Azkenean iritsi da, bosgarren estropadan. Denboraldi hasiera honetan Bermeo Urdaibaik erakutsitako nagusitasunarekin amaitu du Zierbenak larunbat honetan, Bilboko uretan. Ur bazterrean altxatzen den Guggenheim eraikin kosmopolita lekuko izan dela, zierbenarrek erlojupekoa irabazi dute, artelana sinatuz. Hori bai, zaleen gusturako gainera, emozioz beteriko proba izan da elojupekoa, azken unera arte ez baita erabaki irabazlea. Pentsa, 86 ehun bakarrik egon dira Zierbena txapelduna, estropadako azken aurrena helmugaratzen, eta estropada itxi duen Bermeo Urdaibai liderraren artean.
Bermeotarren nagusitasunarekin apurtzeko, Zierbenak aste honetan bitan joan behar izan du gaurko estropada gunera entrenatzera. Eta askorako balio izan die, sasoiko lehen bandera astintzea lortu baitute!
Bi ontziak izan dira probako protagonista nabarmenenak. Biak ohorezko txandan aritu dira eta denborak kalkatzen aritu dira ziabogetan. Lehenengoan, Zierbenak segundo bateko aldea atera dio Bermeori, baina beste bi maniobretan denbora bera markatu dute (9:36 eta 14:39), beti bigarren txandan aritu den Donostiarraren denborak hobetuz.
Azken luzean, Zierbenako entrenatzaileak paretara pegatzeko aholkua eman dio Lazkano patroiari entzungailutik, baina segituan Bermeok aurre hartu du. Gorka Aranberriren gizonak azkarrenak ziren momentu horretan.
Zierbenak helmugan 19:27.96ko denbora egin eta itxaroten gelditu da. Azken metroetan emozioa gainezka egon da. Beste estropadetan ez bezala, Bermeok ezin izan du azken martxa bat sartu eta helmugan Zierbenak baino 86 ehun gehiago behar izan ditu. Lehenengo aldiz, lehen postutik jaitsi behar izan dute bermeotarrek, artelana sinatu duen Zierbenaren aurrean.
Kaiku, bikain etxean lehiatu aurretik
Beste txandetan, Donostiarrak sinatu du lehen eta bigarren txandetatik denborarik onena. Arkaitz Diaz patroiaren arraunlariak bikain aritu dira proba osoan zehar. Proba amaitu berritan argi esan du haizea aldakor zegoela, boladak zeudela, eta hori estropadan zehar nabaritu da.
"Torrekua II.a" ontzia azkarrena izan da bere txandan, aurrekoan beste lau traineruek egindakoak hobetuz. Eta hemen aipatzekoa da Kaikuren lana. Lehen txandan aritu dira sestaotarrak, igandean etxean lehiatu aurretik, eta bosgarren tokian amaitu dute, Getaria, Ondarroa eta Lekittarraren aurretik. Txalotzekoa benetan.
Hala, estropada gunea Sestaon izango da igande honetan, 12.20etatik aurrera, Euskotren Ligako proba amaitzerakoan.
XVVI. Bilboko Bandera:
1. Zierbena 19:27.96
2. Urdaibai 19:28.82
3. Orio 19:43.42
4. Hondarribia 19:47.98
5. Donostiarra 19:55.08
6. Kaiku 20:07.28
7. Getaria 20:08.58
8. Ondarroa 20:09.98
9. Lekittarra 20:11.18
10. Cabo 20:13.32
11. San Pedro 20:15.48
12. Bueu 20:26.06
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 59 puntu
2. Zierbena 53 p.
3. Hondarribia 49 p.
4. Orio 46 p.
5. Donostiarra 40 p.
6. Getaria 35 p.
7. Ondarroa 25 p.
8. Lekittarra 24 p.
9. Cabo 21 p.
10. Kaiku 21 p.
11. San Pedro 12 p.
12. Bueu 5 p.