei dagokienez, hamarren bat gehiago ordaindu dute EAEko etxeek 2022aren aldean, eta gastuaren %15,7 izan zen 2023an, hau da, 5.714 euro etxe bakoitzeko.

Etxebizitza, honi lotutako gastuak eta elikadura multzo berean hartuz gero, etxe bakoitzaren batez besteko aurrekontu osoaren %51,1 izan zen iaz, 2022an (%50,8) baino zertxobait gehiago.

Jatetxeak eta hotelak taldean egindako gastuaren garrantziak ere gora egiten jarraitu zuen (4.088 euro urtean etxe bakoitzeko 2023an), %11,3raino iritsiz, 2022an %0,3 gehiago.

Termino absolutuetan

Bestalde, EAEko etxeek kontsumoan egindako gastua 34.272 milioi eurokoa izan zen 2023an, aurreko ekitaldian baino %5 gehiago, bilakaera desberdinak erregistratuz gastu taldeetan. Hala, gastu osoaren bolumenean esanguratsuenak diren bi taldeen gastuak, hots, etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaienak eta elikagaiak eta alkoholik gabeko edarienak, %5,4 eta %5,9 igo ziren 2022aren aldean, hurrenez hurren.

Atzetik, EAEko etxeek jatetxeak eta hotelak taldera bideratutako gastua 3.856 milioikoa izan zen, 2022an baino %7,2gehiago. Nabarmentzekoa da, halaber, aisia eta kultura taldean egindako gastu osoaa, %22,8ko hazi baita 2023an, 1.646 milioi eurora iritsiz.

Gastua, aldiz, murriztu egin zen irakaskuntza (-%14,9), altzariak, etxeko artikuluak eta etxeko mantentze lan arruntetarako artikuluak (-%4,4) eta komunikazioak (-%2,3) taldeetan.

Lurraldeka, EAEko 2023ko kontsumoko gastu osoaren %15,5 Arabako familiek egin zuten, Bizkaikoek %52,9 eta Gipuzkoakoek %31,6.

Diru sarreren arabera

Autonomoak izan ziren 2023an batez besteko gasturik handiena izan zutenak: urtean 45.245 euro, EAEko batez bestekoa baino %24,4 gehiago. Langile hauen kasuan, batez besteko gastua %11,4 igo zen 2022koarekin alderatuta, guztira 4.639 euro gehiago.

Diru sarreren iturri nagusia besteren konturako lana izan zuten etxeetan, bestalde, 38.555 euroko gastua izan zuten, 2022an baino %0,5 handiagoa.

Azkenik, etxeko batez besteko gastua 32.441 eurokoa izan zen pentsioak, subsidioak eta bestelako prestazio eta diru sarrera erregularrak sarreren iturri nagusi bezala izan zituzten etxeetan –aurreko urtean baino %0,5 handiagoa eta EAEko batez bestekoaren %10,8 azpitik-.