NAIZ

Ekintza feminista egin dute Baionan besta seguruak galdetzeko

Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, ekintza burutu dute asteazken honetan Baionako Herriko Etxean bukatu berri diren bestek indarkeria matxistari dagokionez utzitako bilana salatzeko.

Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, ekintza burutu dute, gaur arratsaldean, Baionako Herriko Etxean. Dozena bat lagun gaur ospatzen den udal batzarrean parte hartzen ahalegindu dira.

Bertan, bukatu berri diren bestek eraso matxistei buruz utzitako bilana salatzeko hitza hartu nahi zuten. Alta, atea hetsirik bilerarekin jarraitu dute udal ordezkariek.

Hala alboko gela batean gelditu dira protestan parte hartu duten herritarrak.

Feministek 'Bestak seguruak noizko' zioen banderola zabaldu dute bertan. Indarkeria sexistari aurre egiteko, baita bestetan ere, «konzientzia kolektibo baten premia» aldarrikatu dute.

'Erantzunik gabe erasorik ez' ohikatu dute, hala haien mezua, kanpotik bada ere, udal arduradunei entzunaraziz. 

 

Kazeta.eus hedabideak ekitzaren nondik-norakoak eman ditu. X sarearen bidez, bestalde, protestaren bideoa zabaldu du.

Besten gaineko bilan baikorra

Asteartean eginiko agerraldian, sexu indarkeria saihesteko egitasmoak indartzeak emaitza onak eman dituelako konforme azaldu dira agintariak Baionako besten ostean.

Itaia talde feministak ezarritako babesgunean dozena bat testigantza jaso badituzte ere, besten bilan ofiziala aurkezteko prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradorearen esanetan, guztira hiru sexu eraso jakinarazi ziren igaro berri diren bestetan.

Horiek guztiek jarraipen judizialik ez dutela izan argitu ostean, bortxaketa salaketarik ez izatea bestetako «benetako emaitza ona» izan dela gaineratu zuen Bourrierrek.

Hitzordua irailerako

Baionako bestak «gertakari onartezinek eta bortizkeriaren kudeaketa eskasak» markatu dituztela salatu dute, ordea, Ipar Euskal Herriko feministek gaurko protestaren baitan irakurri duten agiriaren bidez.

Egoera larri horren aurrean, Jean-Rene Etchegarayk eginiko adierazpenak arbuiatu dituzte.

«Baionako Herriko Etxeak, ausarki, 2024ko bestak lasaiak izan direla erran du, gertakariak
minimizatuz eta ikusezin bihurtu nahian», salatu du mugimendu feministak.

Erakundeek bortizkeria matxista aintzat hartuz arazoari aurre egiteko «ekintza zehatzak aitzinera eramatea» galdetu du.

«Arazoa egiturazkoa dela» oroitaraziz, dei bikoitza egin dute «kontzientzia hartze kolektibo» baten mesedetan.

Gizarte zibilari antolatzeko deia egio diote, «elkarrekintza da gure indarra» nabarmenduz.

«Era kolektibo batean babestu behar dugu elkar, aske eta seguru ibili ahal izateko», gaineratu dute.

Erakundeei, berriz «aldaketa iraunkor baterako egiazko tresnak sustatzea» galdetu diete.

Gaur ezin izan dute hautetsien aitzinean hitza hartu. Alta, heldu den irailean iraganen den kontseiluan entzuna izatea galdetu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak.

«Hautetsi jaun-andreok, elkarrizketarako gonbidapenari uko egiten badiozue, ziur egon edozer gertatzen dela ere, gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunen dituzuela iraila arte eta irailetik goiti», oharra egin dute.