Galdutakoa irabazita, pasa den asteburuko abantaila bera mantentzen du Urdaibaik, Eusko Label ligako sailkapenari dagokionean. Lasaitasuna berreskuratu dute Iker Zabalaren mutilek, herenegun Zierbenak Ribeirako bandera astindu eta gaur, Kaiarribak garaipena gertu ikusten baitzuen. Sasoi honetan lehen aldiz asteburu osoan hutsean geratzeko zorian ikusi du bere burua ‘Bou Bizkaiak’, gainera Boiroko korronte nahasietan, ohorezko txandan haizea zakartu eta laugarren kaletik arraun egitea egokitu baitzaio. Lehen kaletik, Donostiarrak abantaila polita pilatu du lehendabiziko bi ziabogetan –bigarrenean, lau segundoko aldea zeukan Urdaibairekiko– baina bermeotarrek, kale eskasenetik arituta ere, ongi eutsi dituzten indarrak eta azken luzean, poparean, beraien bereizgarri den potentzia atera eta donostiarrak gainditu dituzte.
Ohorezko txandan lehiatu dira Igor Makazagarenak, Ribeiraiko lan onaren sari bezala, eta igande honetan, garaipenak azken unean ihes egin badie ere, Galiziako lanarekin oso kontent egon behar dute donostiarrek. Onenekin lehiatu ez dena baina bere zeresana eduki duena bukaerara arte Hondarribia izan da. Larunbateko lan makurra ederki konpondu du ‘Ama Guadalupekoak’. Berretsi du bere lekua ez dela lehendabiziko txanda eta, kasik erlojupeko bat osatuta, banderaren lehian egon da, azken unean, ehuneko batzuengatik, Zierbenak ere pasa egin dion arren. Galipoek, Ribeiran Urdaibairi jan zien bi puntuak ezeresean geratu dira Boiron eta berriro ere zazpi puntu daude bien artean.
Lehen txandan Hondarribiak ezarritako denbora gainditzea izan da denen helburua eta Ondarroak, bigarren txandan, ikusi du sekulako erronka jarri duela ‘Ama Guadalupekoak’. Dena dela, txanda irabazteko helburu argiarekin, estropada ederra osatu dute ondarroarrek eta azkenean, seigarren bukatu dute, sailkapenaren erdialdean sendo mantentzeko beste erakustaldi bat emanda. Atzetik aurrera egin du, bestalde, Lekittarrak, laugarren kaletik lepo sufritu eta azkenean, Getariaren aurretik sailkatuta.
Dena dela, haizearen zakarkeriak gehiagora jotzen zuenaren erakusle izan da San Pedro. Hondarribiarengandik oso urrun helmugaratu da lehen txandan baina bukaerako sailkapenean zortzigarren bukatu du, Lekittarra eta Getariaren aurretik. Urrats handia eman du ‘Libiak’, Eusko Label ligara itzuli den honetan maila mantentzeko borrokan baitago. Kaikuri, bere arerio nagusiari, lau puntu jan dizkio, sestaotarrek bigarren ziabogan kalapita egin eta azken postuan sailkatu baitira.
Arraun Lagunak, nekaezin
Ziabogan kamuts arituta ere, Arraun Lagunak geldiezin dabil. Dena irabazita iritsi da ligako ekuadorrera, zortzitik zortzi; beste horrenbeste bandera geratzen direnean. Erronka handia onartu zuten, dena irabaztea, liga garaipena jada nahiko bideratuta daukatenean –16 puntuko errenta ateratzen diote bigarren sailkatu Tolosaldeari– eta bide horretan tinko dabiltza.
Igande honetan, Boiroko korronteetan dena alde izan dute, baina lan egin dute dena alde izateko ere. Zozketa lagun, lehendabiziko kaletik aritu dira, babespean, eta ongi probestu dute, indartsu arraun eginez. Brankan zortzi segundoko tartea ireki du Donostiarrarekiko eta bederatzi Tolosaldea eta Oriorekiko.
Ziabogan zabalera jo du Andrea Astudillo patroi eta Aiora Belartietara aurrekalariarekin eta irteeran, pare bat segundo jan dizkio Donostiarrak, hirugarren kaletik arraun eginda. Poparean, baina, behin ontzia bideratuta, geldiezin aritu da ‘Lugañene’ eta ez du aurkaririk izan. Tolosaldeak, bigarren kaletik lehendabizikora egin du eta Arraun Lagunak-en uberan joan da, 12 segundoko distantziarekin –lau traineruko tartea–.
Lehia estua, beste behin, bigarren posturako egon da, Tolosaldea eta Donostiarrarekin. Ramon Erostarberen ontziak poparean daukan indarra azaleratu du, Kaiarribari segundo batzuk janda baina azkenean, Rufo Urtizberearenak nagusitu dira, aurreko eguneko arantza askatu –arraunlari bat izan ezik, eskifaia osoa aldatu zuen– eta sailkapen nagusian, bigarren ontzi onena izateko lehian bizirik daudela ohartarazteko.
Lehen txandan, bestalde, Hondarribiak bere nagusitasuna berretsi du baina lehen lau ontzien denboretatik urrun aritu da (28 segundora, zehazki). Ezusteko handiena Tiranek eman du, etxeko ontzi Caboren aurretik bukatu baitu estropada. Moañako ontziak, lehen kaletik arituta, azkenaurreko postuan bukatu du, nahiz eta sailkapenean ez dagoen aldaketa handiegirik. Modu honetan, Hibaikak beste bi puntuko tartea ireki dio Boiroko traineruari –atzo bat jan zion Cabok–, jaitsiera play-offak saihesteko borroka horretan garrantzitsuak izan daitezkeenak.