CONTENU SPONSORISÉ

Festazaleen uztaileko azken geltokia dira Algorta, Erromo eta Azpeitia

Hilabeteko azken santua da San Inazio eta abuztuko jaiei lotura egingo dien katebegia, batean hasita eta bestean bukatuta. Hala, Algortako saninazioek eskua emango diote Erromoko jaiei bederatzi egunez giroa sortuz udalerrian; santuaren jaioterrian, berriz, ia bi astez luzatuko da ekimen zerrenda.

Kimetz abesbatzarekin kantu poteoa egingo dute igandean
Kimetz abesbatzarekin kantu poteoa egingo dute igandean (Marisol Ramirez | Foku)

Areetako santanak amaitu berritan, festa giroa piztuko da Algortan, saninazioak aurrera eramango baitituzte hilaren 27tik 31ra bitartean. Larunbat eguerdian ekingo diote bost eguneko egitarauari: 12:00etan iazko kuadrilla txapelketan irabazle izan zen SEKTA taldeak pregoia irakurriko du eta Kantxa Kirol Moda saltokiko jabeak eta langileek suziria botako dute liburutegiko balkoitik. Dendak ateak itxi ditu aurten eta keinu honekin eskertuko diote erretiratu berri den Joseba Aranguren 'Morotxo'-ri urte luzetan egindako lanarekin batera, herriko bizitzan presente egon izana eta eragileei emandako laguntza. Jarraian, kuadrillen jaitsiera aurrera eramango dute, eta 15:00etan, Gazte Txosna irekiko dute txosnagunean, txupina eta marianitada eginda.

Igandea, uztailak 28, Txipi eguna da, tradizio luzeko XXIII. Txipiroi Txapelketa burutuko baitute goizeko lehen ordutik. Ekimen nagusia hori bada ere, beste aukera asko ere badira. Esaterako, Algortagraff grafiti erakustaldiaren barruan, artisten azoka, musika edota haurrentzako grafiti tailerra antolatu dituzte; bertso saioa, xake txapelketa, herri kirolak, rap lehiaketa, Kimetz abesbatzaren kantu poteoa...

Jaien hirugarrena, uztailak 29, Ume eta Gazte Eguna da eta haientzako ekimenek betetzen dute egitaraua: moto lasterketa, kirol jarduerak, xake tailerra, txokolate jana, gazte bazkaria, ume eta familien jaitsiera... Baita iaz berritasuna izan zen 12-16 urte bitartekoentzako Gaztedi kuadrilla txapelketa ere. Laugarrena, berriz, Kuadrillena izango da; jaien bihotza eta motorra baitira. Festek iraun artean, alaitasuna eta freskotasuna zabaltzen dute kuadrilla txapelketako frogetan eta haietatik kanpo ere. Iaz 30 taldetik gora aritu ziren nor baino nor eta hala mantentzea aurreikusten dute.

San Inazio egunarekin agur esango diote aurtengoari, eta modu onenean, gainera. Dianak herria esnatuko duenetik Vulcano Magiaren su artifizial ikuskizuna arte, aspertzeko aukerarik ez dute izango festazaleek. Kalea girotuko dute kalejirek, dantzariek, Euskarabenturako gazteek, Andoni Egañak eta Nerea Ibarzabalek bazkalostean egingo duten bertsomaratoiak edota herrian barrena ibiliko diren erraldoi eta buruhandiek.

Egitarau oparoan aipagarria da egunero musika eskaintza zabala izango dela iluntzean hasita bai herriko zenbait txokotan bai txosnagunean.

Algortako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Cross Cafeteria, Joyería Iñaki, Gaurko Modas, Ajuria Taberna, Helados Aberasturi, Triku taberna, Salsidu Taberna.

Auzo batetik bestera 

Algortarrei Erromon hartuko diete lekukoa, uztailaren 31tik abuztuaren 4ra luzatuko diren jaiekin. Aurrekari gisa, nekazal eta bigarren eskuko azoka, uztailak 28, eta goitibeherak, uztailak 30, aurrera eramango dituzte, eta behin motorrak piztuta, abiada hartzen joango dira egunez egun. Asteazkenean, 19:30ean, pregoia irakurri eta suziria botata, El despiste fanfarreak eta buruhandiek kalejira egingo dute festa giroa zabaltzeko. 

