Udan zehar Hego Euskal Herriko herri eta hiri askotako jaietan egin duten bezala, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak Bilbon ere mobilizazioa egingo du. Kasu honetan, jaia lehertu aurreko egunean izango da manifestazioa, ostiral honetan, ‘Aste Nagusian, Israel borrokatu’ lelopean. Arratsaldeko 19.00etan abiatuko da, Eliptika plazatik.
Era berean, hilaren 17an, 20an eta 23an, 12.00etatik 14.30era materiala saltzen egongo dira Zazpi Kaleetako Zamudioko Portalean.
Palestina Elkartasunak Bilboko Konpartsekin batera egindako agerraldi batean, Josu Lagos eta Inmaculada Gracia ekimeneko kideek jakinarazi dute Hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiritako jai batzordeekin «zenbait proposamen» landu dituztela Palestinak «presentzia izaten jarrai dezan» udan zehar, aldarrikapen hauek ikustarazteko: «Palestina aske baten aldeko eta herri palestinarraren erresistentziarekiko elkartasuna; Israelen eta harekin elkarlanean dihardutenen aurkako jarrera; eta Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioari eta errepresioari aurre egitea.
Horrez gain, elkartasunezko ekimenak hainbat material jarri ditu konpartsen eskura, hala nola «palestinar herriaren borrokaz hitz egiten duten Palestinako eta Euskal Herriko abestien musika zerrenda bat, eta banderak, pegatinak eta kartelak, Palestina jai gunean presente egon dadin». Hori guztia helburu batekin: «Palestinaz hitz egiteari ez uztea».