NAIZ

Ane Santestebanek eta Usoa Ostolazak ordezkatuko dute Laboral Kutxa Tourrean

Abuztuaren 12tik 18ra ospatuko den lasterketa Rotterdamen hasi eta Alpe d'Huezen bukatuko da. Azkenekoz, Joane Somarribak 2003an Bizkaia-Panda taldearekin lehiatu zuenetik emakumezko talde bat itzuliko da Tourrera.

Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza Tourrean arituko dira; ez, ordea, Lourdes Oyarbide.
Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza Tourrean arituko dira; ez, ordea, Lourdes Oyarbide. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak Emakumezkoen Tourrari ekingo dio, abuztuaren 12tik 18ra ospatuko den denboraldiko erronka nagusiari. Taldea ilusioz, gogoz eta handinahiaz beteta dagoela adierazi du prentsa ohar baten bidez, eta honekin batera, Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza bertan egongo direla konfirmatu dute. Lasterketa Rotterdamen hasi eta Alpe d'Huezen bukatuko da.

Azkenekoz, Joane Somarribak 2003an Bizkaia-Panda taldearekin lehiatu zuenetik emakumezko talde bat itzuliko da Tourrera.

Munduko lasterketarik onenean, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak herrialde baten bandera astinduko du. Izan ere, proiektuak 2019tik izan duen hazkunde iraunkorra mugarri berri bat bete du, eta hirugarren itzuli handian lehiatuko da aurten, Espainiako Itzuliaren eta Italiako Giroaren ondoren.

Laboral Kutxak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Usoa Ostolaza eta Ane Santestebanekin batera, Yurani Blanco, Debora Silvestri, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi arituko dira Tourrari aurre egiteko aukeratu dituzten zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean. Beraz, azkenean Lourdes Oyarbide ez da zerrendan sartu.

Ion Lazkano, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduradunak hurrengoa adierazi du: «Gogoa eta ilusioa ez zaizkigu faltako. Giroan maila ona eskaini genuen eta orain esperientzia hori badaukagu. Maila pixka bat altuagoa izango da hemen, Tourra, Tourra delako, baina taldea hobeto iritsiko dela ere uste dut, bai liderrek bai lan egin beharko duten gainerako taldekideek. Nahiz eta gure lehenengo Tourra izan, tropela aski ezaguna dugu eta aurkariak urtean zehar izan ditugunak izango dira».