Literaturara joz gero, zorionez, nahiko erraza da, nazioartean zein Euskal Herrian, amatasuna, haurdunaldia edota erditzea berari buruzko liburu interesgarri eta eredugarriak topatzea. Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalarren ‘M ama*eme* ume*’ liburua, Nahia Alkortaren ‘Mi parto robado’ edota Goiatz Labandibarren ‘Amez’, batzuk aipatze aldera.
Zineman, aldiz, zailagoa da gai honekin loturiko mezu ahaltsuak eta batez errealistak topatzea baina, apurka bada ere, azken boladan proiektu interesgarriak jaiotzen ari dira; horietan artean ‘Sages-femmes’ (‘Matronas’, gaztelerazko bertsioan).
Bost urtez emagin trebatu ostean, Louise eta Sofia lanean hasiko dira Estatu frantseseko ospitale batean. Bi emagin hasiberri horiek dira ‘Sages-femmes’ film frantziarraren protagonistak; ‘munduko ogibiderik ederrena’, diote filmaren hasieran. Jaiotzak, amatasuna eta, zoritxarrez, batzuetan heriotza tarteko, erritmo biziari aurre egin beharko dioten bi emakume dira; zenbait unetan beren bokazioa ezbaian jarriko dute.
Emaginen egunerokoaren eta haien lanbideak dakarren presio neurrigabearen erretratu adierazgarria osatu du Lea Fehner zinemagileak. Ospitale bateko eguneroko errealitatea islatzeaz gain, osasun-arretako sistema problematiko eta eskas bati dagozkion erronkak ere azaltzen ditu.
Industria zinematografikoan, oro har, istorio sentsazionalistek eta gehiegizkoek geroz eta pisu gehiago duten garaiotan, ‘Sages-femmes’-ek ikuspegi errealista eta zehatza eskaintzeaz gain, osasun arloko profesionalen bizitzaren ñabardura guztiak erakusten ditu. Lanbide honen erretratu egoki eta sentibera oparitu digu.
Lea Fehner
1981. urtean Okzitaniako Tolosan jaioa eta antzerki ibiltarien munduan lan egiten zuen familia batean hazitako zinemagilea da Lea Fehner. Zinema eta gidoigintza ikasketak egin ostean, 2000 eta 2007 artean, hainbat film labur idatzi eta zuzendu zituen, horien artean ‘Sauf le Silence’, hainbat zinema-jaialditan aukeratua izan zena.
2009-an ‘Qu'un seul tienne et les autres suivront’ (‘Mientras uno aguante los otros seguirán’, gaztelerazko bertsioan), bere lehen film luzea, zuzendu eta Estatu frantseseko Cesar sarietan bi izendapen lortu zituen.
2015 eta 2022 urteen artean ‘Les ogres’ eta ‘Grand Marin’ zuzendu zituen. Beraz, ‘Sages-femmes’ bere laugarren film luzea da.