Andoni Arabaolaza

Vadim Druellek irentsi egin du Nanga Parbateko denbora azkarrena

22 urteko alpinista frantziarrak 15 ordu eta 18 minutu behar izan ditu zortzimilako hori igotzeko. Ia bost orduan ondu du 2022. urtean François Cazzanellik ezarritako errekorra.

Vadim Druelle Nanga Parbateko gailurrean, abiadura errekor berria ezarri ondoren.
Vadim Druelle Nanga Parbateko gailurrean, abiadura errekor berria ezarri ondoren. (Vadim DRUELLE)

Fastest Known Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuak aspalditik hartu ditu mendiak. Garaiera txikietan zein handietan. Zortzimilakoetan, adibidez, udako denboraldian badira xede horien atzetik ari direnak. Eta horietako batek lehen berri azpimarragarria eman digu. Vadim Druelle dugu.

22 urteko alpinista frantziarrak Nanga Parbaten (8.126 m) abiadura errekor berria ezarri du. Oxigeno gehigarririk gabe, gazte horrek kanpaleku nagusia eta tontorra lotzeko (3.900 metroko goranzko desnibela eta 20 kilometro) 15 ordu eta 18 minutu behar izan ditu. Marka ikaragarri hori hilaren 10ean erdietsi zuen. Krono horrekin, Druellek duela bi urte François Cazzanellik eginiko denbora ia bost orduan hobetu du.

Azken urteotan, alpinista frantziarra izaera horretako igoeretan ikusi dugu. Dagoeneko hiru zortzimilako eskalatu ditu. 2021. urtean Manaslu (8.163 m) igo zuen. Iaz, berriz, munduko hirugarren mendi garaiena, Kangchenjunga (8.536 m), 18 ordu eta 43 minutuan igo zuen. Hirugarrena eta momentuz azkena aipatu dugun Nanga Parbat da.

Hotz handia

Nanga Parbateko errekor berria lortu aurretik, Druellek une oso gorabeheratsuak bizi izan ditu. Joan den udaberriko denboraldian Annapurnan egon zen. Eta hain zuzen ere, zortzimilako horretan egoera oso larria bizi izan zuen. Kanpaleku nagusian zela, ondoezik jarri zen; antza denez, garaieraren ondorioz. Osasun azterketak egin eta gero, Pokharako erietxera eraman zuten. Oso gutxigatik bada ere, biriketako edema bat saihestu zuen. Etxera itzuli eta gero, hobera egin zuen.

Prozesu horretan zela, garaierak gorputzaldian duen eraginaren inguruan informazioa biltzen hasi zen. Nahiz eta hiru hilabete lehenago krisi hori igaro zuen, Druellek Nanga Parbatera joatea erabaki zuen. Gogoratu behar dugu zortzimilako horren oinarrizko kanpalekua oso «behean« dagoela, hots, 4.200 metrora. Horrek eragozpen bat du: tontorra zapaltzeko ia 4.000 metroko desnibela igo behar da.

Aurreko espedizioetan bezala, Druellek bere ohiko estiloa indarrean jarri du: azkar eta arin. Zortzimilakoaren ibilbide klasikoan jardun du, baina oxigeno gehigarria eta mendiko langileen laguntzarik gabe. Seven Summits Treks agentziaren langileek tontorrera eraman zuten soka finkoa erabili du.

Ohiko errotazioetan, 22 urteko gazte horrek dendak bizkarrera eraman eta ohiko kanpalekuetan altxatu zituen. Girora egokitu ostean, soilik eguraldi leiho on bat behar zuen: «Hilabete bat egin nuen kanpaleku nagusian leiho horren zain. Bien bitartean, nirekin zeuden kideekin batera aklimatazio fasean buru belarri egon nintzen».

Joan den 9an, behin betiko ekinaldia hasi zuen. Gauez hasi ere. Oinarrizko kanpalekua eta hirugarrena (6.800 m) lotzeko 5 ordu eta 30 minutu behar izan zituen. Gainera, puntu zehatz horretan egoera bitxia bizi izan zuen. Aldez aurretik altxatutako denda elurpean zegoen: «Galtza beroak ateratzen ari nintzenean, konturatu gabe eta nire begiradaren aurrean maldan behera joan ziren. Une horretan esku artean nuen erronka bertan behera utziko nuela pentsatu nuen. Izan ere, trekking-eko galtzekin gailurrera abiatu behar nintzen. Tontor horretan -30ºko tenperatura egin zuen!».

Egoera horrek ez zuen alpinista frantziarra kikildu eta bere helburuarekin aurrera jarraitu zuen. Gailurra lortzeko beste hamar ordu behar izan zituen. Arrakasta hori goizeko 7.00etan erdietsi zuen: «Hotz handia egiteaz gain, haizete gogorrak zeuden: orduko 45 km. Ez nuen uste tontorrera helduko nintzenik. -30ºko tenperaturarekin eta arropa oso arinarekin… Ez zen egoera batere dibertigarria. Hirugarren kanpalekura oso azkar jaitsi nintzen. Denda jaso nahi nuen, baina zulo baten barruan zegoen. Hiru orduko lanaren ondoren, artesi horretatik atera nuen. 26 orduko jardunaren ondoren, oinarrizko kanpalekura iritsi nintzen».