Maitane Aldanondo Gabilondo
ESKORIATZA

Enpresa proiektua berezko egin, ardura partekatzeko

Kooperatibetako norbanakoen erantzukizuna ardatz izan zuen 8. Kooperatibagintza Topaketak. Lanki Ikertegiak antolatuta, gai horri buruzko azterlanaren emaitzak aurkeztu zituzten Igor Ortegak eta Unai Elorzak, eta lurreratzeko ariketa egin zuten Eroski, Soraluce, Orkli eta Mondragon Taldeko kideek.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean egin zen topaketa ekainaren 18an.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean egin zen topaketa ekainaren 18an. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Bazkideen ardura sustatzeko beharraz eta moduez mintzatu ziren Eskoriatzan ekainaren 18an egindako jardunaldian. Alde teorikoa jorratu ondoren, Lanki-ko Marixe Ruiz de Austrik gidatuta, solasaldia egin zuten lau kooperatibatako ordezkarik, beraien esperientzia partekatuz. Hala, ardura hori ezaugarritzen duten faktoreek eguneroko jardunean duten isla eta nola sustatu dituzten izan zuten hizpide.

Denek nabarmendu zuten une zailetara itxaron gabe erantzukizuna une oro landu beharreko zerbait dela; Mondragon Taldeko Iñigo Iñurrategik hau esan zuen: «Gauzak ondo doazenean entrenatzen gara, eta gero, egin». Horretarako gakoetako bat, Orkliko Axier Lekuonaren ustez, bakoitza bere esparruan kudeaketa aktorea dela jabetzea da, alegia, «kooperatiba gu garela».

Horretarako, ordea, iritsiberria enpresa proiektuak erakarri behar duela uste du Soraluceko Javier Torrellasek, eta bere funtzioa ulertu duenean, arduraren oinarria den jabetza sentimendua landu. Ildo beretik, Eroskiko Marta Carazok gehitu zuen lanak helburu bat izan behar duela, «transzendentzia»; pertsonak «hobe egiten dutena garatzera bideratu» eta balioan jarri behar dela, kooperatibari egindako ekarpena azalduta.

Lehen adierazpenetan zenbait faktore aipatu ondoren, ‘komunikazio eta informazioa’ aldagaiari lotuta egindako bidea azaltzeko eskatu zien moderatzaileak. Eroskik, adibidez, lantoki bakoitzean ordezkari sozialak ditu, guztira 400 bat, eta hilabetero, zonaka, kontseilu sozialeko ordezkariekin batzen dira informazioa trukatzeko. Ondoren, hori batzuek dendara daramate, besteek, batzordera.

Orklin, aldiz, material idatziak aberastu dituzte enpresan gertatzen denaren «ulermen sakonagoa» ahalbidetzeko, eta zenbait kontu administratibo arintzeko aplikazio bat barneratu.

PROZESUEN BALIOA

Ardura lantzeko beste bide bat, proiektu partekatuaren prestaketan parte hartzea da. Iñurrategiren esanetan, bazkideek proiektua beren egin eta haren parte sentitzeko, misioa, bisioa edota xedea definitzen lagundu behar dute; izan ere, horrek «hausnarketa kolektiboa» eragiten du, «zer garen, zer nahi dugun pentsatzea».

Soralucen burututako parte hartze prozesuen argibideak eman zituen Torrellasek. Lehenak, etorkizuneko erabakiak hartzeko markoa eratu zuen, eta gida horiei jarraituz, 2030. urte arteko plan estrategikoa diseinatzen ari dira. Bigarrenak, kooperatibisten jabetza sentimendua zuen jomugan. Ordutik, talde autogestionatu eta transbertsaletan aurrera daramatzate proiektuak, harreman hierarkiko eta funtzionalik gabe.

Aldaketa ez da erraza izaten ari. «Kosta egiten zaigu ulertzea arlo funtzionalak hierarkikoak direla, baina balioa horizontalean, prozesuetan gehitzen dela», aitortu zuen kideak. Hala ere, konbentzituta dago egiteko modu horrek ahaldundu egiten duela, autonomia eta autogestioa gehitu, erakundearen ikuspegi propioagoa izatea lagunduz.

