Urdaibaik aurtengo zazpigarren bandera irabazi du. Orain arte, Zierbena izan da garaipenetik urrundu dion bakarra aurreko bi estropadetan eta, horregatik, Gorka Aranberri patroiak eta Iker Zabala entrenatzaileak oso argi zuten hasieratik aritu behar zirela mailuarekin.
Indartsu hasi dira bermeotarrak lehen paladetatik eta lehen luzean erabakita utzi dute estropada. «Gorka, mailua!», oihukatzen zion Zabalak Aranberriri. Eta Zarauzko patroiak, urteek ematen duten esperientziaz baliatuta, berea egiten agintzen jarraitu die bere arraunlariei.
Estropadako momentua zen. Bigarren ziabogan 5 segundoko aldea zuten Zierbenarekiko, 7 Oriorekiko eta 18 hasieratik oso urrun geratu den Hondarribiarekiko. "Ama Guadalupekoa" ontziaren helburua sailkapen nagusira begira ahalik eta puntu gutxien galtzea izan da, baina bigarren maniobra honetan dagoeneko bigarren txandan aritu den Donostiarraren denbora baino motelagoa markatu du.
Aurrean, Urdaibaik mailuarekin jarraitu du, baina Zierbenak oso luze ona egin eta bi segundora gerturatu zaio. Ilusio bat besterik ez da izan. Maniobratik irten eta hanka egin du Bermeok, aldeak handituz eta garaipen berri bat lortuz.
Zierbena uberan jarri da baina ezin izan ditu aldeak moztu. Oriok oso estropada seria egin du eta hirugarren tokian amaitu du. Hondarribia, aldiz, seigarren tokiraino jaitsi da, Donostiarra eta Getariaren atzetik.
Donostiarrari txiki geratzen zaio bigarren txanda
Eta egia esanda, larunbat honetan Getxon ikusitakoaren arabera, Donostiarrari bigarren txanda txiki geratzen zaio. Hori bai, estropada guztietan gaur bezala lehiatu beharko du ohorezko txandan aritu nahi badu.
Arkaitz Diaz patroiaren arraunlariek oso lan txukuna egin dute hasieratik amaiera arte. Getaria izan dute aurkari "bakarra". Lehen ziabogan lorturiko 3 segundoko aldea, zortzikoa izan da hurrengo maniobran.
Momentu horretan Unax Eizagirre Getariako patroiak «ez erori» esaten zien bere arraunlariei, baina Donostiarra oso nagusi zen eta abantaila handituz joan da. 13 segundokoa izan da abantaila hirugarren ziabogan.
Hori bai, azken luzean Getaria Donostiarraren uberan jarri da eta bi-hiru segundo jan dizkio. "Torrekua II.a" ontziak ezin zuen abantaila handitu, baina alde nabarmena zuen eta lasai irabazi du txanda.
Atzetik, Cabok eta Ondarroak lehia polita mantendu dute txandako hirugarren postua lortzeko, baina galiziarrak izan dira lehia horretan garaile. Ondarroak goitik behera egin du nabarmen, eta azkenean lehen txandan aritutako Kaikuren atzetik sailkatu da.
Lehen txanda: Kaiku, arantza kenduta
Arantza oso handia zuen Kaikuk ateratzeko. Aurreko asteburuan, Galiziako uretan, ez zitzaion oso ondo joan. Larunbateko estropadan, Arousan, bederatzigarren izan ziren sestaotarrak, eta igandean, Boiron, azkenak. Gaur, aldiz, bikain aritu dira lehen txandan eta ondoren ikusi zenarekin gainera, Ondarroa baino azkarragoa izan da.
Bizkaitarrek San Pedrok hasieran erakutsitako nagusitasunari aurre egin behar izan diote. Lehenengo bi ziabogetan gipuzkoarrak izan dira azkarrenak, baina bigarren maniobra horretatik ateratzean bi ontziak denbora berean aritu dira eta luzean zehar Kaikuk aurrea hartu du.
Hirugarren luzean aldeak mantendu egin dira, baina ziabogan bi segundokoa zen, eta azken luzean Kaiku pixkanaka aldeak handitzen joan da. Lau ontziak istriborrera joan dira haizearengatik. Estrategia horretan Lekittararren enfilazioa, besteekin konparatuz, ezberdina izan da, eta ondo joan zaio, asko hurbildu baitzaio San Pedrori, baina azkenean ezin izan dio pasa.
Isuntzak estropadako lehen herenean egindako lan txarra ordaindu du eta, nahiz eta San Pedrorengandik oso gertu amaitu, azken aurreko postuarekin konformatu behar izan du, oso atzean geratu den Bueuren aurretik.
Eusko Label Liga - Getxoko XLVI. Bandera:
1. Urdaibai 19:49.32
2. Zierbena 19:53.02
3. Orio 20:02.98
4. Donostiarra 20:11.25
5. Getaria 20:21.35
6. Hondarribia 20:22.68
7. Cabo 20:30.41
8. Kaiku 20:36.96
9. Ondarroa 20:40.33
10. San Pedro 20:44.06
11. Lekittarra 20:47.18
12. Bueu 21:06.68
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 105 puntu
2. Zierbena 97 p.
3. Orio 82 p.
4. Donostiarra 79 p.
5. Hondarribia 78 p.
6. Getaria 57 p.
7. Ondarroa 50 p.
8. Cabo 45 p.
9. Lekittarra 41 p.
10. Kaiku 34 p.
11. San Pedro 24 p.
12. Bueu 10 p.