Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Urdax Antepara
Zierbenako arraunlaria

«Lapurtzen dizkiegun banderak amorruz berreskuratzen dituzte»

Ligako bigarren bandera astindu dute ‘Galipoek’. Galiziatik sentipen baikorrekin itzuli dira, nahiz eta larunbatean Urdaibairi jandako bi puntuak igandean ezerezean geratu. Bigarren postuan sendotzea dute helburua. Anteparak adierazi du liga irabaztea «oso zaila» dutela, «Bermeok ez baitu goia jo».

Urdax Antepara, Zierbenako arraunlaria.
Urdax Antepara, Zierbenako arraunlaria. (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Larunbateko estropadaren ostean, Zierbenarentzat asteburu biribila izan zitekeena zertxobait kamustuta geratu da igandeko estropadaren ondoren. Berdin jarraitzen baitu sailkapenak:  ‘Galipoek’ zazpi puntura dute Urdaibai. Asteburu honetan osatuko dute ligako lehen erdia. Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbenako arraunlariak orain artekoaren azterketa zorrotza egin du. Marea Bizian saioko bosgarren atalean entzungai duzue elkarrizketa.

Larunbatean Urdaibairi jandako bi puntuak igandean ezerezean geratu ziren. Zapore gazi-gozoarekin bueltatu zineten?

Sentipen oso baikorrekin bueltatu gara, larunbateko estropada irabazita. Baina egia da, aurreko asteburuan ere gertatu zitzaigun bezala, larunbateko zapore gozoa igandeko emaitzarekin pixka bat estali egin dela, ez genuelako gure mailarik onena eman. Sentsazio gazi-gozoa uzten digu. Larunbateko emaitzarekin liga pixka bat estutu genuen, baina berdin jarraitzen dugu. Hala ere, helburuak argi dauzkagunez, lasai gaude, eta uste dut sari positiboa dela larunbateko estropada irabazi izana.

Galizian ondo moldatzen zarete. Zerikusirik izango du Dani Perez zuen entrenatzailea Moañakoa izatearekin, baita zenbait arraunlari Galiziakoak izatearekin ere.

Egia da errealitate hori dugula taldean, baina ez dakit zein puntutaraino eragingo duen. Agian motibazioan bai, azkenean arraunlari askok etxean bezala jokatzen dutelako, baina ez dut uste truko edo sekreturik dutenik. Hala ere, egia da emaitza onak lortu izan ditugula. Beste bandera bat guretzat; beraz, oso pozik.

Orduan, zerk egiten du Galizian gailentzeak? Baliteke ere kasualitatea izatea baina...

Kasualitateaz gain, eta agian lehen esan bezala, taldekide askok ziurrenik etxean bezala jokatzen dute. Hala ere, egia da ur bare edo korronte eta haizea dagoen eremuetan ondo moldatu ohi garela. Agian Bermeo itsaso zakarrean edo indarra duen itsasoan gailentzen den bezala, guk ur bareagoetan edo hainbesteko balantzarik ez dagoen uretan gure maila emateko baldintza ezin hobeak aurkitzen ditugu.

Joan den larunbatean zer sentipen izan zenituzten?

Ohorezko txandan lehia estua joan ohi da beti estropadaren erdira arte edo. Gero, normalean indar gehiena duenak, asmatu duenak edo indar gutxien xahutu duenak alde egiten du. Larunbatean sentsazioak oso onak ziren, arraunean oso gustura eta sendo genbiltzan, eta bagenekien, trainerua horrela joanda, lehiakorrak izango ginela. Hirugarren luzean momentu giltzarria izan zen; Bermeok erasoa jo nahi izan zuenean, guk ondo eutsi genion. Eta eusteaz gainera, martxa bat gehiago genuela nabaritu genuen. Laugarren luze oso-oso on bat eginda, uste dut primerako estropada burutu genuela, sentipen bikainekin, eta uste dut bide lerroa argi utzi duela, jakiteko gure estropadek nolako joera izan behar duten.

Bukaeran gehiago estutu behar duzuela, alegia.

Bai, edo aurretiaz lana ondo eginda, pixka bat gutxiago gastatu. Bermeok duen abiadura eta eraso hori eusteko batzuetan larregi xahutzen duzu, eta gero beraiek duten potentzialarekin pixka bat aurrea hartu eta sarritan ez dago zereginik. Une erabakigarrienera ahalik erosoen eta energia ahalik gehienarekin heltzean dago gakoa.

«Pena igandean beste bi puntu galdu izana... Baina, tira, egia da gure helburua bigarren postua sendotzea dela»

Estutzeko erabakia estropada aurretik pentsatzen duzue edo hori aurrera joan ahala unean erabakitzen duzue?

Aurreko larunbateko egoeran, trainerua oso azkar doanean eta guztion blokea nabaritzen denean, guztion lan eta ekarpenarekin momentu batzuetan trainerua askatu bezala egiten da. Oso-oso azkar jartzen da. Hor, nahiz eta ehuneko ehunean joan, puntu gehigarri bat emateko gaitasuna baldin baduzu, abiadura hori aurkariak baino pixka bat gehiago mantenduta, tarte hori ireki ahal izaten da. Egia da ez dela erraza, aurretik ondo gogortuta joan behar duelako traineruak, eta indar guztiak ondo bateratuta. Baina momentua heltzen denean asmatuz gero, mina egiten zaio aurkariari.

Igandean, berriz, hirugarren egin zenuten. Larunbatarekin alderatuta, bestelako sentsazioak izan zenituzten?

