NAIZ

Estatu frantsesaren «eredu jasanezina» salatu du Xuti Gaztek, burujabetzaren alde

Uztailaren 14. honetan, Estatu frantseseko egun nagusian, Xuti Gazte antolakundeak frantziar Estatuaren «eredu jasanezina» salatu du, egun honetan «frantziar proiektu jakobinoa inposatzen» zaiela deitoratuz eta Euskal Herriaren burujabetzan antzinapausoak emateko asmoarekin.

Uztailaren 14ko jai «arrotzaren» aurkako Xuti Gazteren pankarta.
Uztailaren 14ko jai «arrotzaren» aurkako Xuti Gazteren pankarta. (Xuti Gazte)

Ipar Euskal Herriko Xuti Gazte antolakundeak uztailaren 14aren jai egun «arrotzak» frantziar Errepublikaren baloreak «goraipatzeko» duen helburuaren aurka agertu da eta Estatuaren eredu «jasanezina» salatu du. Baionako besten oihartzuna baliatu du horretarako, bertako zubi batean haren aldarrikapenak eskegiz.

Igande honetan zabaldutako ohar batean azaldu duenez, «muturreko egoera pairatzen dugu gazteok». Besteak beste, euskaraz ikasi eta mintzatzeko aukera «eskasa», etxebizitza «eskuraezina», lan prekarietatea, bortizkeria matxista, LGTBfobo eta arrazista, goi mailako ikasketetarako eskaintza urria, lurraren «suntsipena» eta turisbo masiboa aipatu dituzte. «Ezinezkoa bilakatu zaigu Ipar Euskal Herrian bizitzea, eta Frantziara joatera kondenatuak gara», gaineratu dute.

Horretaz gain, Baionako bestetan «uztailaren 14an goraipatzen duen proiektu neoliberalaren ondorioak argiki azaleratzen» direla uste dute, herritarren interesak alde batera utzita, Euskal Herriaren eta euskal kulturaren «folklorizazio eta merkantilizazioa» sustatzen delako.

Hortaz, gazteek euskaraz bizi, auzoetan emantzipatu eta hemen ikasi eta lan egin ahal izateko, «gazteon bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik bertatik eta gazteekin batera hartzea beharrezkoa izanen da, beraz, gazte abertzale eta ezkertiarrok ere Euskal Herriaren burujabetzan aintzinapausoak emateko prest gara», azaldu dute.

«Frantziar estatuaren eredu jasanezin honek eskuin muturraren igoera bultzatu du, baina ekainaren 30 eta uztailaren 7an hautetsontzietan eta azken hilabetean karrikako mobilizazioetan Euskal Herriak eskuin muturra geldituko duela erakutsi du», adierazi dute Xuti Gaztetik. «Orain, gazteoi dagokigu bide horretan segitzea, faxismoaren aurka egin eta gure ikurrak harro astinduz gazteontzako alternatiba ezkertiar eta abertzalea eraikiko dugu», erantsi du.