Haritz Larrañaga

Non, noiz eta nola egingo dira surfeko Olinpiar Jokoak, eta nor lehiatuko dira?

Parisko Olinpiar Jokoetan surfa ere badago. Beraz, mundu osoko selekzio desberdinetako ordezkariak urrezko domina irabazteko lehiatuko dira. Tahitin izango da, uztailaren 27 eta abuztuaren 8 bitartean, eta formatua ezohikoa izango da.

Surf Olinpikoetako lehen txapelduna, mutilen kategorian, Italo Ferreira brasildarra izan zen.
Surf Olinpikoetako lehen txapelduna, mutilen kategorian, Italo Ferreira brasildarra izan zen. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Tahitiko Teahupoo urautsi famatuan egingo dira surfaren bigarren Joko Olinpikoak. Uztailaren 27 eta abuztuaren 8 bitartean 19 selekziotako 48 ordezkari lehiatuko dira bertan, alegia, nesken kategorian 24 eta beste 24 mutilenean. Puntuazio irizpideak ohikoak izango dira, baina formatu orokorra irizpide olinpikoetara egokituko da.

Parisko Joko Olinpikoak izan arren, Frantziako hiriburutik 15.700 kilometrora egingo dira Surfaren Olinpiadak. Joko Olinpikoen historian gune nagusitik urrunen egingo diren jokoak izango dira, eta Tahitiko hiru surflarik parte hartuko dute, baina Frantzia ordezkatuz.
 
Ikuskizuna bermatuta?

Teahupooko irudiak ikusgarriak dira, baina baldintzak onak direnean. Urautsi oso berezia da. Ez da hondartza bat, ez du edozein haize, itsasaldi edo itsaskiarekin funtzionatzen. Olatu txikiekin (metro bat baino gutxiago) ezinezkoa izango da txapelketa egitea, eta olatu handiekin (lau metro) arriskutsuegia izan daiteke. Kontuan hartu behar da, 2022. urtean lehiatu zirela lehen aldiz Teahupoon WSLko itzulian lehen mailan lehiatzen diren neskak, ez baita txantxetako olatu bat.

Urautsia kostatik 500 metrora dagoen arrezife baten gainean kokatzen da. Sakonera handiko uretatik datorren uhinak bat-batean arrezifearekin talka egiten du, «olatu mutantea» eratuz, eta ezker olatu bat eratzen da tubo erraldoiekin. Ez du ibilbide luzea, gutxi gorabehera 60 metroko ibilbidea eskaintzen du, ez da bestelako ariketak egiteko egokia. Ondorioz, tubo sakon eta luzeena egiten duenak eskuratzen du puntuazio altuena.

Apiril eta irail artean izaten da garai onena Teahupoon surf egiteko, baina ez dira egunero olatu onak izaten. Beraz, gerta liteke olatuak txikiegiak izatea edo baita handiegiak izatea ere. Haizea beste kontu bat da, olatuak ederragoak edo narrasagoak izan daitezke haizearen norabidearen ondorioz, baina garrantzitsuena gutxieneko itsaski bat izatea da.
 
Hiru domina bakarrik

Gehienez hamar egun izango dira txapelketa egiteko, uztailaren 27tik abuztuaren 8ra. Gutxienez lau egun beharko dituzte, eredu olinpikoa jarraituz, erronda guztiak egiteko. Puntuazio irizpidea ohikoa izango da eta txanda bakoitzean bi olatu onenen batura hartuko da kontuan. Aldatzen dena lehen hiru sailkatuak izendatzeko modua da.

Egun batean lehen errondak egingo dira, 3 lehiakidez osatutako 8 txanda nesken zein mutilen kategorian. Irabazlea zuzenean hirugarren errondara sailkatuko da, eta galtzaileak berriz lehiatuko dira bigarren errondan. Bigarren egunean kaleratuak izan diren lehiakideak binaka itsasoratuko dira eta irabazlea hirugarren errondara sailkatuko da. Alegia, bigarren egunean ere 8 txanda egingo dira kategoria bakoitzean.

Hirugarren egunean egingo dira hirugarren errondak, berriz ere buruz buru lehiatuko dira kategoria bakoitzean egingo diren zortzi txandetan. Eta irabazleak final-laurdenetarako sailkatuko dira.

Laugarren eta azken egunean, final-laurdenetako launa txanda egingo dira bi kategorietan. Lehiakideak binaka itsasoratuko dira eta irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira. Finalerdietan, ordea, ohiko surf txapelketetan ezohikoa den zerbait egiten da formatu olinpikoan, hau da, irabazleak zuzenean finalerako sailkatzen dira, baina galtzaileek berriz lehiatu behar dute, brontzezko domina nork eskuratuko duen erabakitzeko. Azkenik, finalean lehen postua eskuratzen duenak urrezko domina irabaziko du, eta zilarrezkoa bigarrenak.

Nadia Erostarbe zarauztarra da Olinpiar Jokoetan lehiatuko den surflarietako bat. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Txapelketa olinpikoari hasiera emango dioten txandak jada zehaztuta daude. Nesken kategoriarekin hasiko da lehiaketa. Itsasoratuko diren lehen hiru surflarien artean Nadia Erostarbe izango da. Erostarbek, gainontzeko lehiakide guztiek bezala, WSL zirkuituan naiz ISAko txapelketetan eskuratutako emaitzei esker lortu du Olinpiar Jokoetarako sailkatzea.
Espainiako selekzioak hiru ordezkari izango ditu Teahupoon, hirurak euskal hiritarrak. Erostarbe zarauztarra, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Andy Criere hendaiarra.