NAIZ

Abuztuaren 4ko mobilizazioetarako deia azken ostiralean, «kosta ala kosta» presoak etxeratzeko

Uztaileko azken ostirala izan zen atzo, eta ondorioz Euskal Herriko kaleak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriz bete ziren. Abuztuaren 4rako deituriko mobilizazioa gogoratu zuten, Hego Euskal Herriko hondartzetan egingo dena, eta bertaratzeko deia egin zuten.

Apirileko azken ostiraleko mobilizazioa,  Donostian.
Apirileko azken ostiraleko mobilizazioa, Donostian. (Gorka Rubio | FOKU)

Uztaileko azken ostiralean, hilabeteko azken ostiralero legez, elkarretaratzeak egin zituzten euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde. Abuztuaren 4ean hondartzetan egingo diren mobilizazioetara bertaratzeko deia egiteko baliatu zuten hitzordua. 1.600 pertsona inguru elkartu ziren pasa den ostiralean, udako oporraldia dela eta zenbait herritan ez da azken ostirala ospatzen, ordea.

Hego Euskal Herriko sei hondartzetan elkartuko direla azaldu zuten, «etxeratze prozesuaren aldarriak zabaltzeko». Bakio, Laida,  Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan izango dira mobilizazioak eta bertaratzeko eskaera egin zuten: «Flotagailu, piragua, surf taula, bainujantzi edo banderolak soinean hartuta abuztuaren 4an gurekin batera hondartzak hartzera gonbidatzen zaituztegu guztiok! Kosta ala kosta etxera»

Uztaileko azken ostiralarekin, uda giroa sumatzen dela adierazi zuten, eta herrietako jaiak ere aldarriz bete direla txalotu zuten: «Astean daramatzagu euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren aldeko aldarriz kaleak betetzen».

Uda giroa eta bertako festa zein oporraldiak baliatuz preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria egiteko deia egin zuten: «Jantzi jaiak etxera ikurrez eta zabaldu munduan zehar gure aldarrikapena».