Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Olinpiar Jokoen ustezko menia probestuta

Lau urtean behin berpizten den su olinpikoa Parisko Tuileries lorategian zintzilik delarik, orain zazpi urte abiatu nuen martxari amaiera emateko tenorea heldu zait. Hilabetean behin, zurekin, irakurlearekin, harturiko hitzorduak eleka partekatu bat irudikatzeko aukera eskaini dit. Esker oneko hitzak, beraz, zuretzat dira. Nire baitatik, nire bizipenetik, nire eremutik, gutasun bat elikatzeko asmoa izan dut ardatz. Gehienetan, nazio baten partaide izanik ere, gutitutako lurralde izatearen sentimendu sakona duen “Ipar” honetatik Euskal Herriko baratzea arrosatzea egokitu zait.

Kazetariok gure xilkoari begiratzeko dugun ohitura txarrari iskin eginez, bidea ez zen 2017an hasi eta, are gutxiago, 2024an bururatuko, argitu dezagun. Hori kronika honen denbora lerroa da, besterik gabe. Hala ere, atzera begiratuz gero, a zer zorabioa sortzen duen hiru lurralde hauetan azken garaian bizi izan dugun zeharkaldiak! Nekeak neke, eta hutsunez hutsune, asmo berritzaileak nagusitu dira, irudimen esfortzu kolektiboari esker. Hala, aizkora ongi zorroztuta atxiki behar duen herriaren iruditegia hornitzeko hamaika gertakari eta une zirraragarri pilatu zaizkigu modu arriskutsuan bizi izan ditugun zazpi urte hauetan.

Despedidan memoria-ariketa sakona egitea zaila egiten zait. Gabezia horretatik, mugarriz mugarri jauzika egin baino, joko eremuak hartu duen zabaltasunari erreparatzea galdetuko nioke irakurleari.

Gaurko talaiatik iraganeko balantza berrorekatzera jokatzea ez zait, bestalde, helburu defendagarria iruditzen. Kilometroz kilometro, hamaika aldiz berrasmatu behar izan den bidea gure oraingo neurrira egokitzea birtuosismo hutsa litzatekeelako. Finean, norbaitek hartuko du guk arrapaladan bizitakoen -eta kontatutakoen- bilduma egiteko lana. Patxadaz har dezala ariketa, eta bejondeiola.

Balizko zirriborroa osatzen laguntzearren, nire baitatik, nire bizipenetatik, nire eremutik, item batzuk nahi nituzke, edonola ere, markatu. Olinpiar Jokoetan hil ala bizikoa den denbora lehiakide baino bidelagun hartuko dut, Kronosen baimenarekin.

2017ko urtarrilean bere historia garaikidearen lehenengo erakundea sortu zen Ipar Euskal Herrian. Euskal Elkargoak ez zuen tokiko ordezkariek eginiko eskakizuna ase. Izan ere, bere ahalmen urriak erronka handiak lortzeko mesedetan ezarri zituen egitura berriak. Bere lehendakariarengandik hasita, euskal presoen hurbilketa prozesua abiatzeko erabakigarria izan zen lan-esparruan kokatu zuen burua eta, bere bultzadapean, urrunketa politikarekin amaitzeko etapa-hiria bilakatu zen Mont-de-Marsan. 2018-2024 artean, hautetsiek eta gizarte zibilak sarritan jo zuten Parisera, lehen urratsak eginak, bidea jarraitzeko berme berriak eskuratzeko.

Izerdi handiz pizturiko esperantza lanjerean izan zen bakoitzean, herri aliantza horri katebegi berriak gehitu zizkioten, sendoago bilakatzeko. ETAren armak isilarazi ondoren, bakearen alde hitza hartu zuten Arnagan, eta lainoa kasko gogor eta berriz hedatu zenean, bere txikitasunean handia den lurraldea blokeatu zuten.

Helmuga bakoitzak abagune berria irudikatzen duela ikasita, gure etxeko beste leiho batetik, kazeta.eus-etik, jarraituko dut begira. •