Aste Nagusirako 10 egun falta dira eta Bilbo jairako prestatzen ari da. Hiribildu osoko tabernari, sukaldari, aktore, garbitzaile, ostalari, lorezain, gidari eta dendariak, besteak beste, dena prestatzen ari dira Marijaiari harrera egiteko. Konpartsakideak ere horretan dira eta, urtero bezala, arnesak eta kaskoak jantzi dituzte jada Areatza jaigunea zutik jartzeko. Euripean, asteazken honetan hasi dituzte muntaketa lanak.
Orotara, 27 txosna eraikiko dituze. Horretarako, konpartsakideren artean, 110.000 kilotik gora mekanotubo, urtero berrerabiltzen dituzten 1.500 panel inguru eta 1.000 litro margo baino gehiago erabiliko dituzte bilbotarren eta bestelako parrandazaleek gozatzeko barrak, sukaldeak eta eszenatokiak izango direnak prestatzeko.
Izan ere, txosnetan, pertsona askoren indarrek bat egiten dute; milaka lagun boluntarioki, txosnagunea eraikitzeaz, dekoratzeaz eta kudeatzeaz arduratzen dira, eta gero, beste 9 egunez, txandak egingo dituzte (barrakoak, sukaldekoak, zaintzakoak eta abar), Aste Nagusia posible izan dadin.
«Aste Nagusia gizateriaren ondasun immateriala da. Aste Nagusiak jarduera ekonomikoa sortzen du eta irribarreak eta ilusioa eragiten ditu. Horiek, ezin dira eurotan neurtu, eta ihes egiten dute burokratek mundua ulertzen duten kalkulu orrien zeldetatik. Festa kaosa da eta beren denbora musutruk ematen duten milaka lagun bolondresek nahikoa dute milaka tragu ateratzearekin eta egiturak eta panelak muntatu eta desmuntatzearekin. Era berean, txosnak dira jai herrikoiak, eta partehartzaileak izaten jarraitzeko behar dugun azpiegitura ezinbestekoak», adierazi dute gaurko prentsaurrekoan Aritz Zabala eta Josu Fernandez Bilboko Konpartsak federazioko bozeramileek.
Txinparta Feminista konpartsaren txosna berria
Aurten, ongi etorria eman diote Txinparta Feminista konpartsaren txosnari jaigunean. Azaldu dutenez, Txinpartak denbora luzea darama Bilboko Konpartsetan «buru-belarri lanean, eta gainerako konpartsekin elkarlanean eta giro onean primeran moldatzeko gaitasuna erakutsi dute». «Seguru gaude ekarpen ederra egingo dutela», nabarmendu du Zabalak.
Bestalde, Bilboko Konpartsak federazioak argi utzi txosnak eta, oro har, txosnagunea, «aterpe gozoak» direla, «edozein eratako indarkeria matxista, arrazista, homofobo, xenofobo edo euskarafoboren aurrean babesa aurkitzeko toki seguruak». «Ez dugu erasorik onartuko», azpimarratu dute.
Astelehenean Aste Nagusirako programazioa aurkeztu zuten. Adin guztietarako 600 ekitalditik gora antolatu dituzte: Kontzertuak, bazkariak, waterpolo, piraguak, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, xakea, mus, saskibaloia 3x3, skate...
«Txosnak izango dira behin-behineko herrixka hau osatuko duten etxeak eta, bertan, bilbotarrek eta inguruko bisitariek jateko, edateko, ikasteko eta gozatzeko eskaintza zabala aurkituko dute. Kontziente gara esfortzu, lan eta borondate handia behar direla txosnak eta Aste Nagusia eraikitzeko, baina esperientzia neketsua bezain polita da. Hortaz, borondatezko espiritu parte-hartzailea duten pertsonak eta taldeak konpartsetan zein Federazioan parte hartzera animatzen ditugu».