Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunakek, asko sufrituta, Lekeitioko test gogorrean abordaia osatu du

Euskotren Ligako lider sendoak, bost segundo baino gutxiagoko aldea atera dio lehen txandan aritu den Tolosaldeari, estropadako bigarrena. Donostiarra izan da hirugarren, Oriorekin mantendutako lehia bizia eta polemikoa ostean. Hondarribia bosgarren izan da.

Arraun Lagunak baino azkarragoa den inor ez dago oraingoz.
Arraun Lagunak baino azkarragoa den inor ez dago oraingoz. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Traizioneroa» eta «engainosua». Hala definitu dute arraunlariek, estropada hasi aurretik, Lekeitiko estropada eremua. Eta gaurkoan ez da gutxiagorako izan. Kostata eta azken unera arte indarrak mantenduz. Arraun Lagunak oso ohituta dago aurten bandera guztiak irabaztera. Denboraldi honetan denak lortu ditu, igande honetan Lekeition hamargarrena astindu du, baina gaurkoa asko sufrituta bereganatu du lider sendoak.

Lehen txandan aritutako Tolosaldearen denbora hobetzeko inoiz baino lan gehiago egin behar izan dute donostiarrek laugarren kaletik, eta helmugan 4.96ko besterik ez da izan bien arteko aldea.

Honek emozioa sortarazi du, baina ohorezko txandako beste traineruek oso lehia bizia, eta polemikoa, mantendu dute helmugaraino. Izan ere, bigarren luzean, epaileak bi aldiz ohartarazi behar izan dio Donostiarrari bere kalera itzultzeko, lehen kalean sartu baita eta atzetik Orio baitzetorren bere bidetik. Ia ia atzetik jo dira bi ontziak. Egoera honek mirotzen haserrea ekarri du eta azkenean epaileak bandera urdina atera behar izan die donostiarrei bere kalera itzultzeko.

Hala, txandako bigarren tokian helmugaratu da Donostiarra, atzetik Orio iritsi delarik eta atzerago, Hondarribia. Behin helmugan, oriotarren haserrea oraindik nabaria zen, baina epaileek ez dute zigorrik ezarri eta mirotzek laugarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Lehen txanda: Tolosaldea, amorrazioz

Lekeitioko estropadari hasiera eman dion txanda minutu batzuk atzeratu behar izan da, ondoko itsasoak Tolosaldea eta Hibaikako estatxekin eta balizekin sorturiko arazoengatik.

Eragozpen txiki hauek ez dira aitzakia izan Tolosaldearentzat, irten eta berehala seigarren martxa ezarri baitute gipuzkoarrek. Aurten inoiz edo oso gutxitan ikusitako aldeak ikusi dira lehen txanda honetan eta sarraskia eragin dute.

Larunbatean ohorezko txandan aritu ostean, Getxon egindako estropada kaxkarragatik lehiatu dira gaur lehen txandan Tolosaldeako arraunlariak. Amorrazioz aritu dira lehen paladatik, eta bere aurkariek sufritu dute.

Hibaikak lehen metroetan ondo jarraitu dio, baina lehen luzean hasi dira aldeak handitzen, azkar gainera. Maniobran 21 segundoko aldea zegoen Tolosaldea eta errenteriarren arean, eta hauek, gainera, oso ziaboga txarra egin dute laugarren kaletik, oso irekia, olatuengatik.

Honek esperantza eman dio atzetik zetorren Cabori. Galiziarrek ondo aprobetxatu dute egoera eta Hibaika pasa dute, txandako bigarren postua bereganatuz. Azken postuan Tiran helmugaratu da. Iaztik hona gauza asko hobetu dituzte galiziarrek, baina oraindik ez da nahikoa zulotik ateratzeko.

Euskotren Liga - Lekeitioko XIII. Bandera:

1. Arraun Lagunak 11:20.68
2. Tolosaldea 11:25.64
3. Donostiarra 11:38.56
4. Orio 11:43.00
5. Hondarribia 11:46.04
6. Cabo 12:08.68
7. Hibaika 12:21.90
8. Tiran 12:33.44

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 80 puntu
2. Tolosaldea 59 p.
3. Orio 59 p.
4. Donostiarra 58 p.
5. Hondarribia 42 p.
6. Hibaika 26 p.
7. Cabo 23 p.
8. Tiran 13 p.