Orklin, aldiz, hutsune batetik abiatu zuten prozesua. «Entzute ariketa» izan eta enpresaren «gaitzei» buruzko ondorioak atera zituzten, lanaren kudeaketaren gaineko zenbait ekintza planteatuz. Lekuonaren hitzetan, «oinarriko tresna bat dugu kudeaketa eta ardura guneak lotzeko, jakinda lanaren esparruan zein faktoreri garrantzia ematen dioten bazkideek».

Heziketa kooperatiboak pertsona erantzule eta solidarioak ditu helburu. Autogobernatzeko konpetentziak garatu behar dira proiektua aurrera eramateko bai teknikoki bai balioei dagokienez, eta, Iñurrategiren esanetan, horretarako funtsezkoak dira liderrak. Ez kudeatzaile eta zuzendariak bakarrik, baita talde buruak, departamentu zuzendariak... beraiek transmitituko dizkietelako balio eta konpetentziak lantaldeei.

Denbora amaituta, azken hitz gisa, Ruiz de Austrik gogorarazi zuen faktore horiei buruzko ezagutza eta gaitasuna izanda, ez dagoela egoera txarrei itxaron beharrik, «ikusi ditugu solidaritatea eta erantzukizuna berreskuratzeko eta berpizteko bide posibleak».

Igor Ortega, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlari eta irakaslea. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Erantzukidetasunaren kultura hedatu

Kooperatibetako bazkideen artean erantzukidetasunaren kultura hedatzeko baldintzak sortzerik baden galderatik abiatuta, “Pertsonen erantzukizuna enpresa kooperatiboan” lana koordinatu du Humanitate eta Hezkuntza Fakultateko ikerlari eta irakasle Igor Ortegak, Aitzol Loyolarekin batera. Hiru urteko azterketa izan da, Mondragon Taldeko kideen ikuspegi eta iritzietan oinarrituta.

Fagor Etxetresnak kooperatibaren krisialdian garrantzia hartu zuen gaiak eta leku berezia hartu, Mondragon Taldearen hausnarketan ere, lehentasunez landu eta indartu beharreko balio gisa. Ikerketan jarraitu dituzten ildo nagusiak honakoak dira: erantzukizunak paradigma kooperatiboan dituen oinarriak aztertzea, bazkideen portaera arduratsuak zehaztea eta erantzukizun kultura sustatzen duten erakunde faktoreak ezaugarritzea.

Egoera zailetan bazkideek inplikazioa erakutsi dute, baina egunerokoan jarrera «disfuntzionalak» ageri dira. Azterlanaren arabera, jabetza sentimendu «indartsua» izateko ez da nahikoa asanbladan botoa ematea edo parte hartzea kapitalaren edo emaitzen banaketan; «komunitatearekiko konpromiso sendoa» behar da.

Lau adiera ditu erantzukizunak eredu kooperatiboan: pertsonaren emantzipazioari loturikoa, kooperatibaren dimentsio kolektiboari erreferentzia egiten diona, elkarjabetzari dagokiona, eta balio esentzialei lotutakoa. Lehena ez dago egun kooperatibetan presente eta laugarrena apalduta dago. Horrek azal dezake erantzukizuna «dimentsio erreaktiboa» izatea, alegia, enpresa arriskuan dagoenean aktibatzen dena; baina Ortegak zalantza du bi horiek gabe jarrera proaktiboago bat posible ote den.

Erantzukizuna helburu bat ere bada, izaera kooperatiboaren oinarrizko balio nagusietako bat baita, elkartasunarekin batera. Arrasateko kooperatibismoaren fundatzaileen artean «oso agerikoa» zen kooperatibista «solidarioa eta bere lan eta bizi proiektuaren jabe eta erantzule» zela.

Arduraren kultura sustatzeko bide-orri moduko bat ere osatu dute, bi urratsetan. Batetik, erantzukizuna ezaugarritu dute: kooperatibaren errentagarritasunarekiko, finantzaketarekiko, garapen teknikoarekiko eta gobernantza dinamika eraginkorrekiko. Bestetik, sustapenerako bost faktore identifikatu dituzte: konfiantza sortuko duen gobernu on bat, informazioa eta komunikazioa, proiektu partekatuaren prestaketan parte hartzea, hezkuntza kooperatiboa eta lan antolaketa.