Ostegunean, abuztuak 1, besteak beste, Imanol Uria, Igor Elortza, Maddi Ane Txoperena, eta Julio Soto bertsolariek Erlantz Pazosek proposatutako gaiei bertsoak jarriko dizkiete txosnagunean eta XVII. Herri Krosa jokatuko dute. Hurrengo egunean, abuztuak 2, aldiz, jai batzordeari buruzko dokumentalerako castinga egingo dute eta 1969ko jaietan poliziak hildako Félix Arnaiz oroituko dute. Izan ere, festaz gain, aitortzak eta elkartasunak ere bere tartea izango baitute, dela barbakoa, txorizo edota talo solidarioarekin, dela Boliviaren alde larunbatean burutuko duten ekintzarekin.

Abuztuaren 3a Herriaren Eguna izango da. Adin guztietarako askotariko jarduerak prestatu dituzte, baita norberak bere trebezia erakuts dezan zenbait proba ere: haur ginkana, putxero lehiaketa, ferra galduen bilaketa, tiragoma txapelketa edo ohikoago den musa. Lehiarako grina asebete ez dutenek, bi aukera berri izango dituzte igande goizaldean, abuztuak 4: kulero eta galtzontzilo lasterketa edo iturri lasterketa. Baita ordu gutxi batzuk geroago jokatuko duten patata tortilla txapelketa ere. Arratsaldean, plaza dantzek, bilbainadek, erraldoiek eta buruhandiek girotuko dute sardina jan herrikoira arteko tartea, eta hala, Pobre de mí abestu eta azken traka botata, amaituko dira aurtengo festak.

Erromoko jaietako establezimendu laguntzaileak: Aingara, Gure Etxea TabernaHelados Aberasturi

Erraldoien topaketa izango da Haurren Eguneko hitzordu ikusgarriena. (Jon URBE/FOKU)

Baserritarrak, azpeitiarren omendu

Saninaziyuak hitzordu garrantzitsua dira Azpeitian, eta lehen jarduerak 20ean hasi bazituzten ere, txupinazoa uztailaren 30an izango da. Aurten lehenengoz herritarrek aukeratu dute udaletxeko balkoian festaren metxa nork piztuko duen. Etxafuegoa botatzeko ardura eta ohorea azokara etortzen diren baserritarrei egokitu diete. "Merezitako aitortza" Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, nahiz eta jasoko dutenetako batek, Idoia Leonetek, jaien aurkezpenean aitortu hautagai izateak “harritu” zituela eta aukeratu izateak "urduritu". Lauk jaurtiko dute suziria, baina ordezkaritza zabalagoa egongo da udaletxean.

Une hori heldu arte, ordea, zereginak ez zaizkie faltako azpeitiarrei. Larunbatean, Haurren Eguna, erraldoien desfile ikusgarria egingo dute dultzaina, trikiti eta gaita doinuek lagunduta Nafarroa eta Gipuzkoako hogei konpartsak. Haur eta gazte bazkaria, jolasak eta ETS taldearen kontzertua ere izango dira. Igandean, berriz, kirola izango da nagusi: artzain txakur txapelketa, Inazio Deuna Saria txirrindularitza proba eta sokatira misto txapelketa.

Jarduerak asteartean, uztailak 30, bueltatuko dira eta abuztuaren 2a arte luzatu. Herriko eragileek eta udalak, beste behin, kaleetako giroa piztuko duen egitaraua atondu dute, askotarikoa, herritar guztiek topa dezaten gustuko zerbait. Berrikuntzen artean, saninazio bigarrenez, alegia, uztailaren, 1ean, kuadrillen arteko lehen olinpiadak aurrera eramango dituzte. Musikaren aldeko apustua egin dute aurten, bereziki, euskal taldeen aldekoa, jende asko mugitzen dutenak ekarriz: ETS (uztailak 27), Tapia eta Leturia Band (uztailak 30), Izaro (uztailak 31) eta Zetak (uztailak 1).

Txosnagunean, berriz, Frigo eta Balantza Erromeria (uztailak 30), The Clayton, Trini Fox eta Rekiem (uztailak 31), Balloon Farme, Tatta&Denso, Kaparrak eta DJ Atenenas (uztailak 1).

Azpeitiako jaien erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Elikagunea, Bordatxo