CONTENU SPONSORISÉ

Jaietako suziria lehertzeko zain dira Mañarian, Portugaleten, Deban eta Laudion

Abuztuaren ekuatorea parrandaz parranda igarotzeko lau aukera daude asteak erdian. Bizkaian andramariak eta sanrokeak ospatuko dituzte, hurrenez hurren, Mañarian eta Portugaleten, eta santu haren omenezkoak ere Deban eta Laudion. Arrazoia dena dela, emaitza bera da: festa giroz betetako egunak.

 Pil-pil erako Bakailaoaren Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Portugaleteko jaietan.
Pil-pil erako Bakailaoaren Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Portugaleteko jaietan. (Monika Del Valle | Foku)

Andra Mari egunaren bueltan ospatzen dituzte Mañariko jaixek. Asteazkenean, hilak 14, Pitxitxi maskota herrira bueltatuko da, berarekin festa dakarrela. Trikitilariek alaituta, hari ongietorri harrera egin ondoren, herriko gazteek botako duten suziriak, kanpai hotsak eta Pitxitxiren igoerak abiaraziko dute larunbata arte, hilak 17, luzatuko den ekimen zerrenda.

Ordura arte, Jai Batzordeak antolatutako askotariko jardueraz gozatzeko aukera izango dute mañariarrek. Musika, karta jokoak, gastronomia, kirola, haurrentzako jolasak... Zenbait erritmotara dantza egiteko aukera emango dute gauak girotuko dituzten Aguraingo Dupla eta Zuberoako Xiberoots taldeen kontzertuek, DJ Kukuren emanaldiak, Mariachi Imperial-Elegancia Mexicanaren doinuek eta Lehian! plaza taldearen erromeriak.

Andra Mari egunean pilota partidak eta herri kirolak dira hitzordu esanguratsuenak. Lau t’erdiko partidan Etxebarria II eta Iribarren ariko dira nor baino nor, eta ondoren, binakako partiadan, Aingeru Bernaola mañariarrak Victor Esteban pilotari profesional ohiarekin Arteaga II-Merino II bikotearen kontra jokatuko du. Arratsaldean, berriz, Haritz Aranguren, Urdax Magunazelaia, Ioritz Gisasola eta Karmele Gisasolak parte hartuko dute herri kirol erakustaldian.

Agurraren aurretik, mozorroen eguna ospatuko dute ostiralean, hilak 16. Aurtengorako gaia artea da. Horri lotuta bakoitzari bururatutakoa jantzita aurre egingo diote azken jai egunari mañariarrek. Besteak beste, paella eta briska txapelketak parte hartzeko aukera dute Pitxitxiri datorren urtera arte esan aurretik. Eta amaiera triste izan ez dadin, erromeria.

Mañariko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Mañariko Udala

Festa aurreko luzea izan badute Portugaleten, ez da makala izango sanrokeek dakartena. Izan ere, 100dik gora ekimen eta 25 musika ekitaldik osatzen baitute asteazkenetik larunbatera, hilaren 14tik 17ra, doan egitaraua.

Asteazken arratsaldean, hilak 14, lehen ordutik ekimenak izango badira ere, kalez kale ibiliko den musika animazioak txupinazorako giroa piztuko du. Udaletxe aurrean, ohorezko aurreskua dantzatuko diete txupineroei eta pregoilariari, eta 20:15ean El Abra Fundazioko lehendakari Rubén Las Hayasek pregoia esan, eta Etzi-Damu kuadrillako Estibaliz Vitores Moranek eta Izarra elkarteko Urtzi Heredia txupinero txikiak etxafuegoa jaurtiko dute.

Kale girotzeaz haratago, gaueko kontzertu nagusiak bi gunetan egingo dituzte: Riala Industria Museoaren Zabalgunean eta San Roke plazan. Lehenengo eszenariora igoko dira, hurrenez hurren, Zetak eta DJ Nano; Doctor Deseo, DJ Soto eta DJ Alf; Doctor Queen; Rulo y la Contrabanda; beste agertokian, berriz, Banda la Central, Golde Apple Quartet, Héroes de la Antártida eta Dos pájaros y un trío ariko dira. Gainera, arratsaldetan emanaldiak egingo dituzte plaza horretan, baita kioskoan ere. Bertan, besteak beste, banda musika, rantxerak, jotak eta abesti ezagunen bertsioak entzuteko aukera izango da.

Gastronomia zaleek ostegunean, hilak 15, badute non aukeratu: Pil-pil erako Bakailaoaren Euskadiko XXXIII txapelketa, baratxuri zopa edota sagardo eta txorizo dastaketa. Azken egunean ere, paella mistoa dastatzeko aukera izango dute.

Ostiralean, hilak 16, San Rokeren prozesioa, ohorezko aurreskua eta herri bajaldiaz gain, Euskal Jaia ospatuko dute. Hala, bikote mistoetan herri kirolen erakustaldia egingo dute Orube plazan, kale animazioa trikitilariekin eta odolki dastaketa. Azken egunean, aldiz, haurren bajaldia eta haiei bideratutako egitaraua dira nagusi.

Eta hori dena gutxi balitz, egunero, haur parkea, Erdi Aroko azoka, familientzako antzerkia, musika animazioa, gazteentzat jolasak eta jarduera, kuadrilla arteko probak... izango dira jarrilla erre eta amaierako trakaren aurretik.

