«Arraun Lagunak nagusi; bigarren liga paraleloan, ea nor lehenago; eta behean emozioa badago»

Euskotren Ligako bandera guztiak astinduta, Arraun Lagunak nahieran dabil. Atzetik «nahi eta ezinean» dabiltza Tolosaldea, Orio eta Donostiarra. Lehenengo txandan Hondarribia da buruan, eta kanporaketak saihesteko borrokan dabiltza Hibaika eta Cabo. Nadeth Agirre eta Eli Pescadorrekin aritu da NAIZ.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia joan den igandeko Lekeitioko estropadako bandera astintzen arraunlarien aurrean.
Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia joan den igandeko Lekeitioko estropadako bandera astintzen arraunlarien aurrean. (Jon URBE | FOKU)

«Arraun Lagunak koska bat gorago eta, bigarren liga paralelo batean, ea nor lehenago» lerroburu hori eman dio Nadeth Agirre (Orio, 1993) Orioko patroi ohiak Euskotren Ligari, eta Eli Pescador (Errenteria, 1982) Arraun Lagunakeko eta Hibaikako arraunlari ohiak gehitu du «beheko zatian ere emozioa badagoela, Hibaikaren eta Caboren arteko borroka nahiko piztuta baitago». Tertulia osorik duzue Marea Bizian saioko seigarren atalean.

Iazko Kontxako Banderaren ondoren Agirrek eta Pescadorrek arrauna utzi zuten. Errenteriarrak «inbidia pixka bat» badu estropadak ikustean; oriotarrak, aldiz, «ez hainbeste». Joan den astean Orioko patroi ohiaren fitxa Euskotren Ligako orrian ikusteak zurrunbiloa eragin du arraun munduan, baina segituan itzali du sugarra Agirrek: «Orain atera da, baina uda hasi zenean esan zidaten ea badaezpada egingo nuen. Ez dut asmorik bueltatzeko».

Arraun Lagunak nahieran ari da Euskotren Ligan, orain arte jokatutako bandera guztiak astindu baititu. Pescadorrek eta Agirrek nabarmendu dute aurten “Lugañene” «bereziki azkar» dabilela. «Bilboko erlojupekoan ateratako aldeak... Ez dut uste gainerako traineruen maila jaitsi denik, Arraun Lagunak oso azkar dabilela baizik», adierazi du errenteriarrak.

Nadeth Agirre: «Orain atera da, baina uda hasi zenean esan zidaten ea badaezpada egingo nuen. Ez dut asmorik bueltatzeko»

Aldi berean, oriotarrak nabarmendu du «heldutasun puntu bat» irabazi dutela, «arraunlariak egin direla eta esperientzia dutela»: «Tolosaldearekin parez pare dagoenean, beste puntu bat du, eta heldutasunean gehiago dira».

Horrekin bat eginez, Pescadorrek gaineratu du atentzioa eman diola entrenatzerako garaian emandako aldaketak: «Bakoitzak badaki zer eta nola egin behar duen. Oso zentratuta daude, eta entrenamenduetan ateratzen dena estropadetara doa. Despisterako aukera gutxiago dago, jakinda estropada guztietan tentsioa mantentzea zaila dela».

Tolosaldea gertuen, eta aldi berean, gorabeheratsuen

Nahi eta ezinean dabiltzanak, «bigarren liga paralelo batean» dauden ontziak dira Tolosaldea, Orio eta Donostiarra. Barnealdeko ontzia izan da gehien gerturatu zaiona “Lugañene” traineruari, eta haiek daude bigarren postuan sailkapenean, Oriorekin puntuetan berdinduta.

Tolosaldea eta "Lugañene" lehia betean, Donostiako estropadan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oriotarrak, bihotzari jarraituz, adierazi du bere herriko traineruaren alde egingo duela bigarren posturako: «Tolosaldea izan da gehien gerturatu zaiona Arraun Lagunaki, baina, baita ere, bi estropadetan ohorezko txandatik kanpo egon dena. Talde gaztea da, urteak doaz bloke berdinarekin, baina esperientzia eta heldutasuna falta zaie, etorriko zaiena, urtetik urtera pausoak ematen ari baitira».

Errenteriarrak Agirreren iritzi bera du Tolosaldeaz; gertuen egon dena bai, baina erregulartasuna falta zaiola ere bai. Hala ere, Tolosaldearen alde egin du bigarren posturako: «Oso estropada onak egin dituzte. Iaz ere erakutsi zuten, baina askotan urduritasunak, presioak... momentu zailenetan gain hartzen ditu, eta kosta egin zaie erregulartasunari eustea».

Eli Pescador: «Ez dut uste gainerako traineruen maila jaitsi denik, Arraun Lagunak oso azkar dabilela baizik»

Arraun Lagunak eta Tolosaldea ontziekin podiuma osatzen du “Txiki” traineruak. Orioko patroi ohiak adierazi du gutxiago diren arren, «blokea mantentzeko eta egiteko talde hobea» eduki dutela: «Txandakatzeen aldetik aldaketa gutxiago izan dituzte, eta horrek laguntzen du. Iaz gurekin egon ziren arraunlariak dauden arren, esperientzia eta lotsagabekeria izateko oraindik talde gaztea da. Hasiera batean helburu bat zuten, eta uste dut hori jada bete dutela, eta orain beste xede batzuk jarri behar dituztela. Bilakaera politean daude, eta hobetzeko marjina duen taldea da».

