Beste bandera bat Urdaibaren poltsikora eta beste asteburu biribil bat bermeotarrentzat. Ohituta gaude hau esatera, baina atzean dagoen lana ere aipatu behar da. Igande honetan, Lekeitio bezalako estropada eremu konplikatuan arraun egin behar izan dute Eusko Label Ligako traineruek. Eta olatu horien gainean Gorka Aranberriren gizonek egin dute surfa hoberen.
Sailkapen nagusian aldeak handiagotu dituzte bermeotarrek, garaipenaz gain, Zierbenak ez duelako bere eguna izan eta gaurkoan laugarren izan da, bikain aritu den Donostiarra eta bigarren txandatik oso lan txukuna egin duen Hondarribiaren atzetik.
Berdeek, larunbateko emaitza txarrarengatik gaur bigarren txandan, oso marka ona egin dute, baina lehenengo ziabogan Urdaibaik apurtu du jada denbora hori. Hala, bermeotarrek autopista librea izan dute, atzetik Donostiarrak bakarrik jarraitu baitie erritmoa lehen luzean, baina ondoren pixkanaka aldeak handituz joan dira eta helmugan 17 segundoko aldea atera dio Donostiarrari.
Hirugarren luzean Zierbenak Hondarribiaren denbora hobetzeko aukera zuen oraindik, eta azken unera arte mantendu du esperantza, baina helmugan 37 ehuneko aldea egon da bi ontzien artean, Hondarribiaren mesedetan. Bestalde, Orio, ohorezko txandan, bosgarren posturaino jaitsi da.
Bigarren txanda: Hondarribiaren beste aurpegia
Gaurkoan bai. Hondarribiak azken urteetan ohituta gaituen mailan aritu da Lekeition. Larunbatean, Getxon, onenengandik oso urrun aritu zen –pentsa, ohorezko mailatik bigarren txandara "jaitsi" zen–, baina igande honetan, estropada eremu zail honetan, erakustaldia eskaini eta aurretik etxeko Lekittarrak egindako denbora apurtu du.
Hondarribia kanpora hobeto aritu da, estropada amaieran Ioseba Amunarriz patroiak aitortu duen moduan, eta lehen luze horretan aldeak handituz joan dira berdeak, etekin ona ateraz luzeari.
Lehen ziabogan 4 segundoko aldea zuten atzetik zetorren Getariarekiko, eta bigarren maniobran 17koa zen aldea. Ordurako "Ama Guadalupekoa"k Lekittarrak egindako marka hautsita zuen dagoeneko eta erritmoa jaitsi gabe iraun dute amaiera arte.
Atzetik, Kaikuk ondo eutsi dio txandako hirugarren postuari, Caboren aurretik, eta asteburu ona biribildu dute sestaotarrek.
Lehen txanda: Lekittarra, etxean patroi
Isuntzak antolaturiko estropada zen gaurkoa, eta bertan Lekittarrak proba ona egiteko helburua zuen. Are gehiago larunbatean makal aritu ostean. Osertz Aldairen taldeak sekulako maila erakutsi du hasieratik amaiera arte. Euskotren Ligako proban gertatu bezala, hemen ere Ondarroako estatxa eta balizekin arazoak izan dituzte, korapilatu baitira, eta proba minutu batzuk atzeratu da.
Estropada eremua bikain ezagututa, eta laugarren kaletik –eguneko txarrena–, lekeitiarrek Ondarroa izan dute aurkari bakarra. Hala ere, ondarrutarrak energia galtzen joan dira, baina are gehiago galdu du San Pedrok. "Libia" Bueurekin aritu da lehian txandako hirugarren posturako, baina galiziarrak izan dira aurretik momentu oro.
Aurretik, Lekittarrak sekulako hirugarren luzea egin duen bitartean, atzetik San Pedrok oso azken luze txarra egin du. Pentsa, azken ziabogan segundo bakarreko aldea zuten Bueuk eta San Pedrok, eta helmugan 21ekoa izan da. Argi dago, azkeneko bi postu horietan jarraituko dutela borrokan bi ontzi hauek.
Eusko Label Liga - Lekeitioko XXXIX. Ikurrina:
1. Urdaibai 20:32.85
2. Donostiarra 20:49.91
3. Hondarribia 21:07.24
4. Zierbena 21:07.61
5. Orio 21:12.73
6. Lekittarra 21:20.52
7. Getaria 21:28.04
8. Kaiku 21:37.36
9. Ondarroa 21:41.06
10. Cabo 21:50.30
11. Bueu 22:07.42
12. San Pedro 22:27.46
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 117 puntu
2. Zierbena 106 p.
3. Orio 90 p.
4. Donostiarra 90 p.
5. Hondarribia 88 p.
6. Getaria 63 p.
7. Ondarroa 54 p.
8. Lekittarra 48 p.
9. Cabo 48 p.
10. Kaiku 39 p.
11. San Pedro 25 p.
12. Bueu 12 p.