NAIZ

Hondarribiko Alardean legea betetzea eta emakumeen parte-hartzea bermatzea eskatu du EH Bilduk

Hondarribiko Alardean emakumeen parte-hartzea bermatzeko «iruzurrarekin bukatzeko eta legea betetzen hasteko garaia heldu dela» aldarrikatu du EH Bilduk herri horretan egindako agerraldian.

Alardeari buruz EH Bilduk Hondarribian egindako agerraldia.
Alardeari buruz EH Bilduk Hondarribian egindako agerraldia. (HONDARRIBIKO EH BILDU)

Hondarribiko Alardean «iruzurrarekin bukatzeko eta emakume eta gizonen berdintasun legea betetzen hasteko garaia dela» nabarmendu du EH Bilduk herri horretan egindako agerraldian.

«Jaiak hurbildu ahala beharrezkoa zaigu salatzen jarraitzea gure herriak ez duela bete beharrekoa den emakume eta gizonen berdintasun legea kunplitzen», salatu du EH Bilduk.

Izan ere, lege honen 25. artikuluak adierazten duenez administrazioek «beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela EAEren esparruan izaten diren kultura jarduera guztietan».

Honekin batera, gogoratu dute, artikulu horrek debekatu egiten du emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten ekitaldiak antolatzea.

Gauzak horrela, EH Bildurentzat ez Hondarribiko Udalak, ez Gipuzkoako Aldundiak, ez Lakuako Gobernuak ez dute legea betearazten. «Herritarrok gutxispena eta diskriminazioa pairatzen dugu herriko jaietan», deitoratu dute.

«Alarde Fundazioa ez da legez eratu»

Alarde Fundazioa Hondarribia izeneko taldea inoiz ez dela legez eratu ere mahaigaineratu dute. Azaldu dutenez, Nafarroan saiatu ziren erregistratzen baina Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen asmo hori. Antzeko errefusa jaso zuten Lakuaren partetik, koalizioaren arabera.

«Hogei urtez baino gehiagoz iruzur egin die Alarde Fundazioa Hondarribia izenekoak Hondarribiko herriari, Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta beren bazkide eta lagunei: desfile armatua antolatu, dirua publikoki bildu, aseguruak kontratatu, armak erakutsi eta herriko kaleetan animaliak erabili izan ditu, eta horretarako baimena izan du instituzioek haien alde egin dutelako orain artean, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko ukoa jaso behin eta berriz», azaldu du EH Bilduk.

«Orain izena aldatu diote, Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko kultur elkartea dira; izena aldatu bai, baina izanari eusten diote, eta jarraitzen dute emakume eta gizonen berdintasunerako legea hausten», gaineratu du EH Bilduk.