NAIZ

Moussa Diarra, Alaveseko jokalari berria: «Euskal Herrian egoteaz pozik nago»

Moussa Diarra atzelariak Alavesekin sinatu du 2028ra arte. Kontratu luzea adostu dute bi aldeek, elkarren artean hazten jarraitzeko erronkarekin. Frantziarrak adierazi du eskaintza asko izan dituela baina Alaves «talde familiarra» izateak erakarri egin diola.

Moussa Diarra, azterketa medikua egiten.
Moussa Diarra, azterketa medikua egiten. (ALAVES)

Moussa Diarra Alaveseko jokalari berriak ostiral honetan eman du bere lehendabiziko prentsaurrekoa Gasteizen. Azaldu duenez, «taldean lan egitea» gustatzen zaio eta Alaves aukeratu du «talde familiarra eta futbol ikuspegitik interesgarria» delako.

Atzelari frantziarrak kontratu luzea sinatu du klub gasteiztarrarekin, 2028ra arte, hazten jarraitzeko erronkarekin. Gainera, onartu du «talde oso onen» eskaintzak ere izan zituela baina azkenean, Gasteizera etortzea hobetsi zuela.

Izan ere, erreferentzia onak zituen Alavesekiko, Alex Dominguez izan baitu taldekide Toulousen. «Oso ondo hitz egin dit talde honi buruz, taldea eta hiria ikertzen hasi nintzenean. Euskal Herrian egoteaz pozik nago», esan du futbolariak.

Alavesi buruz nabarmendu zioten lehen gauzetako bat bere zaleen indarra izan zela aitortu du. «Babesa ematea eta atzean egotea nahi dugu. Horrek zoriontsu egiten gaitu», esan du, taldekideekin jokatzen hasteko prest dagoela azpimarratuta.

Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak, bestalde, espero du berarengan jarritako aurreikuspenak betetzea, «gauza asko eman ahal digulako».

Fernandezek azaldu duenez, Frantziako ligan arreta berezia jartzen du «hurbiltasunagatik», baina «ekonomiaren ikuspuntutik merkatu zaila» dela onartu du. Hori dela eta, alde guztien ekarpena eskertu du, negoziazio hau bide onera iritsi delako. «Denok jarri dugu gure aletxoa hemen egoteko, eta albiste bikaina da», esan du Moussa Diarraren fitxaketari buruz.