Arnaitz Gorriti

Urdaibaik bere onena atera behar izan du Castron Donostiarrari irabazteko

Bermeoko traineruak denboraldiko bederatzigarren garaipena erdietsi du XII. Caixabank Bandera eraman eta gero. Donostiarrak aurreneko erdian tarteka branka ere erakutsi dio, eta azken ziabogara arte eutsi dio, baina hirugarren ziabogaz geroztik ‘Bou Bizkaia’ ihesean joan da garaipenera.

Urdaibai trapua aldean duela, aurtengo irudi ohikoena.
Urdaibai trapua aldean duela, aurtengo irudi ohikoena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ez al du ba aurkaririk Urdaibaik? Aurkariak bai, noski; Donostiarra esaterako, Castroko XII. Caixabank Banderako ohorezko txandan aurreneko bi luze gogoangarriak egin eta gero. Are gehiago, tarteka Gorka Aranberrik zuzentzen duen Bermeoko traineruaren pareraino iristea lortu du, lotsagabe eta beldurrik gabe. Irabazi ez du egin, Urdaibairi eztulik egingo dionik ez dagoelako estropadak aurrera egin ahala, baina bermeotarrek izerdia galanki bota behar izan dute beste trapu bat astintzen amaitzeko.

Zierbena ere bai, noski, ez ditu alperrik birritan lortu ‘Bou Bizkaia’ ontzia atzean lagatzea, baina Castroko uretan, hirugarren postuarekin konformatu behar, besterik ezean, Orio atzetik ez duelako urrunegi izan. Baina garaipenaren gozoa berriz ere Bermeok eraman du eta ez Donostiarrak ez «galipoek» ez beste inork, ezin saihestu.

Ezin orain azpimarratu bistakoa dena; hau da, hamaika estropadatik bederatzi eraman dituen trainerua dela denetan indartsuena. Egia da oraindik ere badaudela estropadak eta denboraldiak luze jo behar duela. Egia da, halaber, abuztuan sartu garenez, Kontxako Banderaren kontuek laster garrantzia hartuko dutela eta orduan ere Urdaibai izango dela faborito, balizko presioari eta gainerako taldeen balizko goranzko bideari aurre egin beharko dioten arren. Bistakoa den arren, esan egin behar da Urdaibai dela dena irabazteko hautagai nagusi eta ia bakarra.

«Hamar hilabete entrenatzen dugu. Irabazteko goserik ez badaukazu, ez dituzu hamar hilabete entrenatzen», azpimarratu du helmugan Mikel Azkarate ‘Bou Bizkaia’ ontziko aurrekalariak. Bere lekuan dagoenak ziaboga behar bezala emateko ardura handia dauka eta Urdaibaik beste behin ziabogetatik irteteko orduan sekulako egurra eman die bere aurkari guztiei. «Ez duzu asko pentsatzen halakoetan. Ziabogetan lan ona egiten ari gara orain arte eta horretan jarraitzen saiatzen gara», adierazi du Azkaratek.

Etsi gabe

Donostiarra eta Zierbenaren alde esan litekeen lausengurik nabarmenena Bermeori onena atera erazten diotela da. Gipuzkoarrek hala egin dute hiru luzetan zehar. Aurreneko erdian branka ere behin baino sarriago sartu diote Bermeori, eta hirugarrenean, nahiz eta ‘Bou Bizkaia’ aurretik joan den beti, oraindik ere estropadaren garailea zein izango den arriskua mantendu dute.

Azken ziabogan eman dute kolpea bermeotarrek. Ziabogan sartzetik ateratzera bitartean ontzi beteko aldea luzatu dute bere errenta, minutu erdi baino gutxiagoko tartean. Hala ere, eta azken luzean Gorka Aranberri gozatzen joan dela nabarmen geratu bada ere, arraunlariek gogotik ahalegindu behar izan dute denboraldiko bederatzigarren garaipena bermatzeko.

