NAIZ

Brasilek 83.988 bortxaketa erregistratu zituen iaz; bat sei minuturo

Bortxaketak %6,5 hazi ziren iaz Brasilen, FBSPren azken txostenaren arabera. Gobernuz Kanpoko Erakunde hau 2011n hasi zen datu hauek jasotzen eta, ordutik, bortxaketa kopururik altuena erregistratu zuen 2023an. Hilketa matxistek, berriz, behera egin zuten hirugarren urtez jarraian.

‘Emakumeen bizitzagatik da’, idatzita duen afixa, Brasilen ekainean egindako protesta batean.
‘Emakumeen bizitzagatik da’, idatzita duen afixa, Brasilen ekainean egindako protesta batean. (Europa Press)

Bortxaketak %6,5 hazi ziren iaz Brasilen, 2022ko datuen aldean. Amerikako herrialde horretan, bataz beste bortxaketa bat izaten da sei minuturo. Hala ere, hilketa matxistek behera egin dute hirugarren urtez jarraian, ostegunean argitaratutako azterketa baten arabera.

Latinoamerikako herrialderik handienak 83.988 bortxaketa erregistratu zituen 2023an, inoizko kopururik altuena Segurtasun Publikoko Foro Brasildarra (FBSP, gaztelerazko siglatan) 2011an datuak hartzen hasi zenetik. Poliziaren erregistroetatik hartzen ditu datuak Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) honek.

2011ko zifren aldean, bortxaketak %91,5 hazi direna ebatzi du FBSPk urtero egiten duen azken azterketak. Ohartarazi duenez, haziera hori «etengabea» izan da azken hamahiru urteetan.

Indarkeria hau jasan zuten pertsonen %88,2 emakumeak dira, eta %61,6 14 urtetik beherako haurrak. Bortxaketen %64 familiako kideren batek egin ditu.

Erregistratutako kasuen igoerak «sentsibilizazio handiago bat» erakusten duela baieztatu dio Samira Bueno FBSPko zuzendari exekutiboak AFP berri agentziari. «Biktima gehiago adoretzen dira salaketa jartzera, baina kontuan izan behar dugu, halere, oso zifra altua dela», gaineratu du. Zehaztu du, gainera, salatzen edo erregistratzen ez diren kasuak asko direla.

«Biktimak haurrak direnean, mota honetako indarkeria denbora luzez errepikatu daiteke, harik eta arduradun batek edo eskolako norbaitek identifikatzen duen arte», baieztatu du.

47.000tik behera, lehenengoz

Iaz 46.328 hilketa matxista erregistratu ziren Brasilen, 2022an baino %3,4 gutxiago. 2011tik ehenengo aldiz, 47.000 biktima baino gutxiago izan ziren, hala, hirugarren urtez jarraian egin du behera kopuru horrek.

Hala ere, hilketen tasa 100.000 biztanleko 22,8koa da, hau da, mundu mailako bataz bestekoa (5,8 hilketa 100.000 biztanleko) baino ia lau bider handiagoa.

«Mundu mailako populazioaren %3 inguru dagon Brasilen, baina munduan jazotzen diren hilketen %10aren arduraduna da», esan du Renato Sergio de Lima FBSPko presidenteak.

Txostenak jasotzen du, halaber, 6.393 pertsona hil zirela polizia-interbentzioetan iaz, 2022an baino zertxobait gutxiago (6.429). Biktimen %82,7 beltzak ziren eta %71,7k 12 eta 29 urte artean zituzten.