Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek irailaren 8ra arteko epea izango dute Aretxabaletan ospatuko den Euskal Herriko I. Argazki Topaketara beren lanak aurkezteko.
Gainera, 300 euroko saria jasotzeaz gain, aukera izango dute beren lana jendaurrean aurkezteko Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, eta baita urrian egingo den argazki erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere.
Parte-hartzaile guztien artean zortzi argazkilari hautatuko dira: bat Euskal Herriko herrialde bakoitzeko, eta beste bat Aretxabaletakoa. Zortzi pertsona horiek igoko dira agertokira, urriaren 5ean, beren argazki proiektua aurkeztera, eta haien obra egongo da erakusgai urrian Arkupe kultur etxeko erakusketa aretoan.
Parte hartzeko pausoak
Topaketan parte hartu ahal izateko interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute honako datu hauek jasotzen dituena irailaren 8ko 23:59ak baino lehen: argazki proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan).
Izenak ezagutzera eman
Euskal Herriko lehen argazki topaketaren irabazleen izenak 2024ko irailaren 16an (astelehena) emango dira ezagutzera.