Atzetik, berriz, Oriok ere majo estutu du goitik beherantz egin duen Zierbenari aurrea hartzeko ahaleginean. «Galipoei» kosta zaie «mirotzen» joa geratzea, baina ez dute hirugarren posturik galdu, lau segundo eskasen aldea izan bada ere.

Izen propioak

Osterantzeko bi txandetan Lekittarraren lan bikaina azpimarratu behar da, bigarren txanda eraman baitu Hondarribiaren azken orduko erasoari eusten asmatu eta gero. Sailkapen nagusian zortzigarren doan arren, Isuntzak egundoko estropada egin du Castroko itsaso zabalean eta azken orduan ‘Ama Guadalupekoa’ gainean izan badu are, aurrez alde nabarmenarekin nagusitu da.

Txanponaren ifrentzua Ondarroa izan da, hamargarren amaitu baitu Castroko estropada. Ez da bestetik aurreneko txandan Kaiku eta Cabo Da Cruzek egin duten azken txanpa ezin-hobearen ondorioa baino. Galiziarrek eta Sestaokoek egundoko buruz burukoa izan dute azken metroetan eta Cabo nagusitu da, azken orduan olatua harrapatu eta gero. Ondorioz, bigarren txandan arraunean egin duen Ondarroa biek ala biek gainditu dute.

XII. CAIXABANK BANDERA

1- Urdaibai 20:23. 54

2- Donostiarra 20:29.58

3- Zierbena 20:40.78

4- Orio 20:44.74

5- Lekittarra 21:01.08

6- Hondarribia 21:02.62

7- Getaria 21:11.58

8- Cabo 21:12.68

9- Kaiku 21:13.33

10- Ondarroa 21:18.14

11- San Pedro 21:41.33

12- Bueu 21:48.34

EUSKO LABEL LIGA

1- Urdaibai 129 puntu.

2- Zierbena 116 p.

3- Donostiarra 101 p.

4- Orio 99 p.

5- Hondarribia 95 p.

6- Getaria 69 p.

7- Ondarroa 57 p.

8- Lekittarra 56 p

9- Cabo 53 p.

10- Kaiku 43 p.

11- San Pedro 27 p.

12- Bueu 13 p.

San Juan berriro nagusi

KAE1 Ligan, bestalde, VI. Orioko Kanpina Bandera jokatu da eta, joan zen igandean San Juanek denboraldiko aurreneko «porrota» jasan bazuen, larunbat honetan berriz ere hartu du bere errebantxa. Ia minutu erdi sartu dizkio bigarren amaitu duen Arkoteri, bera izan baita 20 minutuz behetik helmugaratu den traineru bakarra, Arkote, Zumaia eta Itsasoko Amaren aurretik.

Esan gabe doa Pasai Donibanekoek sailkapen nagusian aldea berriz ere handitu dutela, 107 puntu pilatu dituzte-eta. Igoerari begira, 82 punturekin Arkote da bigarren sailkatua –nahiz eta Zumaiak 83 dituen–, eta Lapurdi dator ostean, 78 punturekin, Santurtziko Itsasoko Ama eta Zarautz atzetik dituela. Ostean, alde handiz, Pedreña, Hondarribia B, Portugalete, Deustu, Camargo eta Orio doaz, hurrenez hurren.

KAE2 Liga

Bestalde, KAE2 Ligako Mundakako XXI. Ikurriña jokatu da eta Astillero liderrak irabazi du. Takde kantabriarrak erraz hartu dio aurrea Donostiarra B ontziari, 18 segundoko aldea atera baitio sailkapen nagusian bigarren eta gertu duen taldeari. Talde hauen bien atzertik sailkatu dira Castreña, Busturialdea, Hibaika, Lutxana eta Santoña, hurrenez hurren.

Sailkapen nagusian ere Astillero da nagusi, 59 punturekin, Donostiarra B-k baino hiru gehiago. Castreña (42), Busturialdea, (33), Hikaiba (32), Lutxana (17) eta Santoña (12) datoz hauen bien atzetik.