CONTENU SPONSORISÉ

Madalenak iritsi dira Gipuzkoara eta Santa Ana jaiak ere ate joka dira

Sanferminak eta karmenak atzean utzita, madalenen txanda iritsi da asteburu honetan Gipuzkoako zenbait herritara, Errenteriara eta Mutrikura, besteak beste. Antzuolan ere jaietan dira dagoeneko –larunbata honetan antzeztuko dute Alarde famatua– eta Ordizian asteburu honetan hasiko dira Santa Ana jaiak ospatzen.

Errenterian aurten ere mila koloretako txupinazo txikia egingo dute, oraingoan igande arratsaldean.
Errenterian aurten ere mila koloretako txupinazo txikia egingo dute, oraingoan igande arratsaldean. (HERRI BIZIA)

Madalena eguna astelehenean ospatuko bada ere, Errenterian eta Mutrikun hainbat jai ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako. Horrela, Errenterian ostiral arratsalderako (uztailak 19) "Ongi Etorri Madalenak 2024" jaialdia dago iragarrita, herriko talde eta elkarteen partaidetzarekin, eta herriko erakunde eta pertsonai gonbidatuekin.

Larunbaterako berriz (uztailak 20), kirol txapelketak, herri  bazkaria, dantzari eta txistularien emanaldiak, kontzertuak eta akelarre feminista daude iragarrita, eta txupinazoa igandean izango da (uztailak 21). Ohikoa den moduan, lehenbizi mila koloretako txupinazo txikia egingo dute eta jarraian txupinazo nagusia, aurtengo jaietan omendua izango den DYA Gipuzkoa elkartearen eskutik. Holi festa ere egingo da eta Zumardian jarritako pantaila erraldoi batean jarraitu ahal izango da, baita "Herri Bizia" web orrialdean ere. Eguna amaitzeko Gaueko Danborrada Handia eta kontzertuak izango dira.

Egitaraua bost egunez luzatuko da, Santiago egunera arte (uztailak 25). Astelehenean Madalen eguna ospatuko dute, asteartean jubilatu eta kuadrillen eguna, asteazkenean emakumeen eguna eta ostegunean Santiago eguna.

Musika atalari dagokionez, aurten ere programazio zabala prestatu dute honako talde eta abeslariekin: Eñaut Elorrieta eta txistulariak (larunbata 20); Eire eta Delirium Tremens (igandea 21); Zilibito Records eta Leize (astelehena 22); Rodeo, Sukena eta Oihan Vega (asteartea 23); Olgetan erromeria eta Anje Duhalde (asteazkena 24) eta Kalakan eta Ilargi (osteguna 25).

Udalak nabarmendu duenez, jaiak partaidetzan oinarritzen dira eta, aurten, herritarren inplikazioan sakontzeko, formula berriak esploratzen jarraitu nahi izan dute. Besteak beste, Gazte Guneko egitaraua osatzeko sare sozialak erabiltzen edo aurtengo omendua erabakitzeko herritarren batzorde bat osatzen.

Era berean, Jai Batzordearen eginkizuna azpimarratu du. Izan ere, elkarte ugari aritu da lanean aurten ere egitarau zabala eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatzen.

Errenteriako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Errenteriako Udala, Pizza Sprint, Oarsoak, Zamalbide.

Mutrikun igande arratsaldean botako dute txupinazoa eta ondoren, erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da, txistu taldeak lagunduta. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mutrikun ere uztailaren 21etik 25era ospatuko dituzte Madalen jaiak. Hala ere, larunbatean (uztailak 20) txosnagunean txupina botako dute eguerdiko 12.30ean eta ondoren herri bazkaria egingo dute, Bizixo jai konpartsak antolatuta. Arratsaldean "Txaranga a la mutrikuarra" irtengo da, txosnen irekiera egingo da eta "Ez dugu erasorik onartuko" manifestazioa abiatuko da batukadarekin.

Jaietako txupinazo ofiziala igandean botako dute, arratsaldeko 18.00etan eta ondoren erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da, txistu taldeak lagunduta. Segidan, Bizixori agurra eta karropoteoa egingo dira, baita larrain dantza herrikoia eta danborrada ere.

Jai egitaraua ostegunera arte luzatuko da. Astelehenean Malen eguna ospatuko dute; asteartean elkartasun eguna; asteazkenean kuadrilla eguna eta ostegunean Santixo eguna.  

Musika arloari dagokionez, honako taldeek joko dute Goiko plazan: Afrika Bibang, Oihan Vega, Puro Relajo, Dantza Saltsa eta Bulego. Txosnagunean, berriz, hauexek: Orrues, Desgaraian, Akaleia, Mugi Panderoa eta Bide Batez. Azken egunean, bertso saioa izango da txosnagunean Amets Arzallus, Alaia Martin eta Ane Labakarekin.

Mutrikuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arbe hotela, Camping Galdona, Mutrikuko Udala, Txalaparta kafetegia.

1880 urtetik egiten den Antzuolako Alardea larunbata arratsaldean antzeztuko dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Antzuolan dagoeneko hasi dituzte jaiak. Ostegunean (uztailak 18) bota zuten jaien hasierako txupinazoa eta, azken urtean jaiotako haurrei eta herriko bi nagusienei zapia jarri ondoren, herriko bandera eta ikurriña jaso zituzten. Aurten, Oinarin dantza taldea izan da ikurriña jasotzeko ohorea izan duena, «urte luzez, belaunaldiz belaunaldi, bolondres lanetan herriko ume zein nagusiei dantzak erakusten egindako lanagatik esker on eta aitortza adierazteko», Olatz Lezeta alkateak adierazi duen bezala.

Ostiral honetarako (uztailak 19) herri bazkaria, jolas parkea, kuadrillen arteko ginkana eta erromeria daude iragarrita, besteak beste. Eta larunbatean (uztailak 20), Antzuolako alarde ospetsuaren edizio berri bat izango da arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Aurten, gainera, azken aldiz joko dute espainiar Borboi etxeko martxa militarra eta datorren urtean herriaren izaera hobeki islatzen duen abesti berria estreinatuko dute, Ion Gurutz Biteri musikariak konposatuta. Iaz bezala, aurten ere Zishan Tariq, pakistandar jatorria duen Antzuolako bizilagunak beteko du Abd al-Rahman buruzagi islamiarraren papera.

Egitarauak igandean jarraituko du, herri bazkari, bigantxa, larrain dantza eta musika kontzertuekin, gaueko 23.00etan hontzaren igoera egin aurretik.

Musika kontzertuei dagokionez, herriko plazan honako taldeek joko dute: Iratzar, Joselu Anaiak eta Gari; eta txosnagunean, beste hauek: Buru Gabe, Neallta Fola eta Argitu, eta Harrikada, Dirty Old Gasteiz eta DJ Kepix.

Antzuolako enpresa laguntzaileak: Elay, Goizper.

Santa Ana egunaren biharamunean, urte honetan ezkondutako bikoteek 1509tik egiten den aurreskua dantzatuko dute.

Ordizian, azkenik, Santa Ana jaiak gainean dituzte. Egun nagusia datorren ostiralean izango bada ere (uztailak 26), asteburu honetan hainbat ekitaldi ospatuko dituzte, bai Udalak zein txosna batzordeak antolatuta.

Horrela, egitarau ofizialean haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira nagusi. Larunbatean (uztailak 20) haur jaio berriei zapiak emateko ekitaldia egingo da, eta eguerdian txupinazoa botako dute, haurren egunari hasiera emanez. Ondoren umeen bazkari herrikoia egingo da eta arratsalde-gaua ekitaldiz beteta egongo da: dantzaldia, ur parkea, buruhaundi eta erraldoiak, txikien kuadrillen kalejira, mozorro dantzaldia, zezen suzkoa eta kontzertua.

Igandean ere haurrek jarraituko dute nagusi izaten, eta goizean Udaletxean haurren alkate jaun-andreei harrera egingo zaien bezala, arratsaldean haurren danborrada abiatuko da herriko kaleetan.

Txosnagunean, bestalde, ostiral arratsaldean bertan egingo dute pregoia eta ondoren bizi-poteoa abiatuko da auzoz auzo, eguna musika kontzertuekin bukatu aurretik. Igandean, berriz, gazte bazkaria egingo dute eta gauean DJ saioa.

Bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, asteazkenean itzuliko da jai egitaraua, eguerdian botako duten txupinazo ofizialarekin, aurten, Ordizia Igeriketa, Ordizia Rugby eta Urdaneta ikastetxeko ordezkarien eskutik. Egun horretan ere ohiko asteroko azoka egingo da.

Aurtengo jaiak hurrengo larunbata arte luzatuko dira (uztailak 27), orduan ospatuko baitute santanazaleen eta kuadrillen eguna. Ohiturari jarraituz, Santa Anaren biharamunean, urte honetan ezkondutako bikoteek 1509tik egiten den aurreskua dantzatuko dute.

Gaueko kontzertuei dagokionez, honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Rockalean (asteazkena 24), Golden Apple Quartet (osteguna 25), Los Tenampas (ostirala 26), Urrats eta London Orkestra (larunbata 27). Eta txosnagunean, berriz, hauexek: Hilerri, Arrixku, Katu eta DJ Atenenas (ostirala 19), DJ N-Lezz (larunbata 20), Stepi Selektah eta Bassagain Soinu Sistema (asteazkena 24), DJ Tintz (osteguna 25) eta Balantza erromeria, Mutiko eta Jon Ritter (larunbata 27).

Ordiziako establezimendu laguntzailea: Mujika liburudenda.