Joseba Etxeberria: «Gure lanari esker helburua murriztu behar ez izatea da gure asmoa»

Eibarko entrenatzaileak pozik dago osatutako taldearekin eta iaz erakutsitako joko ofentsibo eta alaiarekin jarraitu ahal izango duela espero du. «Taldearen errendimendua» eta «aurkarien benetako maila» ikustear dago baina baikor eta ilusionatuta agertu da denboraldiak eman dezakeenarekin.

Joseba Etxeberriak denboraldiko lehen prentsaurrekoa eskaini du.
Joseba Etxeberriak denboraldiko lehen prentsaurrekoa eskaini du. (SD Eibar)

Ekainekoa kolpe latza izan zen «baina erreseteatu dugu», adierazi du Joseba Etxeberriak, Castellonen bisita hartu aurreko denboraldiko lehen prentsaurrekoan. Argi dago, bere diskurtsoari jarraituta, iaz bezain ilusionatuta eta baikorra agertu baita Eibarko entrenatzailea. Izan ere, murrizketek taldearen helburuetan eraginik ez izatea espero du.

«Oso ilusionatuta gaude –esan du–. Kolpe handia hartu genuen baina bidean oso une onak bizi genituen eta taldearekin asko disfrutatu genuen. Eta orain gogotsu gaude, kolpeari buelta eman diogu oporrak eta gero, talde on bat egin dugu, aurredenboraldi on bat, eta orain zelaian erakusteko unea heldu da».

Ohiturari helduz, Etxeberena da kluban topa daiteken ahots anbiziotsuena. «Asko hitzegin da udan murrizketei buruz, denok estutu behar garela… Baina orain gure unea da eta gure asmoa da gure lanari esker helburua murriztu behar ez izatea». Oinarria jarrita dago, entrenatzailea «pozik» dagoelako egindako plantillarekin baina anbizioari irtenbidea emateko «taldearen errendimendua lehian eta gure aurkarien benetako maila zein den pixkat bat ikusi behar» duela onartu du. «Baina denekin joango gara hasieratik, talde on bat izateko arrazoiak ditugula uste dudalako. Ondo bagaude, edozein aurkari menderatzeko gai izango gara aurten ere. Eta, halaber, ondo ez bagaude izugarri kostatuko zaigu edozeinen kontra lehiatzea, aurkari oso indartsuak eta berdintasun handia daudelako».

Taldea dezente aldatu da baina teknikari elgoibartarrak gustokoa du gazteen eta eskarmentuko jokalarien artean lortu den oreka. «Maila eta lanbidea ezagutzen duten eta, batez ere maila emozionalean, kudeatzen dakiten jokalarien babesa garrantzitsua izango da alde batetik. Eta gazteek, bere aldetik, haize freskoa eta ilusio handia dakarte». Ez da euren ekarpen bakarra izango. «Ez diogu jaiotze datari begiratzen. Errendimenduari eta jokalariek hobeak izateko duten goseari begiratzen diogu. Eta jende gazte berriak eta filialetik etorri direnek erakusten ari direna gustatzen ari zaigu. Eurek argi dute, postua lehiatu behar dute eta prest daudela uste dut».

Beraien artean, Ander Madariaga eta Hodei Arrillaga. Gazteen aldeko apostua ohizkoa izan bada Eibarren, ez da gauza bera gertatu harrobiaren ekarpenarekin. Aurten bi dira, gutxienez, noizbehinkako minutuak baino partehartze handiagoa izan dezaketen jokalariak. «Hodei eta Mada gurekin geratuko dira, seguru», berretsi du Etxeberriak. «Gainontzekoekin oraindik ez dakigu, merkatua zabalik dagoelako eta egoera desberdinetarako prest egon behar garelako. Baina Mada eta Hodei ondo ezagutzen ditugu, iaz ere lehen taldearen dinamikan egon zirelako. Aurten filialeko dortsala izango dute baina lehen taldeko jokalariak izango dira. Ea protagonista izan badaitezkeen denboraldian, klubarentzat ere garrantzitsua dela uste baitut. Harrobiko jokalariak klubaren ondarea dira», azpimarratu du.

Beteranoen, gazteen eta etorri-berrien artean, «talde polita» osatu dela uste dut teknikari armaginak. Eta aldaketa dezente egon den arren, jokoa antzekoa izango dela aurreratu du. Berdin-berdina ez, berriz. «Ideia orokorra berdina izango da ni entrenatzaile naizen bitartean, oso argi daukadalako nola jokatu nahi dudan. Baina azkenean aktoreak jokalariak dira eta desberdintasunekin lan egin behar dugu, gurera moldatzeko eta, aldi berean, jokoaren atal zehatz batzuetan aldaketak eginez», azaldu du. Edozein kasutan, «talde alaia izaten jarraituko dugu. Konparaziak ez zaizkit larregi gustatzen baina iazko taldearekin konparatuta, barruko joko pixka bat galdu dezakegula uste dut baina etorri diren jokalariekin, batez ere azken laurdenerako, talde bertikalagoa, dinamikoagoa eta sakonagoa izan gaitezkela uste dut. Gainera, Bautista bezala jarraitzen duten jokalariek eta etorri direnek mentalitate golegilea dute».

Horrekin ez da nahikoa, iaz ikusi zen bezala, eta, bere taldeek «beti jaso dituzte golak baino gehiago sartu ohi» dituztela gogoratu arren, Etxeberriak oreka bilatu behar dela azaldu du. «Institu golegilea duten jokalariak ditugu baina, beti esaten dugun bezala, jokoaren bidez saiatu behar gara eurentzat aukerak sortzen. Eta, era berean, defentsan indartsuak izateko, jokalari horien konpromisoa behar dugu ere. Aurreko denboraldiko azken herenean hobekuntza hori ikusi genuen taldean eta orain ere gogor ari gara lanean norabide horretan».

Fitxaketak eta irteerak

Etxeberriak, azkenik, merkatuan oraindik mugimendiak egon daitezkela esan du. «Fitxaketa bat edo bi» egin nahi du Eibarrek «eta Kirol Zuzendaritza gogor ari da lanean».

Kopurua handiagoa izan beharko luke irteerak egongo balirateke. Juan Berrocal Getafetik oso gertu omen dago eta, azken egunetan moteldu badira ere, zurrumurru asko egon dira Matheusen eta Cristianen inguruan. Etxeberriak ez du izen propiorik aipatu eta, gainera, lasai agertu da balizko irteerei buruz erantzuterakoan. «Gure futbolariek oso klausula altuak dituzte. Beraz, irteerak badaude, Eibarrek horrela nahi duelako izango da eta, beraz, klubarentzat operazio ona dela esan nahiko du. Jokalari batek alde egiten badu, ordezko on bat bilatuko dugu», amaitu du.