Arnaitz Gorriti

Castroko poparean, Arraun Lagunakek Tolosaldearen erresistentzia ezerezean laga du

Aurreneko luzean Tolosaldea bikain moldatu da, baina ostean metro erdiko olatutxoak bikain harrapatu ditu Euskotren Ligako liderrak eta egurra eman dio bere arerio hurbilekoenari. Ondorioz, hamaika estropadaren ostean hamaikagarren garaipena eskuratu du.

Ziabogara arte estu joan arren, erakustaldia eman du ondoren Arraun Lagunakek.
Ziabogara arte estu joan arren, erakustaldia eman du ondoren Arraun Lagunakek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Castroko uretan ere, zaharrak berri. Hamaika estropadaren ostean, hamaika garaipen pilatu ditu Arraun Lagunakek. Ipar haizea gorabehera, hondoko itsasoa gorabehera, nahiz eta espero baino olatu txikiagoak izan, Euskotren Ligako liderrak lider izaera nondik datorkion erakutsi du. Ziabogara arte Tolosaldea gainean izan badu ere, poparean Euskotren Ligako liderrak egurra eman dio, olatuak askoz hobeto baliatu ostean.

Hasiera baten, aurreneko txanpatik branka erakutsi die aurkariei Arraun Lagunaken traineruak, baina egia da ere lehenengo luzean aurrera egin ahala Tolosaldea parean jarri zaiola, baita tarte labur batzuetan aurretik ipini ere. Aldiz, Donostiarrak eta Oriok berehala egin dute atzera, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen buruz burukoari eutsi ezinik.

«Gauzak estutzen zaizkigunean burua hotz mantentzen eta eusten dakigun taldea dela erakutsi dugu beste behin. 2022an asko ikasi genuen eta horrek asko lagundu lagundu digu heldutasunean», adierazi du Andrea Astudillo Arraun Lagunaken patroiak estropada amaitu berritan.

Ziabogaren sasoian segundo bateko aldeaz aurretik izan da Arraun Lagunak, baina Tolosaldea ez da etsitzeko egon. Popare polita eskaini dute biek ala biek –baita Donostiarrak eta Oriok ere hirugarren postuaren bila, elkarrengandik hurbil xamar jarrita gainera–, baina Andrea Astudilloren maisutasunari esker, liderrak olatu pare bat kateatu ditu eta minutu baten tartean bi ontziko tartea zabaldu du bere alde.

Tolosaldeari presa sartu zaio poparean, eta ez du beste batzuetan bezain beste asmatu. Ondorioz, ziabogan berdinduta zegoen estropada Arraun Lagunaken alde erabat irauli da. Are gehiago, Donostiarra Tolosaldeari uste baino gehiago hurbildu zaio.

Nolanahi, ez da azken orduko postu aldaketarik gertatu amaierako txanpan. Euskotren Ligan, itxura baten, postuak nahiko finkatuta daude, nahiz eta sailkapen nagusiko bigarren posturako lehian oraindik estu dabiltzan Tolosaldea, Orio eta Donostiarra.

Hibaika atzetik aurrera

Aurreneko txandan Hondarribiak bere ohiko nagusitasuna erakutsi du ostera ere –Oriorengandik bi segundura geratu da ‘Ama Guadalupekoa’– eta, hala, Cabo eta Hibaikaren arteko demak piztu du interesa, sailkapen nagusian mailari zuzenean eutsi edo mailari eusteko kanporaketara zeinek joan beharko duen argitzeko. Joan zen igandean Cabok aurrea hartu bazion, Castroko estropadan ez da halakorik gertatu, azken metroetan talde bien artean lehia estuan gipuzkoarrek buelta eman diotelako.

Ziabogara arte galiziarrak askoz hobeto moldatu dira, baina bigarren luzean Hibaikak aldea murriztu du eta badiara sartu direlarik, buruz burukoa ez da txikia izan. Puntu baten gorabeherak garrantzia eskerga dauka eta azken 150 metroetan olatu txiki baina bizi bati probetxua atera dio Hibaikak eta play-offetako postuak lau puntura laga ditu, beren zorionerako.

VIII. CAIXABANK BANDERA

1- Arraun Lagunak 11:11.94

2- Tolosaldea 11:19.86

3- Donostiarra 11:24.08

4- Orio 11:34.66

5- Hondarribia 11:37.56

6- Hibaika 11:48.16

7- Cabo 11:50.60

8- Tiran 12:24.50

EUSKOTREN LIGA

1- Arraun Lagunak 88 puntu.

2- Tolosaldea 66 p.

3- Orio 64 p.

4- Donostiarra 64 p.

5- Hondarribia 46 p.

6- Hibaika 29 p.

7- Cabo 25 p.

8- Tiran 14 p.

ETE Liga Orion

Bestalde, ETE Ligari dagokion III. Hernaniko Bandera jokatu da zapatu arratsaldean Orion, errekan. Bertan Astilleroko trainerua gailendu da erlojuaren aurkako deman, Zumaiari segundo bat eta erdiko alde eskasarekin.

Talde hauek biek dute ETE Ligako buruzagitza. Hala, Astillero dago sailkapen nagusiko buruan 75 punturekin, zumaiarrek 72 puntu pilatzen dituzten bitartean. Hirugarren Zarauzko trainerua dago sailkapenean, 58 punturekin, Kaiku (52), San Juan (41), Deustu (29), Ondarroa (18) eta Hernani (15) hurrenez hurren atzetik datozela.