Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hiru estropaden faltan, Arraun Lagunak Ligako txapeldun da Hondarribian 13. bandera irabazita

Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak eta orain arteko Ligako 13 bandera irabazi dituzte donostiarrek. Larunbat honetan, Hondarribian, beste erakustaldi bat eskaini dute eta falta diren hiru probetan ere garaipena erdietsi nahi dute.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, Hondarribian garaipena ospatzen.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, Hondarribian garaipena ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Itxoitea besterik ez zen behar. Arraun Lagunak-ek Liga noiz irabazten zuen bakarrik ikustea falta zen. Bada larunbat honetan gertatu da, Hondarribiko uretan. Bertan, urteko 13. bandera eskuratu dute gipuzkoarrek –16.a Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak kontuan izanda–, oraindik Euskotren Liga amaitzeko hiru estropada falta direnean.

Ikusgarria izaten ari da Arraun Lagunak-en urtea. Gaurkoarekin, hirugarren Euskotren Liga da Donostiako taldearentzat. Baina ez dute hor geratu nahi eta denboraldiko bandera guztiak astindu nahi dituzte, historian inork lortu ez duena. Horretarako, igande honetan, Pasaian, beste hitzordu bat izango dute eta hurrengo asteburuan Zarauzko bi jardunaldiak faltako lirateke.

Arraun Lagunak-i ezin dio inork harrapatu, ez sailkapen nagusian ezta uretan ere. Larunbat honetan 14 segundoko aldeagatik irabazi dio Donostiarrari eta 23 segundogatik Tolosaldea aurkari zuzenari. Orio laugarren izan da eta etxean aritu den Hondarribia, bosgarren.

Lehen txandan: Hondarribia, etxean nagusi

Hain zuzen ere berdeak, lehen txandan aritu diren bakoitzean, oso nabarmen gailendu zaie aurkariei aurreko estropadetan. Gaur, ordea, nahiz eta etxean jokatu, zaleen aurrean, asko kostatu zaie txanda irabaztea. Miren Garmendia patroiak hala adierazi du, behintzat, kameren aurrean.

Eta hala izan da. Egia da nabarmen izan direla aurretik oso ondo ezagutzen duten estropada eremuan. Hondartzan itsasoa nahiko bare bazegoen ere, kanpokaldean olatu gehiago altxa dira eta gehiago kostatu zaie trainerua maneiatzea. Aurkari bat izan dute, Cabo, zeinek oso ziaboga ona egin duen Hibaikari pasatzeko eta etxeko ontziari presioa sartzeko. Ez da nahikoa izan eta txandako garaipena etxean geratu da.

XVI. Txingudiko Bandera:

1. Arraun Lagunak 10:57.80
2. Donostiarra 11:12.32
3. Tolosaldea 11:21.40
4. Orio 11:32.38
5. Hondarribia 11:42.98
6. Cabo 11:45.76
7. Hibaika 11:54.96
8. Tiran 12:13.56

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 104 puntu
2. Tolosaldea 79 p.
3. Orio 75 p.
4. Donostiarra 75 p.
5. Hondarribia 55 p.
6. Hibaika 34 p.
7. Cabo 30 p.
8. Tiran 16 p.