NAIZ

Soldatak Euskal Herrian erabakitzearekin ados daude EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos

Langile publikoen soldatak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearekin bat datoz EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak. Horrela adierazi diete EAEko alor publikoko sindikatuei haiekin izandako bileretan.

EAEko sektore publikoan egindako grebaren baitan Gasteizen egindako manifestazioa, martxoaren 12an.
EAEko sektore publikoan egindako grebaren baitan Gasteizen egindako manifestazioa, martxoaren 12an. (Raul BOGAJO | FOKU)

EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira Euskal Herriko langile publikoen baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatearekin. Horrela adierazi diete EAEko sektore publikoko ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuekin Gobernu espainolak langile publikoen soldatari buruzko errege dekretua aztertzeko izandako bileretan.

«Aldebiko bilera horietan, sindikatuek alderdiei eskatu diete lan baldintzak hemen erabakitzea bermatuko duen dekretua ahalbidetzea, egun dagoen bezala ez baitu hori posible egiten. Eta kongresuko boza erabili dezatela langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki ahal izateko, horretarako beharrezko erabakiak hartuz eta formulak bilatuz», azaldu dute sindikatuek.

Ez dago argi zer bozkatuko duten

Sindikatuek ohar batean berri eman dutenez, alderdiek ez dute argi adierazi zer jarrera izango duten uztailaren 23an Kongresuan egingo den bozketan, «baina guztiek agertu dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzearen aldeko jarrera. Hori baita sindikatu eta langile publikoen eskaria».

Sindikatuen arabera, «alderdiek erakutsitako jarrerarekin koherente izateko, orain langile publikoen soldatak Euskal Herrian erabakitzea ahalbidetzeko erabakiak hartu beharko lituzkete».

Honekin batera, PSE eta PPren jarrera salatu dute sindikatuek, maiatzeko bileren errondan ez zutelako parte hartu eta orain egin dieten eskaerari ere ez diotelako erantzun.

«Sindikatuok borrokan jarraituko dugu Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzeko, sektore pribatuen hitzarmenen prebalentziarekin gertatu den bezala. Alderdi hitzetatik neurri zehatzetara pasa behar dute», nabarmendu dute.