Israelek Gazako Zerrendan eraso egin dien emakume eta familiei laguntzeko 35.000 euro bidali dituzte Gernika-Palestina eta Yala Nafarroak, joan zen abenduan abiatu zuten elkartasun kanpainaren barruan. 2.000 emakume ingururengana iristea lortu dute.
«Palestinaren aurkako genozidioak aurrera jarraitzen du nazioarteko komunitatearen pasibotasunaren aurrean, baina egoera horren aurrean ezinbestekoa da Euskal Herritik elkartasun aktiboa mantentzea», adierazi dute datuen berri emateaz gain.
Bidalitako 35.000 euroez gain, Gernika-Palestina ekimenaren Jarraipen Batzordeak 10.000 euroko beste ekarpen bat egitea onartu du alokairuetarako eta 30.000 euroko hurrengo bidalketa bat prestatzeka UAWC-rentzat, nekazariekin lan egiten duen elkartearentzat hain zuzen ere.
Apirilean 154.000 euro biltzea lortu zuten Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak eta ekainean beste 71.136 euro bidaltzeko prest zituztela jakinarazi zuten.
Zehazki, orain bidalitako diruaren onuradunak honako hauek dira: Israelen erasoak eta kokapen geografikoak zuzenean eragindako emakumeak; senide zaurituak edo hildakoak dituzten emakume desplazatuak; lekualdatutako emakumeak, beren etxeak suntsituta dituztenak eta familiaburuak, adinekoak, ezkongabeak, haurdun daudenak, ezintasunak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
«Gazako emakumeek premia eta ahultasun paregabe eta urgenteei egin behar diete aurre -gogorarazi dute- egungo gatazkaren eta egiturazko genero diskriminazioaren ondorioz, Palestinako legeak barne, emakumeak gizonen babespean eta tutoretzapean daudela onartzen dutenak».