NAIZ

Arraun Lagunak eta Urdaibaik lehen kolpea eman dute Zarautzen, poparean nagusituta

Arraun Lagunak eta Urdaibaik lehen kolpea eman dute Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian, larunbat honetako estropadan nagusitu ostean. Igandeko jardunaldian, ligako bi ontzi nagusienak abantailarekin abiatuko dira (8 eta 4 segundo) denboraldiko bandera preziatuenetako bat irabazteko borrokan.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, aurtengo garaipen bat ospatzen.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, aurtengo garaipen bat ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraun Lagunak-ek denboraldiko 15. estropada irabazi du, lehiatu dituen guztiak. Orain arteko 14 banderak ere irabazi ditu eta bihar, Zarauzko bigarren jardunaldian, hamasbogarrena astindu dezake, Euskotren Ligako guztiak bereganatzeko erronka beteta. Are gehiago, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak ere bereak dira aurten, txapelketa erregularra hasi atarian lehiatutakoak guztiak.

Itzelezko nagusitasuna erakutsi du ‘Lugañenek’ aurten. Zenbait estropadatan sufritu du baina poparean azken metroetan ateratako indarra gaindiezina izan da. Lugañene bere horretan izan da gaindiezina eta bihar, balentria borobildu dezake. Pasa den astean jada ziurtatu zuen bere hirugarren Euskotren liga –Oriorekin berdindu du– eta asteburu honetako erronka Zarauzko ikurrina preziatua irabaztea eta hala, bandera guztiak etxeratzea da.

Erronka horretarako lehen kolpea ere eman du larunbat honetan, lehendabiziko jardunaldian nagusitu eta bigarrenarekiko zortzi segundoko abantaila eskuratuta. Hala, bihar, beste ikurrina bat astintzeko borroka horretan errenta apurra edukiko du. Dena dela, Arraun Lagunakeko eskifaiak plenoa egin nahi du, benetako plenoa eta biharko estropadan ere garaipena bilatuko du.

Garaipena bilatu duen moduan larunbat honetan, ohorezko txandarako itsasoa apur bat gaiztotu denean. Gaiztotze horretan onuradun handiena Hondarribia izan da, lehen txandako irabazlea eta ohorezko txanda azken metroetan sartu denera arte, garaipena berea zen. Hala ere, azken metroetan, azken 700 metroetan hain justu, Arraun Lagunak-ek estutu egin du eta azkenerako, hamar segundoko abantaila atera dio Hondarribiari.

Azkenerako, Orio izan da bigarren, zortzi segundora eta une batean, Lugañeneri garaipena galaraziko ziola zirudien beste hautagaia zen. Horrek ematen du aditzera nolako azken metroak egin dituen Arraun Lagunak-ek, Zarauzko itsasoaren gaiztakeria erabat menderatuta. Aurten, edozein eremutan egin duen legez; Tolosaldeak estutu, Oriok estutu edo Donostiarrak estutu, poparean sufritu duen une eskasetan garaile ateratzen jakin izan baitu.

Igande honetan, Zarauzko ikurrinaren lehian, liga txapeldunarekin batera ariko dira ohorezko txandan Orio, Hondarribia eta Donostiarra. Tolosaldea, berriz, lehen txandan arituko da, Cabo, Hibaika eta Tiranekin.