NAIZ

Aste Nagusiko barrakak Etxebarria parkera itzuliko dira ostiral honetatik irailaren 1era arte

Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan, Etxebarria parkeak barrakak hartuko ditu ostiral honetatik irailaren 1era arte. Zirkuaz gain, 73 atrakzio jarriko dituzte.

Urtero bezala, Etxebarria parkean egongo dira barrakak.
Urtero bezala, Etxebarria parkean egongo dira barrakak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko Aste Nagusiko barraka-gunea abuztuaren 9an irekiko dute, 17.00etan, eta irailaren 1era arte egongo da Etxebarria parkean. Guztira, Bilboko Udalak 73 atrakzio baimendu ditu (2023an bezala). Horien artean, helduentzako hamaika aparatu, haurrentzako hamalau barraka, sei txurro-denda, askotariko hamazazpi kaseta, eta terrazadun lau taberna egongo dira, eta, horiez gain, ikuskizunak, trebetasun-makinak, ausazko jokoak… eta, nola ez, zirkua ere bai.

Barraka-guneak egunero zabalduko du, 17:00etan. Ordea, ixteko ordua aldatu egingo da, dataren arabera Abuztuaren 9, 10, 16, 30 eta 31ean, aurreikusita dago 02.00etan ixtea. Abuztuaren 11tik 15era eta hilaren 25 eta 26an, 01:00ean itxiko dute. Abuztuaren 17tik 24ra, 04:00etan itxiko dute. Eta abuztuaren 27, 28 eta 29an eta irailaren 1ean, 01:00ean itxiko dute.

Gainera, Etxebarria parkeko barraka-gunea ahalik eta inklusiboena izan dadin, aurten ere ordutegi bat ezarri dute zaratarik gabeko tarteekin, autismoa duten pertsonek ere gozatu ahal izan dezaten barraketan, inolako kalterik gabe. Horrela, bada, 18an, 21ean eta 23ean, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Zirkua

Barraka-guneko gainerako atrakzioak bezala, zirkua abuztuaren 9tik irailaren 1era egongo da irekita; eta joan den urtean bezala, parkea eta Zumalakarregi etorbidea lotzen dituen igogailutik hurbilen dagoen eremuan egongo da.