Errenteriako arraunlariak gaineratu du maila «polita» ematen ari direla, eta «gutxinaka-gutxinaka blokea eginagoa» dagoela. Haren hitzetan, hortxe egongo dira borrokatzeko prest.

Rufo Urtizberearen mugimenduak tostetan

Ohorezko txandako azken ontzia Donostiarra da. Rufo Urtizberearen –datorren denboraldian ez du jarraituko Donostiarran– aldaketak harriduraz ikusi ditu arraunlari ohiak, ez hainbeste arraunlarien aldaketak, posizioenak baizik. «Azken hiru estropadetan Rufo bere taldea aurkitzen ari da, eta horrekin batera, geroz eta txukunago ari dira, geroz eta hurbilago goiko hiru ontziekiko». «Goranzko bilakaeran» daudela nabarmendu du Agirrek, eta badituztela arraunlariak «esperientzia gehiagorekin, baita patroia ere».

Nadeth Agirre: «Iaz gurekin egon ziren arraunlariak dauden arren, esperientzia eta lotsagabekeria izateko oraindik talde gaztea da»

Agirreri eta Pescadorri galdetuta ea inork lapurtuko al dion bandera Juan Mari Etxaberen taldeari, errenteriarrak erantzun du «ezetz». «Baldintza txarragoak ziren kaleetatik arraun eginda ere irabazi dute...». Oriotarrak ere «zaila» ikusten du “Lugañene” ontziari banderaren bat kentzea, baina hauxe aldarrikatu du barre artean: «Ea Arraun Lagunakek galtzen duen, saltsa pixka bat jartzeko...».

Donostiarrako arraunlariak leher eginda, Sestaoko estropada amaitu berritan. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Ohorezko txandan bezala, lehenengoan ere traineru bat dago ororen gainetik. Kasu honetan Hondarribia da nagusi. «Sorpresa oso polita» eraman du “Ama Guadalupeko” ontziarekin Pescadorrek, batez ere Bilboko, Getxoko eta Lekeitioko estropaden ondoren: «Joan den igandean Lekeition ere lehen luzean oso borrokalari zeuden».

Lekeition ohorezko txandan egin zuen arraun Miren Garmendiak gidatutako ontziak. «Motibatuta» daudela nabarmendu du Agirrek, eta ohorezko txandan sartzeko asmoarekin. «Estropadak dituzte. Liga ez zuten oso ondo hasi, baina orain goranzko joeran daude. Ohorezko txandan sartzea zaila da, liga finkatuta baitago. Baina larunbatean ondo jardunez gero, igandean hor egon daitezke».

Eli Pescador: «Itsasoa bare dagoenean Hibaika Caboren aurretik dago. Itsasoa zakarra edo itsusia baldin badago, aldiz, hor zalantzak egon daitezke»

Lemazain ohiaren hitzetan, Hondarribia ohorezko txandan sartzeak dakar, ligan lehen lau postuen artean dagoen ontzietako bat lehen txandan joaten bada, eta estropada ona egingo balu, beharbada Arraun Lagunaki bandera bat kentzeko aukera hor egon daitekeela.

Kanporaketak saihestu nahian, Cabo-Hibaika

Seigarren posturako borrokan, kanporaketak saihesteko lehia betean ari dira Cabo eta Hibaika. Errenteriako ontzia dago aurretik, eta Boirokoa hiru puntura du. Pescadorrek nabarmendu du «dezente» eragiten duela itsasoaren egoera zein den: «Itsasoa bare dagoenean Hibaika Caboren aurretik dago. Itsasoa zakarra edo itsusia baldin badago, aldiz, hor zalantzak egon daitezke, batzuetan Hibaikak huts egiten baitu. Eta orain ikusi behar, itsasoko estropadak datoz-eta».

Nadeth Agirre: «Ea Arraun Lagunakek galtzen duen, saltsa pixka bat jartzeko...»

Pescadorrek zalantza gehiago dituen bezala, Agirrek Errenteriako taldearen alde egiten du. Haren ustez, “Madalen” trainerua «pixka bat gorago» dago.

Lehen txandako lau ontziak, Donostiako estropadan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Tiran azken sailkatuaren inguruan, biek bat egin dute esanez iaz baino hobeto ari direla, baina oraindik ere, hemengo taldeekin alderatuta, «maila bat azpitik». «Adibidez, iaz irteeran ere ezin ziren zuzen jarri, eta gaude maila batean, non gauza horiek finkatuta egon behar duten. Alde horretatik, aurten hobeto daude, koska bat goraxeago. Hala ere, gainerakoak baino maila bat beherago», adierazi du patroi ohiak. Arraunlari ohiak, berriz, esan du prestakuntza bat edo beste, lau luzeena... ez dakiela horrek «eraginik duen ala ez duen».