Jon Ormazabal

Laso eta, bereziki, Imazen lehiakortasunak sanferminetako lehen puntua eman zien

Hamabi berdinketa izan zituen lehian, Baikoko bikoteak gehiago asmatu zuen azken txanpan eta ondo landutako garaipena eskuratu zuten.

Ander Imazek partida borobila jokatu zuen Labriten.
Ander Imazek partida borobila jokatu zuen Labriten. (BAIKOPILOTA)

Uda, berez, luzimendurako eta pilotazaleak aurreko koadroetan amaitutako tantoekin gustura uzteko sasoia izan ohi zen, baina txapelketek egutegi osoa betetzen duten garaiotan apenas izaten da arriskatzeko betarik eta lehia ezin orekatuago batean –hamabi berdinketa ere eman ziren– Unai Laso eta Ander Imazen gogortasunak, batez ere azken honenak, torneoko lehen puntua eman zion Baikoko bikoteari, Zabala eta Rezustari 22-20 gailenduta.

Aurre-kanporaketa jokatu zuten bi bikoteek eman zioten hasiera Iruñeko feriari B multzoari astelehen gauez Labriten eta, udako partida bat baino, txapelketa ofizialeko lehia bat eskaini zieten gerturatutako pilotazaleei; berdintasuna, oreka, lehiakortasuna... eta testuinguru horretan Ander Imaz oiartzuarra izan zen erosoen aritu zena. Kolpean beste batzuen distirarik gabe, lehiakorra da erabat atzelari gipuzkoarra, partidei bikain eusten dioten horietakoa eta ostiralean Urrutikoetxea-Arangurenen aurka asko sufritu ostean, azkeneraino borrokatzeko ahalmenak beste garaipen bat eskuratzeko modua eman zien. Unai Lasok ere, ostiralean baino askoz gehiago asmatu zuen tantoak amaitzerakoan eta detaileetan erabakitako lehia batean, azken txanpan askoz sendoago aritu ziren.

Elordiren ordez aritu zen Zabala ere ari da estelarretan egonkortzen, azkenaldera arrisku handiegiren bat hartzea garesti irten bazitzaion ere, onenen artean lehiatzera ohitzen ari da eta Rezusta fresko batekin, markagailu txukun batekin, oraindik ez diote agurrik esan txapelketari. Hori bai, aukeraren bat izateko Peña-Mariezkurrenari irabazi beharko diote asteazkenean, ahal den alderik handienarekin.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 22

Zabala-Rezusta: 20

Pilotakadak: 485. Iraupena: 68 minutu. Markagailua: 3-0, 3-4, 5-4, 5-6, 8-6, 8-8, 12-8, 12-11, 13-11, 13-13, 14-14, 15-15, 16-15, 16-16, 16-17, 17-17, 18-17, 18-18, 20-18, 20-20 eta 22-20. Sakeak: 1 Lasok eta 2 Zabalak. Egindakoak: 12 Lasok, 1 Imazek, 9 Zabalak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 4 Lasok, 3 Imazek, 4 Zabalak eta 4 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuak eta giro bikaina Labrit pilotalekuan.