Igandeko beroketan sentsazio onekin ibili ginen, baita estropada erdialdean ere. Donostiarrak egindako estropadak pixka bat harrituta utzi gintuen; uste dut Bermeo bera ere bai, estropada erdi horretara arte harrituta egon zen Donostiarrak emandako mailarekin. Nahiz eta sentsazio onak izan, uste dut momentu erabakigarrian gasolina eta indar hustea nabaritu genuela, eta ez ginen gai izan egin behar genuen lan guztia egiteko. Horregatik, pixka bat sentipen ez guztiz onekin bueltatu ginen. Edozelan ere, Hondarribiarekin puntu bat salbatu genuen, eta Orio azken momentuan ere atzean uzteko gai izan ginen. Beraz, estropada biribila ez izan arren, uste dut emaitza positiboa izan zela.

Larunbatean irabazitako bi puntuak igandean galdu zenituzten arren, pentsatzen dut pozik egongo zaretela, gehiago izan zitezkeelako.

Boiroko estropadak azken urteetako dinamika berdina izan zuen. Segundo gutxian puntu salto asko gertatzen da, eta larunbatekoa gure alde erori zen bezala, beste egunen batean gure kontra eror daiteke. Estropada ahalik sendoenak egiteko asmoa dugu, puntu larregi ez galdu eta gure aukerak hor mantentzeko.

Aukerarik bada ligarako borrokari begira?

Bai, zergatik ez amets egin. Egia da Bermeoren agintea oso sendoa dela. Larunbatean aukera izan genuen bost puntura jartzeko, pena igandean beste bi puntu galdu izana... Baina, tira, gure helburua bigarren postua ondo sendotzea da. Hori uste dut momentuz betetzen gabiltzala. Eta hemendik aurrerako puntu salto horiek mesede eginez gero, agian aukeraren bat izan dezakegu. Baina ikusiko da.

Zail ikusten duzu Bermeoko ontzira hurbiltzea?

Hurbiltzea baino esanguratsuagoa da zazpi puntuko errenta. Ikusita estropadek izan duten bilakaera eta beraien emaitzarik txarrena bigarrena dela kontuan izanda, edo, bueno, hirugarrena larunbatean, baina aurreko txandatik sartutako Donostiarraren puntuari esker..., uste dut zaila izango dela zazpi puntu horiek berreskuratzea. Baina denok segundo gutxitan egoteko aukera dugunez, aukera eman dezake puntu galera handiagoak izateko.

«Bermeok duen abiadura eta erasoari eusteko batzuetan larregi xahutzen duzu, eta gero beraiek duten potentzialarekin aurrea hartu eta sarritan ez dago zereginik»

Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Denboraldi hasieran jarri genuen helburuetako bat izan zen pauso bat aurrera eman eta erregulartasun horretan sendo mantentzea. Ikusita iaz bigarren postua lortu genuela, baina ahaztu gabe azken jardunaldian kendu geniola puntu hori Hondarribiari, gure hasierako asmoa zen bigarren postua bermatzea, eta gero denboraldiak jarriko gintuela gure lekuan; ea banderak irabazi eta liga eskuratzeko aukera izango genuen edo ez, edo, kontrara, bigarren postua sendotzerik genuen. Uste dut helburu batzuk lortu ditugula. Erregulartasuna mantendu dugu, puntuen borroka egiteko unean gure alde eraman ditugulako Hondarribiarekin, Oriorekin edo Donostiarrarekin izan ditugun puntu horiek. Baina egia da Bermeotik oraindik distantzia pixka bat badugula eta hemendik aurrera abuztu bukaeraraino findu beharreko gauza batzuk ditugula, ahalik gertuen izateko eta gure aukerak jokatzeko.

Hondarribia da borroka horretatik beharbada zertxobait kanpo geratu dena.

Bai, badirudi salto edo aldaketa ugari izaten dituztela estropada batetik bestera. Hala ere, badakigu zer maila duten, eta erakutsi digute gure parean egonda gauzak zail jartzeko prest daudela, edozein unetan Bermeoren maila emateko gai izango direlako. Argi dago momentu honetan puntuen aldetik atzerago daudela, baina uste dut errendimendu aldetik gure parean kokatu daitezkeela edozein momentutan.

Zuek bakarrik lapurtu diozue bandera Bermeori. Banderen lehia garesti dago.

Bermeok oso-oso garesti jarri ditu banderak. Xedea zen borroka horri eustea, eta ahalik lehiakorrenak izatea. Baina egia da, zalantzarik gabe, beraiek dominatu dituztela estropada gehienak, eta badirudi beraien mailak ez duela goia jo. Martxa hori hartu nahi dugu, baina beraiek sendo mantentzen dira eta lapurtzen dizkiegun banderak amorruz berreskuratu nahi izaten dituzte.

Nola ikusten dituzu asteburu honetan jokatuko diren bi estropadak?

Biak uste dut mamitsuak izaten direla. Getxokoan korronteek eragin dezente izaten dute kale batetik bestera, eta horrekin asmatu behar izaten da. Iaz gu atzean geratu ginen, eta ez genuen korronte horiek irakurtzeko gaitasuna izan. Lekeitiokoa, berriz, estropada eremu oso polita da, baina haizearen eta itsasoaren aldetik tarteak irekitzeko modukoa da. Horrelako estropadetan, asmatu ezean, Bermeok orain arteko tarte handiak ere ateratzeko aukera izango du. Oso fin ibili beharko dugu, eta gure lanean ondo asmatu, gertu ibiltzeko.