Ainhoa Espinoza

Haur eta nerabeentzako Ramon Olasagastiren liburu berria: ‘Memoriaren giltza’

Ramon Olasagasti idazle eta kazetariak ‘Memoriaren giltza’ gazteei zuzendutako gertakizun bati buruzko liburu berria argitaratu du Erein argitaletxearen eskutik. 36ko Gerran oinarritua da.

Ramon Olasagasti bere liburu berria eskuetan duela
Ramon Olasagasti bere liburu berria eskuetan duela (Gorka Rubio | FOKU)

Oraingo honetan, Inazio Mujikaren eskutik, Ramon Olasagastiren ‘Memorien Giltza’ dakarkigu Erein argitaletxeak. Batik bat gazteentzako egindako liburua da. Izenburuak esaten duen moduan, hemengo memoria historikoaren gaiaren inguruan hitz egiten du.

Liburu honen istorioa 36ko Gerran oinarritzen da. Konkretuki, Ezkaba mendian zegoen kartzelako ia 200 presoen ihesaldian. Horretarako, eta gertakari hau gazteengana gehiago hurbiltzeko, bi gazteren ikuspuntutik azalzen ditu: Indio, aita mendiko istripu batean hil zitzaion Txantreako gaztea eta Tania, Nikaraguatik iritsitako etorkina. Arratsalde batean, bi gazte hauek, Ezkaba mendian gora doaz. Bidean, ordea, hezurrez betetako hilobi bat aurkituko dute. Hezur hauen nondik norakoak ikertzen hasten dira, eta horrela, iraganean Ezkabako mendiko kartzelan 36ko Gerran gertatutako ia 200 presoen ihesaldiaren istorioa kontatzen dute.

Inazio Mujikak aipatu du liburu honetan hiru marka edo hiru toki garrantzitsu daudela istorioa eta 36ko Gerrako gertakizunak lotzen dituenak: Ezkabako mendia, Botillen hilerria eta kobazuloa. «Izan ere, irakurleari, gazteei gehien bat, gerra horretako gertakariak eta gertakari horien zergatiak azaltzeko erabili ditu Olasagastik toki hauek».

Beraien ustetan, Ipar Euskal Herrira heltzeko helburua zuen ihesak. Azkenean, ordea, hiru preso besterik ez ziren heldu mugara. «Horrela, liburuan, Indioren eta Taniaren ibilaldi horietan erakutsi nahi izan ditut garai horretako gertakizunak, betiere, orainaldira ekarriz», esan du Olasagastik.

Liburuaren egileak aipatu duenez, Indio eta Taniaren istorio honetan nostalgia zati bat ere antzeman daiteke. «Gu izan ginen haur edo nerabe horien zantzuak ikusten dira bertan».

«Historialariek sekulako lana egin dute historia hau guztia jasotzen. Ni liluraturik geratu nintzen informazio guztia irakurtzen. Gertatutakoak, mugitu eta ukitu egiten nau eta nolabait, ipuin hau ariketa xume bat da irakurlea gertatutakoarengana geihago gerturatzeko. Memoria horri, nolabait, eusteko», esanez amaitu du Olasagastik.

Ramon Olasagasti kazetari eta itzultzailea, Berrobin jaio zen. ‘Berria’ egunkarian, mendiko hainbat eta hainbat albiste eta artikulu idatzi ditu. Horretaz gain, liburuak ere idatzi izan ditu. Helduen liburuaz gain, haur eta nerebaeentzako ere liburuak egin ditu. Hiru konkretuki: ‘Sugaar’ (Elkar, 2014), liburu honekin Lizardi Saria irabazi zuen; ‘Ipurtargien herrian’ (Elkar, 2014) eta ‘Sasiolako errotaria’ (2014), azken hau Erein argitaletxearen eskutik eta berriro ere, Lizardi Saria irabazi zuen honekin.