Bilboko Udalak abuztuaren 17an hasiko den Aste Nagusiari begira indarkeria matxistak prebenitzeko eta identifikatzeko kanpaina jarri du abian. Festak arrakastatsuak izateko hirian berdintasuna sustatu behar dela argi du, eta horretarako ‘Errespetu nagusia’ kanpaina bultzatu du, «berdintasunaren aldeko jai eremua sustatzeko».
Kanpainak erasoen kontrako sentsibilizazioa eta prebentzioa sustatzea du helburu nagusi, eta edozein pertsonaren kontrako erasoak onartezinak direla gogoratzeko xedea ere badauka. Hala, herritarrei jokabide matxistak, arrazistak eta LGTBIQfobikoak indentifikatzen eta salatzen erakutsiko die.
Udalaren iritziz, erasoen kontrako tresnarik egokiena herritarrak kontzientziatzea da. Hala adierazi du Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Saileko zinegotzi Kontxi Claverrek. Horretarako gizartearen konpromisoa beharrezkoa dela nabarmendu du.
Iaz, eraso matxisten kontrako kanpaina aurrera eraman zuten modu berean aurtengoa herritarrak eta bisitan datozten turistak erakartzeko erabilgarria izan daitekeela uste dute. Kontxi Claverrek dioenez, «Bilbo, erasorik gabeko uria, gure jaietarako izan dezakegun aurkezpen txartelik onena da».
Kanpainarako sortu den diseinuak Marijaiaren irudia erabiltzen du, Aste Nagusiaren pertsonaia eta sinbolo ofiziala, «Bilboko jai errespetuzko eta berdinzaleen defendatzaile nagusia». Marijaiaren siluetak eskua zabalik erakusten du eta gainean kanpainaren leloa gorri distiratsuz eta maiuskulaz irakur daiteke: ‘ERRESPETU NAGUSIA/RESPETO NAGUSIA’, honako mezuarekin batera: «Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista edo LGTBIfobikorik gabea».
Kartela Bilboko kale eta plazetan egongo da ikusgarri, hormetan zintzilikatuko dituzten karteletan, eta mezua sare sozialen bitartez ere zabalduko da.