NAIZ

Andre Maria Zuriaren jaien programazioa abuztuaren 3tik 9ra zabaldu dute

Gaur aurkeztu da Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietarako programazio osoa Maider Etxebarria alkatearen eta Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziaren eskutik. Aurten egun bat gehigora zabaldu dituztela festak, abuztuaren 3tik 9ra.

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotzia, buruhandiekin, jaien egitarauaren aurkezpenean.
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotzia, buruhandiekin, jaien egitarauaren aurkezpenean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

20 egun bakarrik geratzen dira Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziak astelehen honetan aurkeztu dute programazio osoa.

Aipatu dutenez, aurtengo jaiak herritar guztientzat pentsatuta egin dira, adina edo zaletasunak edozein izanda ere, guztiek gustuko duten zerbait topa dezaten. Hala, 400 ekitaldi baino gehiago antolatu dira abuztuaren 3tik 9ra bitartean.

Maider Etxebarriak adierazi duenez, «jaiek gu garen hori islatzen dute. Gure kultura eta ohiturak egun horietan bisitan etorriko diren milaka pertsonekin partekatzeko aukera eskaintzen digute eta gure bertsiorik onena proiektatzeko aprobetxatu behar dugu, hau da, hiri abegitsua, anitza, jasangarria… garela erakusteko». Horrekin batera, argi utzi nahi izan du, «ez dugu indarkeriazko portaerarik onartuko, ez sexistarik, ez desegokirik. Erakutsi dezagun okasio handiek eskatzen dutena ondo betetzen dakigula eta badakigula munduko festarik onenez gozatzen».

Bestalde, Sonia Diaz de Corcuerak ziurtatu du aurtengo jaietan «Sailaren ildo estrategikoak» kontuan hartuko direla, hala nola euskararen presentzia, tokiko artistak eta emakumeak. Horretaz gain, erantsi du, «jai hauetan irisgarritasunean eta inklusibitatean aurrera egin nahi dugu». Adibidetzat jarri du pregoia zeinu hizkuntzan eskainiko dutela, mugikortasun urriko pertsonentzako guneak erreserbatuta izango direla Foruen plazako kontzertuetan, jai guneetan egokitutako komunak jarriko direla eta kutsadura akustikoa kontrolatuko dela, besteak beste.

Berritasunak aurten

Abuztuaren 3a planez beteta egongo den «jaien aurreko» arratsaldea izango da. 19:00etan, bi aukera egongo dira: Nacho Villar Producciones e Yllana konpainiaren eskutik ‘Olympics’ ikuskizun ibiltaria Musiketxetik eta, bestalde, Floridako Kioskoan egingo den dantzaldia. 20:00etan, txistularien kontzertua izango da Plaza Berrian, Udal Folklore Akademia eta Indarra Dantza Taldearen eskutik. Gaueko 23:00etan emango zaio amaiera egunari ‘LOS 40 La Blanca’ saioarekin, Foruen Plazan. 

Berritasunen artean izango da jaietarako gune berri bat, Santa Maria Plaza hain zuzen. «Euskal folkloreari eta kulturari protagonismo handiagoa emateko asmoz, Aihotz plazako ohiko programazioa bikoiztu egingo da eta, horrela, espazio handiagoa eta nortasun propioa izango ditu», aipatu du Corcuerak.

Ordutegi aldetik ere aldaketa batzuk egon dira; hala, zezensuzkoak ordu erdiko aurrerapena izan du, hau da, 22:30ean izango da. Bestalde, Probintzia Plazako eta Aihotz Plazako ikuskizunekin ere gauza bera gertatu da, ohi baino ordubete lehenago aurreratu dituztela.

Jaiei hasiera emateko pregoia

Aurten, Elisa Rueda poeta, irakasle, idazle eta aktoreak irakurriko du pregoia, abuztuaren 2an, 21:30ean, Plaza Berrian. Ondoren, Kresala Dantza Taldearen emanaldia eta sorpresa bat izango dira ekitaldi horri amaiera emateko.

Haurrentzako egitaraua

Zirku ikuskizunak, txotxongiloak eta haurrentzako antzerkia izango dira Peñafloridako Kondearen plazan.

Abuztuaren 7a izango da txikien egun handia. 12:00etan emango zaio hasiera Edurne eta Zeledon txikiren jaitsierarekin. Ondoren, 13:45ean Erraldoien Konpartsak dantza berezia egingo du Floridako kioskoan, Udal Musika Bandak eta Udal Folklore Akademiko Gaiteroen Bandak lagunduta.

Haurren ekitaldien %75 euskaraz izango da, hizkuntza honek «jaietako programazioan duen gero eta presentzia handiagoaren eta zabalagoaren ikusgarri».

Musika: Zetak, Esne Beltza, Doctor Deseo, Kalakan...

Musikari dagokionez, Diaz de Corcuerak esan duenez «musikak protagonismo handia du beti gure hiriko jaietan eta, horregatik, kontzertuak programatzeko garaian, jai girokoak, kalitatezkoak, estilo ezberdinetakoak eta gaurkotasun handikoak izaten saiatzen gara». Azaldu duenez, 2023an sare sozialen bidez egindako gazteentzako inkesta berreskuratu dute eta Foruen plazako kontzertuetan boto gehien lortu dituzten taldeetako bi izango dira: Nil Moliner eta Zetak. Agertoki berean joko dute, halaber, Esne Beltza, Luz Casal eta Doctor Deseok.

Aihotz plazan honako talde hauen emanaldiak izango dira: Modus Operandi, Süne, Sara Zozaya eta Kalakan.

Falerina lorategiko saioetan bertako taldeei leku gehigo ematearen aldeko apustua egin dute. Bertan izango dira, Stilt eta The Mothercrow, The Blooms eta Lepora edo EH, Mertxe! taldeak.

Plaza Berria, berriz, orkestra handien kokalekua izango da: Vulcano, La Mundial, Diamante, Jamaica Show, Phoenix eta Nueva Era.

Ganbera Musikako 2 kontzertu izango dira. Alde batetik, abuztuaren 6an 12:30ean, Luis Aranburu Musika Eskolako auditorioan, eta abuztuaren 8an, Gasteizko bi talde gazte: Trio Vitelia eta Duo Arkhé.

Udal Musika Bandak ere jaiak girotuko ditu 13:00etan Floridako kioskoan egunero eskainiko dituen kontzertuekin. Ohiko musika jarduerak ere antolatu dira, hala nola jotak Pradon, dantzaldiak Floridan eta fanfarreak eta txarangak hirian zehar.

Umorearen txokoa

Jende gehien biltzen duen guneetako bat Prado parkeko umorearen txokoa da. Bertan, entzute handiko umoregileak izango dira berriro, Alex O’Dogherty ‘Cosas de esas’ lanarekin eta Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, ‘Ztandap’ lanarekin, beste batzuen artean.

Beste ekitaldi batzuk

Andre Maria Zuriaren jaietako beste klasiko batzuk piroteknia ikuskizunak, zoko arabiarra, bigantxak eta Principal Antzokiko antzerki emanaldiak izango dira.

2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako programazioari buruzko informazio guztia eskuragarri dago jada Udalaren webgunean, eta, ostiraletik, hilaren 19tik aurrera, eskuko programak hiriko Turismo bulegoan, udal eraikinetan eta merkataritza eta ostalaritza lokaletan egongo dira.