Portugaleteko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Mercería Bigistak

Herriko plaza beteko dute laudiotarrek jaiei ongietorria emateko. (Oskar Matxin/Foku)
Herriko plaza beteko dute laudiotarrek jaiei ongietorria emateko. (Oskar Matxin/Foku)

Laudiokoak ere sanrokeak badira ere, Ama Birjinaren egunean, hilak 15, hasiko dira. Haiek iragartzeko pregoia, hala ere, bezperan irakurriko du herriko gaitero taldeak. Ainize Gastaka alkatearen esanetan, aukeratuak izan dira herriaren "nortasun kulturalaren parte den tresna hori berreskuratzeko" taldea sortu izana aitortzeko. Ondoren, ardo fora tradizionala, egingo dute, baina elizako portikoan beharrean, udaletxe zaharraren atarian izango da. Biharamunean, eguerdian, hiru hamarkada osatu izana ospatzen ari den Itzela kuadrillako kideek lehen suziria botako dute.

Suziri Jai Batzordeak antolatutako egitarau oparoa "askotarikoa eta denei begirakoa" da. 160 ekitaldi bederatzi egunetan, Roketxuren erreketa arte: 70 musika emanaldi, 30 bat haurrentzako ekimen, 20 kultur ekitaldi baino gehiago, 15 gastronomiko, bost entzierro eta hamar diziplinatako kirol jarduerak. Festen lehen erdia, larunbatera arte helduko da, hilak 17, eta etenaldi baten ondoren, hilaren 21ean jarraituko dute hilaren 25a arte.

Ez dira faltako herri kirolak, lehiaketa gastronomikoak, ohiko beste txapelketak... Eta jai giroa ziurtatuta egongo da kaleetan, herriko txistulari, trikiti eta dultzainero taldeekin; baita kuadrillen arteko jolas, kalejira eta musikarekin. Gainera, berritasunak dira apar festa, hilak 15, 5 eta 16 urte arteko herritarrentzako paellada beganoa eta Beldurrezko lehen ibilaldia, hilak 17, eta auto klasikoen, kirol autoen eta berezien elkarretaratzea, hilak 18.

Halaber, edozein jaietan ezinbestekoa da musika eta oso presente dago egitarauan. Gaueko emanaldiak hiru gunetan egingo dituzte. Herriko plazan, Formula V eta Tremenda Jauria, Pirulo Show eta Estrella del Norte taldeek joko dute; Zumalakarregi etorbidean, berriz, El Drogas, Boney M eta Zetak; eta txosnetan, Akerbeltz, Iratzar, Oki Moki, Ithaka, Txopet, Nakar BOTH, Moonshine Wagon...

Laudioko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Laudioko Udala, Pinturas Reguera, Eska Ocasión, Amets Taller de Mecanizado

San Rokeri zapi gorria jantzi, txupina bota eta kanpaien errepikarekin festan murgilduko dira Deban, hilaren 14an. Aitzuri abesbatzak piztuko du suziria bere 30. urteurrenari aitortza gisa, eta igandera arte, hilak 18, jaia nagusi izango da.

Gipuzkoako kostako herriak zezenekin duen loturaren erakusgarri dira entzierroak, zezenketak eta enbolatuak. Ostiralean eta igandean, hilak 16 eta 18, zezenen aurreko korrikaldia lehen orduan aurrera eramango dute, larunbatean, hilak 17, aldiz, arratsaldean, enbolatuekin. Umeen egunean haurrek ere aukera izango dute, baina, noski, karretoiekin. Hilaren 15ean izango da eta txikienak lanpetuta ibiliko dira beraien egun handian: jolasak, antzerkia, bazkaria, playback lehiaketa...

San Roke egunean, hilak 16, santua agurtu ondoren, prozesioan joango dira ermitara, eta gauean, Pirotecnia Vulcanok hondartzan egingo duen su festaz gozatuko dute. Biharamuna,  Mariñel eguna, Kardantxulo kantuan hasiko dute eta Larrain dantza herrikoian amaituko.

Herri kirolen zaleek aukera aparta dute igandean, hilak 18. Berasaluze plazan, aizkoran ariko dira Karmele Gisasola eta Kimetz Oñederra, eta harria jasotzen, Unax Iruretagoiena. Ondoren, Plaza Zaharrean, aizkoran, Iker Vicente eta Ugaitz Mugerza, harria jasotzen, Urdax Magunazelaia; eta ia ordu berean Arakistain plazan, Maddi Gesalaga eta Goizeder Abendibar harria jasotzaileen erakustaldia. Arratsaldean, Salvador Martinez Lizarrako gaiteroa omenduko dute.

Gazte Asanbladak ere zenbait ekimen antolatu ditu egunotarako: Presoen aldeko brindisa, zezenketen aurkako elkarretaratzeak, Palestinarekin elkartasun argazkia, kuadrillen ateko jokoak eta bertso saioa. Gauetan, gainera, zuzeneko musika egongo da Zumardiko karpan. Mugi Panderoa, Herdoil, Malakias Mx3, DJ Kerco, Mariachi Real de Jalisco, J Martina eta Dupla ariko dira.

Debako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Aittola Harategia