NAIZ

Laso eta Tolosa ausardiaz eta garaipenarekin estreinatu dira Caixabank Mastersean

Unai Lasok eta Xabi Tolosak osatutako bikoteak eraman du Otxandioko dema (17-22). Ezkurdiak eta Albisuk finago hasi dute partida (3-1) baina markagailua hiru aldiz berdindu ostean, urdinek tarte erabakigarriak ireki dituzte.

Unai Laso, pilota eramateko intentzio betean, Otxandioko pilotalekuan.
Unai Laso, pilota eramateko intentzio betean, Otxandioko pilotalekuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Caixabank Mastersak badauka xarma berezia, bi enpresetako pilotariak nahastuta osatzen baitira bikoteak. Horrek, pilotarientzat ez ezik, zaleengan ere grina sortzen du eta horregatik, hain zuzen ere, bere garrantzia hartzen du txapelketa honek pilota egutegian. Hasi besterik ez da egin txapelketa, asteburu honetan jokatu dira lehendabiziko jardunaldiko partidak –gaur gauean jokatuko da Fuenmayorren Artola-Rezusta eta Zabala-Imaz bikoteen arteko dema– eta urriaren 6ra arte luzatuko da.

Nola hasi baino, azken txanpa horretara maila onean iristea garrantzitsua izaten da baina zalantzarik ez dago lehen garaipen batek konfiantza ematen duela, are gehiago bikote berriak baldin badira, txapelketa honetan sarri gertatzen den bezala. Laso eta Tolosak, 2021eko edizioan lehen jardunaldia jokatu zuten elkarrekin, Bizkarreta-Gerendiaingoak Jaka ordezkatu zutenean. Garaipenarekin egin ziren Olaizola II.a eta Zabaletaren aurka eta igande honetan, berriro elkarrekin kantxaratu eta beste garaipen bat pilatu dute, Ezkurdia-Albisuren aurka. Anoetako atzelaria pozik agertu da partida amaieran, bai dema irabazteagatik eta baita Laso bezalako «izar» batekin jokatzeko aukera izateagatik ere. «Gozatua da berarekin jokatzea. Partida oso ona egin dugu; partidaren lehen erdia gogor joan da, gero erritmoa jaitsi dugu baina akats gutxi egin ditugu eta Unairek erritmo ikaragarria sartu du aurreko kuadroetan», azaldu du Xabi Tolosak.

Lasoren txispa

Hain zuzen ere, partidaren hasieran finago aritu dira Ezkurdia eta Albisu, ezker gantxoarekin Arbizukoa zital aritu dela (3-1). Urdinek baina lortu dute berdintzea (3-3) eta markagailuan beste hiru berdinketa ezarri ostean, koska bat aurrera egin dute Bizkarreta-Gerendiaingoak eta anoetarrak (7-10).

Korrontearen kontra igeri egiten aritu dira gorriak eta beraien tanto bakoitzean urdinen erreakzioa iristen zen, Tolosa bizkarzain sendo gisa arituta eta Laso sekulako txisparekin arituta. Lehen atsedenaldi luzera 8-12 joan dira aurretik eta aurrerantzean gorriak «borrokan» aritu badira ere, «opari dezente» egin dituzte, Jon Ander Albisuren arabera. Otxandioko frontoiko zoruan pilotak bote arraroak egiten zituela ere nabarmendu du, baina egoera denentzat berdina izan zela eta porrotaren aitzakiarik ez zegoela azpimarratuta.

Urdinen abantailik handiena bost tantokoa izan da (13-18), gorriek erreakzionatu dute hori murrizteko eta estu hartu dituzte arerioak (15-18). Ezker gantxoz eta sakez egindako bi tantori esker, Lasok eta Tolosak tartea ireki dute berriro eta Ezkurdiak Baikoko aurrelariaren defentsako lana mugara eraman duen arren (16-20), ezker gantxo zitalarekin eta txokoan hilda utzitako beste tanto batekin, partida dotorea biribidlu du Lasok.

Martxel Iztuetaren lehen garaipena

Herenegun hasi zen Caixabank Mastersa, Laudion, Altuna III.a eta Iztuetaren garaipenarekin, Jaka eta Martijaren aurka. Amezketako aurrelariak bolada ona luzatu zuen, atzean bizkarzain tolosar gaztea zuela. Edizio honetan nobedade handienetako da Martxel Iztueta. Aitor Arangurenen lekua hartu du Tolosakoak eta ezin aurrelari hobearekin osatu du bikotea Serie B mailako Binakako txapeldunak.  

Lehen mailako pilotariekin lehiatzen duen lehendabiziko txapelketa du hau Martxel Iztuetarentzat eta seguru, ostiralean lortutako garaipena hauspo izugarria izango dela berarentzat. 22-11 markagailuarekin garaitu zuten Jaka-Martija bikotea –hain zuzen ere, Altuna eta Martija, ostiralean Laudioko Artea pilotalekuan arerio izan zirenak dira egungo Binakako azpitxapeldunak–. Lehen aldiz jokatu zuten elkarrekin Jokin Altunak eta Iztuetak baina bikote sendoa osatu zuten, hamairu tanto eginda eta soilik sei hutsegiterekin bukatuta.

Atzo, bestalde, Caixabank Masterseko bigarren jardunaldia jokatu zen Barakaldon eta Peio Etxeberria-Mariezkurrenarentzat izan zen garaipena. Dema oso estua izan zen Peña-Bikuñaren aurka eta azken tantoan erabaki zen lehia (22-21). Txapelketa hasi besterik ez da egin baina irabazteko anbizioaren ondorioz, pilotarien arteko tentsio ere agerikoa izan zen.